- Unitate berriak Osakidetzaren gaitasun asistentziala indartuko du, eta aukera emango du Euskadin eta haren inguruan tumore konplexuak dituzten paziente pediatrikoen eta helduen arreta hobetzeko
- Azpiegiturak 61 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa suposatuko du Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, eta minbiziaren tratamendu erradioterapikoaren abangoardian jarriko du Euskadi
- Etorkizuneko Euskadiko Protonterapia Unitateak indartu egiten du euskal osasun-sistema publikoak berrikuntzaren, teknologia berriak sartzearen eta onkologian erreferentziazko azpiegiturak garatzearen alde egiten duen apustua, Osasunaren Euskal Itunaren konpromisoekin bat etorriz
Osakidetzak urrian instalatuko du Donostiako Unibertsitate Ospitalean dagoen Euskadiko Protonterapia Unitateko ekipoa, eta 2028ko urtarrilean lehen pazienteen tratamendua hastea aurreikusten du. Azpiegiturak, 61,38 milioi euroko inbertsio globalarekin, euskal sare publikoaren gaitasun asistentziala indartuko du, eta Euskadi minbiziaren tratamendu erradioterapikoaren abangoardian kokatuko du. Era berean, euskal osasun-sistema Europako aurreratuenetako bat izango da onkologia erradioterapikoaren eremuan.
Hala azaldu dute gaur goizean Osakidetzako Osasun-azpiegituren zuzendariordea den Unai Zuluetak eta Onkologiako Kudeaketa Klinikoko Unitateko burua den Txema Urracak. Komunikabideekin batera bisita bat egin dute ekipamendu hori egongo den eraikin berriaren obren egungo egoera ikusteko.
Unitate berriak, gainera, EAEko eta inguruko pazienteen arreta hobetzen lagunduko du, eta erreferentziazko baliabide bat finkatuko du zehaztasun eta toxikotasun handieneko tratamenduetarako.
Euskadiko Protonterapia Unitatea abian jartzea, gainera, EAEko Osasun Itunaren ildo estrategikoen barruan dago bete-betean. Itun horrek berrikuntza bultzatzearen, osasun-sisteman teknologia berriak sartzearen eta azpiegitura moderno, irisgarri eta ondo koordinatuak garatzearen aldeko apustua egiten du. Gainera, proiektuak arreta onkologikoa baliabide aurreratuagoekin indartzeko lehentasunari erantzuten dio, tratamenduen zehaztasuna eta minbizia duten pertsonentzako arretaren kalitatea hobetzeko gai diren baliabideekin.
Azpiegitura estrategikoa
Unitate berria Osasun Sailaren eta Osakdetzaren proiektu estrategiko bat da, Euskadin minbizia tratatzeko; izan ere, zehaztasun handiko teknologia bat du, tumorea modu lokalizatuagoan tratatzeko eta ehun osasuntsuen gaineko kaltea murrizteko aukera ematen duena. Abantaila hori bereziki garrantzitsua da tumorea organo delikatuetatik gertu dagoenean edo tratamenduaren albo-ondorioak murriztu nahi direnean.
Protonterapiak zabaldu egiten ditu ekipo medikoetarako dauden aukera terapeutikoak, eta tratamendu pertsonalizatuagoak, zehatzagoak eta seguruagoak ematen ditu. Kasu askotan, pediatriako pazienteei eta tumore konplexuak edo lokalizazio zailekoak dituzten helduei ematen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko du.
Onkologia erradioterapikoa minbizia diagnostikatu zaien pertsonen % 60 ingururen tratamenduaren parte da, eta sendatzeko xedea du, bakarrik edo kasuen %40 inguruan, beste tratamendu batzuekin konbinatuta. Unitate horrekin, Osakidetzak beste tresna bat gehitu du paziente bakoitzari hobeto egokitutako tratamenduetarantz aurrera egiteko.
Obren eboluzioa
Osakidetzak aurrera egiten jarraitzen du etorkizuneko Euskadiko Protonterapia Unitatearen eraikuntzan, ezarritako epeen barruan. Gaur aurkeztutako kronogramaren arabera, ekipamendua jasotzeko behar den obra uztailean bertan osatuko da. Protonterapia-sistema urrirako bidaltzea aurreikusita dago, orduan iritsiko baita Donostiara, eta obra guztiak 2027ko abuztuan amaituko dira. Ondoren, instalazioaren, baliozkotzearen, eskuduntzearen eta baimenaren faseak garatuko dira, behin prest dagoenean abian jartzeko.
Espazioak eta ekipamendua
Etorkizuneko unitateak 8.287 metro karratuko azalera eraikia izango du, lau solairutan banatuta. Bertan protonterapia-tratamendurako gela bat egongo da, etorkizunean bigarren instalazio bat jartzeko erreserbatutako espazioarekin, bai eta plangintza- eta diagnostiko-eremuak, pazienteak prestatzeko eremuak, mediku-kontsultak, laguntza-espazioak eta gela teknikoak ere.
Bisitaldian, dagoeneko bukatuta dauden eta ekipamendua jartzeko prestatuta dauden eremuak bisitatu dituzte parte-hartzaileek. Goiko solairua ere bisitatu dute. Bertan daude hotza ekoizteko ekipoak eta eraikinari zerbitzua emango dioten klimatizagailuak, baita sotoa ere, non protoi-azeleragailua egongo den bunkerra dagoen. Azkenik, gonbidatuek erresonantzia magnetikoa eta eskanerra ezarriko diren aretoak ikusi ahal izan dituzte, baita foyer handia eta eraikinera sartzeko eta irteteko eskailera ikusgarria ere.
Pazienteak eta erabilera klinikoak
Protonterapia bereziki egokia da nerbio-sistema zentraleko tumore pediatrikoetan, hozi-zeluletako tumoreetan, kordometan, kondrosarkometan, sarkometan, erretinoblastometan eta erradioterapia konbentzionalaren aldean abantaila klinikoa ekar dezaketen beste prozesu onkologiko batzuetan. Helduetan, garezurraren oinarriko, buruaren eta lepoaren eta begi-tumoreetan ere erabil daiteke, baita garuneko eta zati bigunetako tumore jakin batzuetan ere.
Gainera, teknika erabilgarria izan daiteke egoera berezietan, hala nola birirradiazio konplexu batzuetan, arrisku handiko sindrome genetikoak dituzten pazienteetan, ugalkortasuna zaintzea garrantzitsua den kasuetan edo fetuaren dosia murriztea komeni den paziente haurdunetan.
Euskadiko Protonterapia Unitatea erabat integratuko da Donostia Unibertsitate Ospitaleko jarduera asistentzialean, eta koordinatuta lan egingo du Onkologia Erradioterapikoko, Erradiofisikako eta Babes Erradiologikoko zerbitzuekin, bai eta Osakidetzako gainerako zerbitzu-erakundeekin ere. Protonterapiako estatu-sareetan parte hartzea ere aurreikusten du proiektuak, ikerketa, berrikuntza eta profesionalen prestakuntza bultzatzeko helburuarekin.
Euskadiko Protonterapia Unitatean 61,381 milioi euro inbertituko dira guztira Osasun Saila eta Osakidetzaren partetik, eta Euskadi minbiziaren tratamendu erradioterapikoaren abangoardian egongo da, teknologia hori duen lehen autonomia-erkidegoetako bat baita.
Amancio Ortega fundazioaren laguntza jaso du ekimenak, eta 280 milioi euroko ekarpena egin du hamar protoi-azeleragailu erosteko eta hamar erkidegotan instalatzeko beharrezkoak diren beste zerbitzu batzuk emateko. Ekipamenduak Galizian, Katalunian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Madrilen, Andaluzian, Valentziako Erkidegoan eta Kanariar Uharteetan kokatuko dira.






