- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 9,1 milioi euro inbertituko dituzte proiektu honetan
- Herriko puntu estrategiko batean kokatuko da, Kalebarren plazan, 400 metro karratuko partzela batean
- Guztira 26 kontsulta izango ditu, besteak beste, pediatria, ginekologia eta fisioterapiakoak, baina baita familia-medikuntzakoak eta erizaintzakoak ere
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak abuztuaren 31n ekingo diete etorkizuneko Elgoibarko osasun-zentroaren obrei. Zentro horrek ekipamendu gehiago izangu, modernoagoa eta funtzionalagoa, herritarren beharrei erantzuteko. Proiektuan 9,1 milioi euro inbertituko dira, eta zentro berria 2029ko bigarren hiruhilekoan martxan egotea espero da.
Obra Osakidetzaren 2025-2032 aldirako Azpiegitura eta Ekipamenduen Programan jasota dago, 1.600 milioi euroko inbertsioa duena, eta Osasuneko Euskal Itunarekin lerrokatzen da. Dokumentu horren ildo estategikoen artean dago ekimendu egokiak garatzeko beharra.
Zentro berria Kalebarren plazan kokatuko da. Plaza hori udalerriko erreferentziazko gunea da, eta erabiltzaileentzat irisgarria, udalerriko iragate-zona batean baitago. Zehazki, 400 metro karratuko lurzati bat da, hirigune historikoaren erdialdean kokatua, eta bertan elkartzen dira Elgoibarko hiru kale garrantzitsuenak: San Frantzisko kalea, Errosario kalea eta San Bartolome kalea. Gaur egungo zentroa ordezkatuko du, Bernardo Ezenarro kalean dagoena. 1983koa da eta txikia geratu da Elgoibarko eta inguruko biztanleei estaldura emateko.
Etorkizuneko zentro horrek zerbitzu-zorroa handitzea ahalbidetuko du, eta arreta hurbilagoa, kalitatezkoa eta irisgarriagoa eskainiko die Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren pertsonei, 18.000 pertsona ingururi, alegia. 2.200 metro karratuko azalera eraikiarekin, egungoa baino bi aldiz handiagoa izango da, azken horrek 960 metro koadro erabilgarri baititu.
Obren hasierarekin, Osakidetzak urrats erabakigarria eman du herritarrei egungo behar asistentzialetara egokitutako zentro moderno eta irisgarri bat eskaintzeko; izan ere, proiektuak aukera emango du zerbitzu-zorroa handitzeko eta Eibarko eta inguruko pertsonentzako arretaren kalitatea hobetzeko.
Zentro zabalagoa, modernoagoa eta egungo beharretara egokitua
Eraikin berriak sei solairu izango ditu: bi solairu sestra azpian eta lau solairu sestra gainean, beste udalerri batzuetan aplikatutako eraikuntza-ereduari jarraituz. Administrazio-eremu bat, familia-medikuntzako eta pediatriako eremu bat, emakumeei arreta emateko eremu bat, fisioterapiarako gune bat eta Osakidetzako langileentzako eremu bat izango ditu.
Guztira, 26 kontsulta (medikoak eta erizaintzakoak) inguru izango ditu, bai eta sendaketa-gela bat, ekografia-gela bat, odola ateratzeko gela bat, larrialdietako gela bat, edoskitze-gela bat, erditzea prestatzeko gela bat eta fisioterapia-gela bat ere.
Lanen kronologia
Proiektu hori egiteko, lehenik eta behin lurzatian dagoen eraikina eraitsi behar da. Lan horiek abuztuaren 31n hasiko dira, eta 2027. urtearen hasieran amaituko dira.
2026ko irailean, eraikin berriaren obren lizitazioa hasiko da, eraispena amaitu ondoren eraikuntza-lanak berehala abiarazi ahal izateko, 24 hilabeteko exekuzio-epea baitute. Zentroa hornitu ondoren, 2029ko bigarren seihilekoan jarduera abiarazi ahal izatea espero da.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 9.125.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute, eraispena barne.






