Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Kabiezesko Anbulatorioko langileek parte hartu dute gaur egin den eguzki-babesari eta larruazaleko minbiziaren prebentzioari buruzko sentsibilizazio-jardunaldian, zeina Mikel Trueba kiroldegian dauden Santurtziko udal-igerilekuetan egin baita.
Minbiziaren Aurka Bizkaian elkarteak antolatu du jarduera, Santurtziko Udalarekin lankidetzan, eta parte hartu dute Kabiezesko Anbulatorioko Dermatologiako kontsultako nahiz Erizaintza Komunitarioko langileek, hala nola Livia Llorcak eta Rubén Cantalapiedrak, eta arreta eman diete instalazioen sarreran jarri den informazio-mahaira hurbildu direnei.
Jardunaldian, langileek informazio praktikoa eman dute eta, besteak beste, gai hauek izan dituzte hizpide: fotobabeseko ohiturak, eguzkitako kremen erabilera, eta larruazaleko minbizia goiz detektatzeko larruazalaren automiaketa egiteak duen garrantzia. Halaber, alarma-zeinu nagusiak argitu dituzte eta melanomaren ABCDE araua azaldu dute, egon daitezkeen lesio susmagarriak identifikatzeko tresna erabilgarria.
Ekintza osatzeko, eguzki-babesari buruzko sentsibilizazio-mezuak eta informazio-materialak zabaldu dira udalerriko kirol-instalazioetan.
Ekimena bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin; izan ere, ohitura osasungarriak sustatzea eta gaixotasunen detekzio goiztiarra laguntzea xede, ekintza hauek bultzatzen ditu: osasun-sistemaren, pazienteen elkarteen eta tokiko erakundeen arteko lankidetza, prebentzioa eta ekintza komunitarioa.






