- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, guztira, 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du eraberritze integralerako. Eraberritze horri esker, espazio hori irisgarriago eta modernoagoa izango da, patologia horietarako egokitua
- Bi urtez egongo da proiektua martxan, eta faseka egingo da, jarduera asistentzialak oso-osorik funtzionatzen duela bermatzeko.
- Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Ampuero pabiloia erabat eraberritzeko lanak bat datoz Euskadiko Osasun Ituneko azpiegitura sanitarioei buruzko ildo estrategikoarekin. Ildo estrategiko horren arabera, zentro berriak eraberritu eta eraikiko dira, herritarren benetako beharrei erantzuteko.
Osakidetzak Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Ampuero pabiloiaren eraberritze-proiektuaren idazketa eta obra-zuzendaritza esleitu ditu, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pazienteentzako unitateak hobetzeko asmoz.
Eraberritze-lanek erabat eraldatuko dituzte eraikineko lehen eta bigarren solairuak, bertan baitaude paziente horien ospitalizazio-unitateak, eta haiek mugitzeko arazo larriak izaten dituzte, normalean.
Eraberritze-obrek 2.300 m²-ko azalera hartuko guztira: ospitalizazio-eremuak eta pabiloirako sarbideak.
26 hilabetez egongo da proiektua martxan, eta faseka egingo da, jarduera asistentzialak oso-osorik funtzionatzen duela bermatzeko. Inbertsioa, guztira, 6.025.000 €-koa da.
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Ampuero pabiloia Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuaren parte da, eta gaur egun Neurologia, Neurokirurgia, Errehabilitazio eta Erradiodiagnostiko zerbitzuetarako erabiltzen da. Gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenentzako instalazioak eraberrituta, pazienteen mugikortasuna eta esperientzia asistentziala hobetzea da asmoa, batez ere, mugitzeko arazo larriak dituztenena.
Eremu irisgarriagoak, modernoagoak eta AEA eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pazienteentzat egokituak
Hau eraberrituko dute obrek: sarbide nagusia, irisgarritasun unibertsaleko irizpideen arabera; ospitalizazioko lehen eta bigarren solairuak, oso-osorik; eta eskailera, sektoretan banatuta, azpiegitura seguruagoa izan dadin.
Urbanizazio-proposamen hori gauzatu ostean, pazienteak oso bestela ikusiko du Ampuero pabiloia. Ingurunea irisgarria, ordenatua, lasaia, segurua, eguraldi txarretik babestua eta atsegina izango da eraikinera sartzen denean.
Egingo diren obren artean nabarmenena da bi eremutan arrapala berri bat eraikiko dutela, sartzeko. Arrapala horrekin batera, luzera osoan, aterpe argiztatu bat ere izango da, pazienteak harrerara sartzean euritik babesteko.
Lehenengo solairuan, ipar-hegalean jarri nahi dira ospitale-erabilera guztiak. Bertan, gelak kokatuko dira: sei banaka erabiltzeko eta beste sei binaka erabiltzeko. Horrela, eraikinaren hegoaldera pasatzeko bidea libratuko da. Azken hori, kontsulta medikoetarako eta ospitalizazioari lotutako zerbitzu osagarrietarako erabiliko da. Eremu horrek sei kontsultategi izango ditu eta dimentsio handiagoko kontsultategiak gaitu ahal izango dira, premia asistentzialen arabera.
Bigarren solairuan, ipar-hegalean izango dira ospitale-erabilerak. Bertan, erabilera indibidualeko sei gela eta lau gela bikoitz egongo dira; guztiek bainugela egokituak eta ohetik aulkira doan garabia izango dituzte. Era berean, AEA pazienteentzako banakako bi gela prestatuko dira, bainugela egokitudun eta garabidunak, erizainen kontroletik gertu.
Solairuaren hegoaldean, erabilera berriak esku-hartzeetara bideratuta ez dagoen zonaldearekin batera egongo dira, non Iktus Unitatea eta Neurologiako lan-gelak izango diren.
Obra-zuzendaritzako proiektua ASGA Arquitectos firma enpresak egingo du. Enpresa horrek esperientzia handia du eraikinen eraberritze integraleko proiektuetan, eta Euskadiko eremu sanitario publikoko lanetan nabarmentzen da.
Eredu sanitario integratuago eta hurbilago baten aldeko inbertsioak
Ampuero pabiloiko obrak Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen inguruko beste esku-hartze batzuekin batera egingo dira, hala nola Kanpo Kontsulten eraikin berria eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraikitzea.
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Ampuero pabiloia osorik eraberritzeko lanak Eusko Jaurlaritzaren 2025-2032 Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programaren barruan daude. Ekimen estrategiko horrek 1.600 milioi euro ditu, eta Euskadiko osasun-sistema publikoa indartzeko 74 jarduketa aurreikusten ditu.
Osasun-azpiegitura modernoak eta irisgarriak eraikitzea Osasunaren Euskal Itunaren konpromisoen baitan dago. Itun horren ekipamenduei buruzko ildo estrategikoak lehentasuna ematen die herritarren benetako premiei modu eraginkorrean erantzungo dieten zentro berriak diseinatzeko, birgaitzeko eta eraikitzeko proiektuei, bai eta lurralde-ekitatea bermatzeko eta Euskadiko baliabide publikoen kudeaketan ingurumen- eta efizientzia-irizpideak txertatzeko konpromisoari ere.






