- Nazioarteko zientzia-aldizkari ospetsuak Osakidetzaren baheketa-programaren eraginkortasuna (xede-biztanleriaren hilkortasunaren % 50eko murrizketa) egiaztatzen duen ikerketa bat argitaratu du
- Euskadik prebentzio-politika iraunkorra sendotu du, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoaren, Osakidetzaren antolaketa-gaitasunaren eta herritarren inplikazioaren ondorioz
- Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa baheketa 74 urtera bitarte zabaldu duen Estatuko lehen erkidegoa izan da, eta % 70eko atxikimendua du, Estatuko batez bestekoaren oso gainetik (% 43koa Estatuan)
- Azterlanak indartu egin du Eusko Jaurlaritzak prebentzioarekin duen konpromisoa, Euskadiko Osasun Itunaren funtsezko ildo estrategikoa baita, eta erakutsi du apustu horrek biztanleriaren osasunean eragin erreala eta neurgarria duten politikak dakartzala
JAMA Network Open nazioarteko zientzia-aldizkari ospetsuak Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren osasun-ikerketako institutuetako profesionalek eta ikertzaileek egindako azterlan bat argitaratu du. Azterlan horrek kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programaren eraginkortasuna berretsi du, eta Euskadi munduko erreferentzia gisa kokatu du prebentzioan eta detekzio goiztiarrean.
Ikerketa 2004tik 2024ra bitartean egin zen EAEko biztanleekin, eta erakutsi du gorozkien test immunokimikoaren (FIT) bidezko baheketarekin % 50,1 murriztu dela kolon eta ondesteko minbiziaren ondoriozko hilkortasuna 50-69 urteko pertsonen, hots, programaren xede-biztanleriaren kasuan. Azterlanak Euskadin erregistratutako 438.000 heriotza baino gehiago aztertu ditu, eta egiaztatu du 2012az geroztik, hots, programa hasi eta hiru urtera, hilkortasunak etengabe egin duela behera.
Lanaren buru Luis Bujanda doktorea izan da, Donostia Unibertsitate Ospitaleko klinikoa eta Biogipuzkoako Gibeleko eta Urdail-hesteetako Gaixotasunen Arloko arduraduna, eta Osakidetzako eta Biobizkaia eta Biogipuzkoa osasun-ikerketako institutuetako ikertzaile eta profesionalen talde batekin batera jardun du. Egileen artean, honako hauek aipa daitezke: Beatriz Val, Isabel Portillo, Isabel Idigoras-Rubio, Jesus M. Bañales, Maria A. Gutierrez-Stampa, Arantza Lopez de Munin, Covadonga Audicana, Oscar Calleja, Joaquin Cubiella eta Laura Izquierdo-Sanchez.
Nazioartean oso ospe handia duen aldizkari horretan argitaratu izanak Euskadik esparru horretan lortu duen zientzia-, antolamendu- eta laguntza-maila ziurtatzen du. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du emaitza hori ebidentzian, etengabeko ebaluazioan eta euskal osasun-sistema publikoak irismen handiko programak kalitate-maila handiekin antolatzeko duen gaitasunean oinarritutako urteetako prebentzio-politikaren isla ere badela.
Prebentzioaren arrakasta
2009an abian jarri zenetik, baheketa-programa euskal osasun-sistemaren prebentzio-tresna nagusien artean finkatzea lortu da. Batez besteko parte-hartzea % 70era iritsi da, eta kolonoskopiarekiko atxikimendua, emaitza positiboa izan ondoren, % 90etik gorakoa da. Gainera, baheketaren bidez detektatutako minbizien % 70 baino gehiago I. eta II. estadioetan diagnostikatzen dira, eta horrek nabarmen hobetzen ditu tratamenduarekin sendatzeko aukerak.
Euskadin, programarekiko atxikimendua % 77koa da, eta Estatuko batez bestekoa, berriz, % 43koa. Datu horrek herritarren konfiantza, sistemaren irisgarritasuna eta prebentzio-estrategia publikoaren indarra islatzen ditu. Ezarri zenetik, koloneko minbiziaren ondoriozko 6.000 heriotza baino gehiago saihestu ditu programak, eta osasun-kostuak murrizten ere lagundu du, kirurgiak, ospitaleratzeak eta tratamendu onkologikoak saihestu baititu.
Gainera, Euskadi kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 70 urtetik 74ra zabaldu duen Estatuko lehen autonomia-erkidegoa izan da. Urrats horrek sendotu egiten du prebentzioan duen lidergoa eta herritarren osasun-premiei aurrea hartzeko duen gaitasuna.
Zabalkuntza horrek, estalduran, atxikimenduan eta detekzio goiztiarrean lortutako emaitza onekin batera, berretsi egin du kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa emaitzetara bideratutako osasun-politika eraginkor eta jasangarriaren eredu bihurtu duen estrategia publikoaren sendotasuna.
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa
Eusko Jaurlaritzak prebentzioarekiko konpromisoan kokatzen du lorpen hori, Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunezko ildoetako bat baita. JAMA Network Open aldizkarian, programaren inpaktu klinikoa ez ezik, plangintzaren kalitatea, inbertsio publikoaren jarraitutasuna eta euskal osasun-sistemaren koordinazio-gaitasuna ere aitortzen dira.
Osasuneko sailburu Alberto Martinezek adierazi duenez, “azterlan honek berretsi egin du kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa politika publiko eraginkorra eta ekitatiboa dela eta herritarren osasunean eragin handia duela. Euskadi aitzindaria izan zen haren ezarpenean, eta apustua zuzena izan dela ikus dezakegu gaur: bizitzak salbatzen ari gara”.
Bestalde, Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok azpimarratu duenez, “prozesuaren kalitatea, irisgarritasuna eta herritarren konfiantza funtsezkoak dira. Azterlan honek erakutsi du gure profesionalen ahaleginak euskal herritarren osasunerako emaitza errealak eta neurgarriak dituela”.






