- Kanpainak oinarrizko bi gomendio gogorarazten ditu: eklipsea ikusteko homologatutako betaurrekoak erabiltzea eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea.
- Ekimena abuztuaren 12ra arte zabalduko da telebistan, irratian, euskarri digitaletan eta sare sozialetan.
- Informazio praktikoa eta segurtasun-gomendio guztiak eklipsea.euskadi.eus webgunean kontsulta daitezke.
Eusko Jaurlaritzak informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina instituzional bat jarri du abian gaur, herritarrei datorren abuztuaren 12an Euskaditik ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa segurtasunez behatzen laguntzeko. Kanpainak oinarrizko bi gomendio azpimarratzen ditu: Eguzkia behatzeko homologatutako betaurrekoak erabiltzea eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea. Horrez gain, herritarrak eklipsea.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen informazio praktikoa eta dibulgatiboa kontsultatzera gonbidatzen ditu.
Ezohiko fenomeno astronomikoa izango da, eta herritarren interes handia pizteaz gain, lurraldeko hainbat gunetara behatzeko asmoz pertsona ugari erakartzea ere aurreikusten da. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi nahi du Eguzkiari babes egokirik gabe zuzenean begiratzeak ikusmenean kalte larriak eta atzeraezinak eragin ditzakeela; horregatik, ezinbestekoa da segurtasun-neurriak betetzea.
Kanpaina Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Segurtasun Sailaren eta Osasun Sailaren parte-hartzearekin, eta herritarrei autobabeserako neurriak ezagutaraztea du helburu, fenomenoaz berme osoz gozatu ahal izan dezaten.
Funtsezko bi mezu dituen kanpaina
“Eklipsea ikusteko lekurik onena zu zauden lekua da” lelopean, kanpainak eklipsea segurtasunez behatzeko deia egiten du, bi gomendio nagusi azpimarratuz: Eguzkia behatzeko homologatutako betaurrekoak erabiltzea eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea, fenomenoa gertuko leku batetik behatzea lehenetsiz.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du eklipsea segurtasunez ikusteko modu bakarra ISO 12312-2 arauaren araberako Eguzkia behatzeko homologatutako betaurrekoak erabiltzea dela. Halaber, ohartarazten du ez dela inoiz Eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, beira belztuak edo negatibo fotografikoak bezalako baliabide inprobisatuak erabili ere, ez baitute eguzki-erradiaziotik babesten eta erretinan kalte atzeraezinak eragin baititzakete.
Gainera, gogorarazten du homologatutako betaurrekoak behaketa laburretarako diseinatuta daudela eta, horiek erabilita ere, ez dela komeni Eguzkiari jarraian 45 segundo baino gehiagoz begiratzea; horren ordez, behaketa atsedenaldi laburrekin txandakatzea komeni da. Era berean, betaurrekoak erabili aurretik egoera onean daudela egiaztatzea gomendatzen du, eta eguzki-iragazki ziurtaturik ez duten prismatikoak, teleskopioak edo kamerak ez erabiltzeko ohartarazten du.
Joan-etorriei dagokienez, informazio-kanpainak eklipsea etxetik hurbil dagoen lekuren batetik behatzera animatzen du, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eta trafikoan zein pertsona-pilaketetan sor daitezkeen arazoak murrizteko. Mugitu behar izanez gero, bidaia aldez aurretik planifikatzea, garaiz iristea, itzulera mailakatzea eta une oro Ertzaintzaren eta gainerako agintarien jarraibideak betetzea gomendatzen da.
Informazio erabilgarria eklipsearen egunera arte
Kanpaina datorren abuztuaren 12ra arte, eklipsea izango den egunera arte, zabalduko da telebistan, irratian, euskarri digitaletan eta sare sozialetan, gomendio horiek fenomenoa gertatu aurretik ahalik eta herritar gehienengana irits daitezen.
Abuztuaren 12ari begira, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du, halaber, garrantzitsua dela beroaren eta Eguzkiaren eraginpean denbora luzez egotearen aurka babestea. Horretarako, eguzki-krema erabiltzea, txapela edo kapela janztea eta behar bezala hidratatzea gomendatzen du, bereziki haurren, adinekoen eta beste kolektibo kaltebera batzuen kasuan. Era berean, eklipsea baino lehen Euskalmeten iragarpen meteorologikoa kontsultatzea gomendatzen du, behaketa-baldintzak ezagutzeko.
Eguzki-eklipseari buruzko informazio praktiko eta dibulgatibo guztia, segurtasun-neurriak, behaketarako gomendioak eta intereseko gainerako edukiak eklipsea.euskadi.eus webgunean daude eskuragarri. Eusko Jaurlaritzak herritarrak fenomeno astronomiko berezi honi buruz informatzeko prestatu duen ataria da.






