Laudion emakume bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, kilo erdi speedekin harrapatu ondoren

0

Atzo, asteartea, goizeko hamaika eta erdiak aldera, Laudioko Ertzain-etxeko ertzainek auto batean zihoazen bi pertsona identifikatu zituzten Laudio inguruan, debekatutako leku batean gelditu ondoren. Aurretik, patruilak ikusi zuen kopilotuaren eserlekuan zegoen emakumea motxila batekin sartu zela autoan, eta, ondoren, gidaria berehala abiatu zela, herrigunean baimendutakoa baino abiadura handiagoan zirkulatuz.

Biei beharrezko dokumentazioa eskatu ondoren, auto barrua miatu zuten, eta emakumeak bere motxilan zeramatzan gauza pertsonalen artean aurkitu zuten ontzi batean speed kopuru esanguratsu bat zegoen, gero egiaztatu ahal izan zutenez 660 gramo, bai eta hainbat marihuana kukulu ere. Horren aurrean, eta dagozkion frogaketak egin ondoren, emakumea droga-trafikoa leporatuta atxilotu zuten.

Auto barruan substantzia sorgorgarri beraren beste dosiren bat eta borra luzagarri bat ere aurkitu zituzten, eta gizona osasun publikoaren aurkako delitu batengatik ikertu zuten eta debekatutako arma edukitzeagatik zehatzeko proposamena egin zuten.

Atxilotua espainiar nazionalitateko 21 urteko emakumea da, eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak hasteko, epailearen eskuetan jarri aurretik.