Nafarroak beroari loturiko 213 patologia-kasu erregistratu ditu maiatzaren 16tik uztailaren 31ra bitartean, horietatik %38 lan-jardunean

0

Iragan maiatzaren 16an, gehiegizko tenperaturek eta airearen kutsadurak Nafarroako herritarren osasunean izan ditzaketen ondorioak prebenitzeko plana aktibatu zen. Ordutik eta uztailaren 31ra arte, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari (NOPLOI) beroari loturiko 213 patologia-kasu jakinarazi zaizkio; beraz, iaz izandako kopurua (127) gainditu da dagoeneko denbora-tarte horretan.

Kasuen gorakada tenperatura altuen ondorio da —uztailean, Nafarroa osoko batez besteko gehieneko tenperatura 6 °C inguru handitu da 2025eko gehieneko batezbestekoarekiko—, baita osasungintzako profesionalek beroari loturiko patologia-kasuak NOPLOIri jakinaraztean sentsibilizazio handiagoz jokatu izanaren ondorio ere.

17 pertsona ospitaleratu eta hiru hildako bero-kolpeen ondorioz

Gaur arte NOPLOIn erregistratutako beroari loturiko 213 patologia-kasuen erdiak uztailean jakinarazi dira. % 57,7 gizonak dira, eta % 42,3 emakumeak. Adinari dagokionez, % 40,4k 36 eta 64 urte artean dituzte, eta % 25,4k 65 urte baino gehiago.

Kasu horiek eragin dituzten arrisku-jardueretatik lehendabizikoa lan-jarduera da (% 38), eta bigarrena jarduera fisikorik gabeko aire zabaleko aisialdia (% 31), hala nola pasealdiak, eguzki-esposizioa edo igerilekuetan egotea. Horien atzetik daude klimatizazio puntual eskaseko etxebizitzetan egotea (% 14,1), ariketa fisikoa (% 7,5), baratzezaintza (% 3,8) eta Donejakue bidea egitea (% 1,4).
Erregistratutako kasuen % 43,7k ez du aurretiazko patologiarik. Kalteberatasun-faktoreen artean, kasuen % 17,4ren energia-prekaritatea nabarmentzen da (erosotasun termikoari eusteko zailtasunak), % 10 pertsona kalteberak dira (70 urtetik gorakoak, pluripatologia eta mendekotasuna dutenak) eta % 4,2k patologia kroniko larria dute.

Lau kasutik hiru osasun-etxeetan artatu dituzte, eta kasu arin edo moderatutzat hartu dira. Gainerakoek ospitale-arta jaso dute, eta horietatik 17k ospitaleratzea behar izan dute, eta, batez beste, 7 eguneko egonaldia egin dute. Gainera, gaur-gaurkoz, bero-kolpeen ondoriozko 3 hildako jakinarazi dira.

Langileen prestakuntza eta langile kalteberen zaintza

Kontuan hartuta kasuen % 38 lan-jardunean gertatu direla, NOPLOIko Lan Osasuneko Zuzendariordetzak azpimarratu du garrantzitsua dela enpresek beroaren aurrean berariaz jarduteko prozedura bat izatea. Tresna horri esker, aurrea hartzen ahal dute eta gero eta maizago izaten diren tenperatura altuko gertakariei aurre egiteko beharrezko diren neurri guztiak planifikatzen ahal dituzte, langileen osasuna kaltetzeko arriskua murriztuta.

Beroaren aurkako protokolo orok prebentzio-neurri orokorrak hartu behar ditu barnean, esaterako, hidratazio zuzena bermatzea, enpresaren erantzukizuna izanik ura eta edari isotonikoak eskaintzea; arropa egokia, txanoak, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema erabiltzea aire zabaleko lanetan; eta lantokien barnealdeko klimatizazio eta aireztapenaren funtzionamendu zuzena egiaztatzea. Gainera, funtsezkoa da berariazko neurriak ezartzea prozeduran, bero-boladetan ezartzen diren alerta-mailen arabera.

Enpresek langile guztiak prestatu behar dituzte aipatu protokoloa egoki bete dadin. Halaber, funtsezkoa da erdi-mailako arduradunek eta kargudunek aginte-kate osoaren babesa izatea, erabaki garrantzitsuak hartu ahal izateko, hala nola atazak birbanatzea, atsedenaldien maiztasuna eta iraupena handitzea, ordutegiak aldatzea, are lanaldia murriztea ere, baldin eta bestela ezin bada bermatu langileei zor zaien babes egokia.

Era berean, prozedurak kontuan izan behar ditu beroarekiko bereziki kalteberak diren langileak, eta neurri zehatzak ezarri behar ditu haientzat.

Muturreko tenperaturen aurreko energia-kalteberatasuna

Kasuen % 17,4k energia-kalteberatasuna zuten, eta % 14,1 modu puntualean aireztapen txarra edo gehiegizko tenperatura duten barnealdeetan gertatu dira. Barnealdeetan klimatizazio egokiari eusteko zailtasunak larriagotzen dituzte familia askok pairatzen dituzten energia-prekaritateko egoerek, eta horrek osasunerako arriskuak biderkatzen ditu muturreko beroa dagoen hiletan.

Gomendio eraginkor eta merkeetako batzuk dira eguzki-argia blokeatzea pertsiana eta toldoen bidez tenperatura altueneko orduetan, gaueko aireztapen gurutzatua eta haizagailu arruntak erabiltzea. Autoen kasuan, martxan jarri aurretik barnealdea guztiz aireztatzea gomendatzen da, pilatutako airea kanporatzeko, eta inoiz ere ez da inor edo etxeko animaliarik utzi behar ibilgailu itxi baten barnean.

Edonork nozitzen ahal ditu bero-kolpeak. Horrenbestez, NOPLOIk ur gehiago edatea gomendatzen du, are egarririk sentitu gabe ere, eta, halaber, otordu astunak saihestea, eguzkitik babestea, leku freskoak bilatzea eta bero handieneko orduetan arrisku-jarduerarik ez egitea.

Gogorarazten du, baita ere, garrantzitsua dela gehiegizko beroak gure osasuna ukitzen duenean nola jardun jakitea, alegia, bizi-funtzioak asaldatzean eta karranpak, akidura, deshidratazioa eta larruazal bero eta gorritua eragitean. Horrelakoetan, bero-iturritik aldendu behar gara, eta leku freskoan paratu, gorputzaren tenperatura jaisten ahalegintzeko (ura edo edari isotonikoak edatea, arropa eranztea, zapi umelak ipintzea). Sintomek bere horretan jarraitzen badute, edo areagotzen badira, 112 telefonoan abisu eman behar da, edo zentro sanitario batera joan, profesional batek aztertzeko.