María Jesús San José sailburuak Cuelgamuros Haranean identifikatutako laugarren euskaldunaren gorpuzkiak familiari emateko ekitaldian parte hartu du

0

María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Florencio Fernández de Larrinoa Martínez de Zestaferen gorpuzkiak familiari emateko ekitaldian parte hartu du gaur eguerdian, Gasteizko Gobernuaren ordezkariordetzan.

Cuelgamuros Haranean berreskuratu eta identifikatu den laugarren euskalduna da. Kasu horietan guztietan, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak beharrezko laguntza eman die familiei Ondare Nazionalaren aurrean gorpuak hobitik ateratzeko baimena izapidetzen, eta lagin genetikoak hartzea finantzatu eta erraztu du, erkaketa egin eta gorpuzkiak identifikatzeko.

Gogora babes-jarduera horietaz arduratu da 2018az geroztik eta, behin, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartuta, 2023ko irailean, lan hori legeak Gogorari emandako eskumenetan kokatzen da.

Jarduera-esparru horretan, orain arte, 51 euskal familiak lortu dute Ondare Nazionalak emandako desobiratze-baimena.

Florencio Fernández de Larrinoa Martínez de Zestafe Okoiztan (Araba) jaio zen, Zigoitiko kontzeju batean, 1911ko maiatzaren 11n. Altxamendu militarra gertatu eta gutxira, 1936ko abuztuan, mobilizatu egin zuten eta matxinatutako armadaren 5. Flandesko Mendi Batailoian sartu zen.

Bere unitateak Bizkaiko ofentsiban parte hartu zuen eta bertan hil zen 1937ko ekainaren 15ean Diman (Bizkaia). Arabako hiriburuko Santa Isabel hilerrian hobiratu zituzten haren gorpuzkiak. 1959ko martxoaren 23an, gorpuzkiak hobitik atera eta Cuelgamurosera eraman zituzten.

Azken horrekin, lau dira Cuelgamuros Haranetik gorpuzkiak berreskuratu, identifikatu eta euren familiei bueltatutako euskaldunak. Hona hemen aurreko kasuak:

  • Constancio Allende Sancho, Vallarca de Burebakoa jaiotzez (Burgos) eta Gasteizko bizilaguna
  • Jose Arregi Lasa, Gabiriakoa (Gipuzkoa)
  • Cecilio Ruiz de Loizaga Urigoitia, Mundaka (Bizkaia)

Lau kasuetan, gorpuzkiak banakako kutxetan hobiratuta zeuden, eta horrek identifikazioa erraztu du.

Gogorak ikerketa-txosten[1] bat argitaratu zuen 2019an, Eusko Legebiltzarrak eskatuta, Cuelgamuros Haranera eramandako euskaldunen kasuak eta lekualdatze horiek zein egoeratan ziren argitzeko.

Gorpuak lurpetik ateratzeko eta familiei entregatzeko lanak Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzak egiten ditu, erakunde horrek Cuelgamuros Harana memoria-leku zibil bihurtzeko zuzentzen dituen jardueren esparruan.

[1] Ikerketa ikusteko:

https://www.gogora.euskadi.eus/contenidos/informacion/gogora_dokumentuak/eu_def/INFORME%20VALLE%20DE%20LOS%20CAIDOS%20EUSK.pdf