Bilbon egingo da 2026ko azaroan osasun publikoari buruzko europako kongresurik handiena, eta inoizko parte-hartze zientifiko handiena izango du

0
  • 19th European Public Health Conference biltzarrak mundu osoko 3.000 aditu, ikertzaile, osasun-profesional eta arduradun instituzional baino gehiago bilduko ditu Euskadin, 2026ko azaroaren 11tik 13ra
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak antolatu duen egungo osasun publikoari buruzko kongresu garrantzitsuenak gure garaiko osasun-, gizarte- eta ingurumen-erronka nagusietako batzuk aztertuko ditu, eta arreta berezia eskainiko zaie erresilientzia klimatikoari, osasun-ekitateari, berrikuntzari eta nazioarteko lankidetzari
  • Aukera paregabea da nazioarteko komunitatearen aurrean proiektatzeko euskal osasun-eredua eta Euskadik herritarren ongizaterako politika publiko berritzaileak bultzatzeko duen gaitasuna

Bilbon egingo da 19th European Public Health Conference (EPH Conference), Europako osasun publikoko urteko topaketa nagusia, 2026ko azaroaren 11tik 13ra. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Europako hainbat erakunde zientifiko eta profesionalekin batera, ekimen hau antolatzen ari da, eta dozenaka herrialdetako milaka aditu, ikertzaile, osasun-profesional eta politika publikoetako arduradun bilduko ditu. Hala, Euskadi osasun publikoaren etorkizunari buruzko nazioarteko eztabaida-zentro nagusietako bat izango da hainbat egunez.

Bilboko edizioak, gainera, orain arte kongresu horretan izandako parte-hartzaile kopuruaren marka guztiak hautsiko ditu. Erakundearen behin-behineko datuen arabera, 146 herrialdetako 3.000 komunikazio zientifiko baino gehiago jaso dira, baita tailerren eta panelen 450 proposamen baino gehiago ere, eta horietako 150 inguru jasoko ditu programak.

Urban and global synergies: shaping the future of public health with climate resilience, equity and innovation” lemapean, gaur egungo osasun publikoari buruzko kongresurik garrantzitsuenak gure garaiko osasun-, gizarte- eta ingurumen-erronka nagusietako batzuk jorratuko ditu, eta arreta berezia emango die erresilientzia klimatikoari, osasunaren ekitateari, berrikuntzari eta nazioarteko lankidetzari.

19th European Public Health Conference biltzarra Bilbon egitea aukera paregabea da nazioarteko komunitatearen aurrean proiektatzeko euskal osasun-eredua eta Euskadik herritarren ongizaterako politika publiko berritzaileak bultzatzeko duen gaitasuna Hiru egunez, profesionalek, erakundeetako arduradunek, nazioarteko erakundeek eta esparru akademikoko ordezkariek bertatik bertara ezagutuko dute Eusko Jaurlaritza eta euskal osasun-sistema zenbait esparru garrantzitsutan garatzen ari diren ekimenak, hala nola osasun publikoan, ikerketa biomedikoan eta epidemiologikoan, eraldaketa digitalean, arreta integratuan, antolakuntza-berrikuntzan eta osasun-politiken ebaluazioan.

Euskadi osasun publikoaren etorkizunarekin konprometituta

Nazioarteko topaketa horren egoitza Bilbo izateak indartu egiten du Euskadi berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin, ekitatearekin eta nazioarteko lankidetzarekin konprometitutako lurralde gisa kokatzea, gizarte osasuntsuagoak, erresilienteagoak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoak eraikitzeko.

Biltzarrari esker, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ildo estrategiko nagusietako batzuk partekatuko dira Europa mailako eragileekin, besteak beste: Euskadiko Osasun Itunaren garapena, Euskadiko osasun-sistema publikoa eraldatzea eta epe ertain eta luzera kalitatezko arreta iraunkorra eta bidezkoa bermatzea helburu duen esparru berri gisa; One Health ikuspegia finkatzea, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna barne hartzen duena, eta Berrikuntzaren Itsasargiak programa hedatzea, baliabide ekonomikoak eta giza kapitala berrikuntzara lehentasunez bideratzeko tresna estrategikoa, Euskadi Europako polo gisa sendotzea helburu duena. Hori guztia, herritarren zahartzea, osasun-arloko desberdintasunak, trantsizio digitala edo klima-aldaketak pertsonen osasunean duen eragina bezalako erronkei aurre egiteko konponbide eraldatzaileak azkartzeko.

Parte-hartze handia Europan eta nazioartean

Europako eta nazioarteko erakundeetako, osasun publikoko sareetako, elkarte zientifikoetako eta erakunde espezializatuetako ordezkariek hartuko dute parte biltzarrean. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) ordezkariak, Europar Batasuneko osasun-arduradunak eta nazioarteko erreferentzia-sareetako ordezkariak bertaratuko direla aurreikusi da. Horrek Euskadiren nazioarteko proiekzioa sendotzen eta lankidetza zientifiko eta teknikorako aukera berriak sortzen lagunduko du.

Kongresua erakusleiho ere izango da, osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzako euskal ekosistemaren sendotasuna erakusteko. Ekosistema hori Osakidetzak, BIOEFek, Osasun Saileko osasun-ikerketako institutuek (Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak), unibertsitateek, zentro teknologikoek eta beste eragile publiko eta pribatuek osatzen dute, eta elkarlanean aritzen dira egungo eta etorkizuneko osasun-, gizarte- eta demografia-erronka handiei erantzuteko.

Programak, bilkurak, tailerrak, ahozko saioak, posterrak eta PechaKucha barne hartzeaz gain, herritarrei irekitako jarduerak ere eskainiko ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Bilboko Udalak eta elkargo profesionalek parte hartuko dute. Besteak beste, migrazioari eta osasunari buruzko saioak, etxebizitzari eta osasunari buruzkoak, klima-aldaketari eta osasunari buruzkoak, eta jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko ekimenak egingo dira.

European Public Health Conference

European Public Health Conference osasun publikoari buruzko Europako foro nagusia da. Urtero, mundu osoko profesionalak, ikertzaileak, arduradun politikoak eta erakundeak biltzen ditu, osasun-erronka global handiei aurre egiteko ezagutza, esperientziak eta irtenbideak partekatzeko. 2026ko edizioa Bilbon egingo da azaroaren 11tik 13ra.