Werner Herzog zuzendari, gidoigile, ekoizle eta aktoreak Donostia Sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 74. edizioaren —irailaren 18tik 26ra egingo denaren— inaugurazio-galan, izandako ibilbide profesionalaren aintzatespen gisa. Zinemagile alemanari Zinemaldiaren ohorezko sari handiena entregatzean, Bucking Fastard haren film luze berria —Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizioan lehian ariko dena— emango da.
Sei hamarkadatik gora damara Werner Herzogek zinemagintzan, eta zinema garaikidean itzal handienetako irudi bihurtu da; izan ere, ezohiko obra eratu du bere ibilbidean zehar (80 film inguru), obsesioak, egoera larriak eta giza naturaren kontraesanek itxuratuta egonik bere lanak. Herzogen filmak —nola fikziozkoak hala ez-fikziozkoak— protagonista ameslari eta konkistatzailez —paisaia bortitzei eta kontroletik kanpoko indarrei aurre egin behar dietenez— beteta daude. «Estasizko egiaz» duen kontzeptuak gidatuta, Herzogek gertakarien behaketa hutsa gainditzen duen zinema defendatzen du, errealitatearen beste alderdi bat erakusteko, sakon eta poetikoagoa.
Donostia Sariaren emanaldiak —Victoria Eugenia Antzokian egingo denak Kursaaleko banaketa-ekitaldiaren aurretik— Werner Herzogen azken filma barne hartuko du. Rooney Mara, Kate Mara, Orlando Bloom eta Domhnall Gleeson dituela protagonista nagusi, Bucking Fastardek bi ahizparen ezohiko istorio bat kontatzen digu: aho batez hitz egiten dute, gizon bera maite dute eta amets berberak dituzte.






