
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez antolatutako Europako proiektuak sustatu eta kudeatzeko ikastaroan izena emateko epea abuztuaren 12an, asteazkena, amaituko da. Unibertsitateko mikrokredentzialaren helburua, Europar Batasuneko programen kudeaketan eta sustapenean, enpresetako eta erakundeetako langileen kualifikazioa hobetzea da.
Etengabeko prestakuntzako ikastaroa era presentzialean egingo da ostegun eta ostiraletako arratsaldeetan, aurtengo iraila eta abendua bitartean. Gogoan izan behar da kurtsoak 63 ordu dituela, 7,5 ECTS kredituren baliokideak, eta Foru Gobernuaren Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak diruz laguntzen duela.
Ekimen honen helburua enpresetako eta beste erakunde batzuetako langileek Europar Batasuneko (EB) programetan duten kualifikazioa hobetzea da. Prestakuntza-ekintza honetan interesa dutenek internet bidez eska dezakete plaza, NUPen webgunearen bidez, abuztuaren 12ra arte. Prestakuntza ikastaro labur gisa eskaintzen zen jada NUPen, baina orain mikrokredentzial formatuan egiten du. Martxan jarri zenetik, 222 pertsonak lortu dute titulua.
Prestakuntzak parte-hartzaileei gaitasuna ematen die beren erakundearen jarduerarako egokienak diren Europako programak identifikatzeko eta diruz lagun daitezkeen ideiak sortzea sustatzeko, bai eta 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren norgehiagoka-programetan proposamen batek arrakasta izateko aukerak handitzeko beharrezkoak diren teknikak errazteko ere. Mikrokredentzial honetan sartzeko, beharrezkoa da unibertsitate-titulua izatea, eta lehentasuna emango zaie ingeleseko B2 maila egiaztatua dutenei. Enpresa edo erakunde berean lau parte-hartzaile egon daitezke gehienez.
Formakuntzak 7. edizioa beteko duen 2026-2027 ikasturterako berrikuntza bezala, NUPeko langileei zuzendutako Europako I+G+Bko programari buruzko ibilbide espezifiko bat diseinatu da, Horizon Europe ikerketa eta berrikuntzarako Europar Batasunaren funtsezko finantzaketa-programan sakonduz. Europako Proiektuen Bulegoak Nafarroak 2021-2025 aldian izango duen parte-hartzeari buruz egindako ikerketaren arabera, Europaren Eguna zela eta Ollo lehendakariordeak aurkeztua, Europako programa lehiakorretarako dagoen finantzaketa-iturririk handiena da.
Mikrokredentzialak
Unibertsitateko mikrokredentzialak prestakuntza labur eta espezializatuen bidez eskuratutako gaitasun espezifikoak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak dira. Europar Batasunak bultzatuta, lanbide-eguneratzea eta etengabeko ikaskuntza errazteko sortu dira, batez ere helduen artean. Diseinu malgu eta metagarriak, kalitate- eta aintzatespen-estandar europarrak betetzearekin batera, ikaskuntzen aitorpena errazten du eta bizitza osoko prestakuntza-aukerak zabaltzen laguntzen du.





