Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro bideratuko ditu Euskadiko nekazaritza, elikadura eta basogintza-sektoreetako elkarteak indartzera

0
  • Elkarteak programaren deialdiak sektoreko erakundeen funtzionamendu-gastuak, prestakuntza, sustapen-jarduerak, azoketan parte-hartzea eta ekoizpena hobetzeko proiektuak finantzatuko ditu
  • Laguntzen helburua lehen sektorearen, elikadura-sektorearen eta basogintza-sektorearen ordezkaritza sendotzea da, haien bazkideen interesak defendatzeko eta lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta belaunaldi-erreleboaren erronkei aurre egiteko gaitasuna indartuz

Eusko Jaurlaritzak Elkarteak programaren 2026ko deialdia onartu du. Programak 350.000 euroko aurrekontua izango du, Euskadiko nekazaritza, elikadura eta basogintza-sektoreetako lanbide eta enpresa-elkarteen zein federazioen jarduera babesteko.

Ekimenaren helburua erakunde horiek sektorearen ordezkari eta nekazariei, abeltzainei, elikadura-enpresei eta basogintzako enpresei laguntza emateko tresna gisa betetzen duten eginkizuna indartzea da, sektorearen egituraketa sendotuz eta erronka ekonomiko, sozial eta teknologikoei erantzuteko gaitasuna hobetuz.

Laguntzen bidez elkarteen funtzionamendu-gastuak, azokak eta lehiaketak antolatzea eta horietan parte hartzea, azterlanak eta prestakuntza-jarduerak egitea, sustapen eta zabalkunde-ekintzak finantzatu ahal izango dira, baita azpisektoreen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea helburu duten proiektu esperimentalak ere.

Deialdiak 250.000 euro bideratuko ditu nekazaritza-sektoreko eta lehen eraldaketako basogintza-sektoreko elkarteentzat, eta 100.000 euro elikadura-sektoreko elkarteentzat. Aurrekontu-zuzkidura handitu ahal izango da, baliabide ekonomikoek horretarako aukera emanez gero.

Laguntza hauek irabazi-asmorik gabeko elkarteek, federazioek eta konfederazioek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta Euskadin jarduten badute eta haien xedea nekazaritza, elikadura edo basogintza-sektoreen interesak ordezkatzea eta defendatzea bada. Balorazio-irizpideen artean kontuan hartuko dira, besteak beste, sektorean duten ezarpena, garatzen duten jardueraren garrantzia, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako modernizazio-ekimenekin duten lankidetza, azoka profesionaletan duten parte-hartzea eta aurkeztutako proiektuen interes teknikoa.

Interesa duten erakundeek hilabeteko epea izango dute eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.