- Organo berri hori aitzindaria da Estatuan, eta EHAAn argitaratu den Agindu baten bidez eratu da ofizialki
- Organo berriak Osasun Sailarentzako aholkularitza estrategikoa indartuko du, Euskadiko osasun-sistema publikoaren antolaketa-berrikuntza eta eraldaketa digitala bultzatzeko
- Euskadik Finlandiarekiko lankidetza indartuko du; Finlandia erreferentzia da Europan osasun-arloko datuen kudeaketan eta berrikuntzan
- Ekimena Euskadiko Osasun Itunaren garapenaren barruan kokatzen da, eta eraldaketa-prozesuak bideratzen lagunduko du, adituen ezagutzaren eta diziplina anitzeko ikuspegi baten bidez
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Osasun Sailak Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea sortzeko Agindua argitaratu du. Aholku-organo berri horrek Euskadiko Osasun Sistemaren antolaketa-berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren arloko aholkularitza estrategikoa indartuko du.
Batzorde horren sorkuntzak Euskadiko osasun-sistema publikoaren eraldaketa bultzatzen jarraitzeko beharrari erantzuten dio, horren bidez hainbat erronkari aurre egiteko, hala nola biztanleriaren zahartzeari, kronikotasunaren gorakadari, teknologia berriak txertatzeari edo sistemaren jasangarritasunari.
Batzordeak adituen ezagutzaren ekarpena egingo du, Osasun Sailak antolaketa-berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren arloan hartu beharreko erabaki estrategikoetan orientatzeko. Batzordearen funtzioen artean, eraldaketa-proiektuen inguruko aholkularitza eskaintzea, jardunbide egokiak elkartrukatzea eta teknologia eta antolaketa-eredu berriak aztertzea daude.
Euskadi, erreferentzia osasun-arloko eraldaketan, eta Finlandiarekiko lankidetza
Aholku Batzordearen sorkuntzarekin, Euskadi osasun-sistemaren antolaketa-eraldaketaren eta eraldaketa digitalaren inguruko aholkularitza estrategikoko organo espezifiko bat izango duen Estatuko lehen autonomia-erkidegoa izango da. Batzorde berria adituen ezagutza txertatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta Euskal Osasun Sistemaren datozen urteetako bilakaera zehaztuko duten erabaki estrategikoetan orientatzeko sortu da. Apustu hori indartu egingo da, gainera, Osasun Sailak osasun-arloko eraldaketaren arloan bultzatutako nazioarteko lankidetzarekin. Esparru horretan, Euskadik aurrera egingo du Europan osasun-datuen kudeaketan eta berrikuntzan erreferentzia den Finlandiarekin elkar ulertzeko memorandum bat (MoU) sinatzeko bidean, osasun-sistemaren eraldaketa bizkortzen lagunduko duten ezagutza, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko.
Euskadiko Osasun Itunaren barruan kokatua
Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordearen sorkuntza Euskadiko Osasun Itunaren garapenaren barruan kokatzen da. Itun hori Eusko Jaurlaritzak Euskadiko osasun-sistema publikoaren eraldaketa bideratzeko bultzatu duen akordio estrategikoa da. Itunaren esparruan, antolaketa-berrikuntza, eraldaketa digitala eta asistentzia-ereduen bilakaera bultzatzen dituen zeharkako ardatz bat da osasun-arloko eraldaketa. Batzorde berriak aholkularitza espezializatuaren eta adituen ezagutzaren ekarpena egingo du, berrikuntza-ekimenak koordinatzen eta aurreikusitako jarduketak garatzen laguntzeko. Organo berri horrekin, Osasun Sailak aholkularitza estrategikoko gune iraunkor bat izango du. Gune horrek plangintza indartuko du eta erabakiak hartzen lagunduko du, herritarren beharretara bideratuta egongo den osasun-sistema berritzaileago, integratuago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
Diziplina anitzeko organoa
Batzordea Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak zuzenduko du, eta Osasun Saileko, Osakidetzako, Biosistemakeko, elkarte zientifikoetako eta pazienteen elkarteetako ordezkariez osatuta egongo da. Organoa osatuko duten pertsonak egokitasun profesionala, egiaztatutako esperientzia eta osasun-sistemaren eraldaketa-prozesuen inguruko diziplina anitzeko ikuspegi baten ekarpena egiteko gaitasuna kontuan hartuta izendatuko dira, eta osasun-arloko plangintzan eta ebaluazioan, asistentzia-kudeaketan, antolaketa-berrikuntzan, digitalizazioan eta osasun-sistemen inguruko ikerketan espezializatutako profilak txertatuko dira.






