- Bilera LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren itxiera izango da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak zuzendu du, Ihoberen bitartez, eta beste 23 erakunderekin batera Euskadi klima-aldaketara egokitzeko 40 ekintza bultzatu ditu
- ADAPT AKTION Euskadi 2050 ekimenean erakundeetako ordezkariak, teknikariak eta ekintza klimatikoari lotutako eragileak bilduko dira, emaitzak, esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko
- Bigarren jardunaldian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatutako proiektu pilotuak ikusteko bisita teknikoak egingo dira
Azaroaren 24an eta 25ean ADAPT AKTION Euskadi 2050 egingo da Bilbon. Klima-aldaketara egokitzeko konponbideen foroa da. Bertan, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan lortutako emaitza, esperientzia eta ikaskuntza nagusiak partekatuko dituzte eta Euskadi klima-aldaketara egokitzeko hurrengo etaparen erronkak aztertuko dituzte.
Foro horrekin LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua itxiko dute. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak zuzendu du, Ihobe sozietate publikoaren bidez, eta 23 erakunde bazkidek garatu dute: autonomia-administrazioek, foru-administrazioek, toki-administrazioek, erakunde publikoek, zentro teknologikoek eta ikerketa-erakundeek. 20 milioi euro inguruko inbertsioa izan du ekimenak eta klima-aldaketara egokitzeko 40 ekintza bultzatu ditu Euskadiko kostaldean, ibai-arroetan eta hiriguneetan: uholdeen prebentzioa, ingurumena lehengoratzea, azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, energia edo osasuna. Gainera, proiektuan tresnak eta ezagutza sortu dira, klima-aldaketarako egokitzapena plangintza eta kudeaketa publikoan sartzeko.
Foroan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago: link
Emaitzak eta esperientziak partekatzeko foroa
ADAPT AKTION Euskadi 2050 bileran erakundeetako ordezkariak, teknikariak, eragile sozialak eta klima-ekintzarekin eta egokitzapenarekin lotutako profesionalak bilduko dira, urte hauetan lortutako aurrerapenak aztertzeko eta klima-aldaketak Euskadira dakartzan aukerei eta erronkei buruz eztabaidatzeko.
Lehenengo jardunaldian instituzioek parte hartuko dute, nazioarteko hitzaldi bat egongo da, laguntzen duten beste proiektuekin ideiak partekatzeko espazioak egongo dira eta Urban Klima 2050 proiektuan sortutako emaitzak eta ikaskuntzak azaltzeko saioak ere. Programan, gainera, hainbat arloei buruzko mahai-inguruak egongo dira, eta Euskadiko klima-ekintzaren hurrengo hamarkadari buruzko hausnarketa-gune bat ere bai.
Topaketaren helburua izango da lurraldean garatutako konponbideak azaltzea, esperientziak partekatzea eta klima-aldaketara egokitzeko lan egiten duten erakunde eta profesionalen arteko lankidetza bultzatzea.
Klima-aldaketara egokitzeko ekintzak ezagutzeko hiru ibilbide
Bigarren egunean, hiru lurralde historikoetan garatutako proiektu pilotuak ikusteko bisita teknikoak egingo dira. Klima-aldaketaren eraginaren aurrean erresilientzia hobetzeko Urban Klima 2050 proiektuan egin diren ekintza batzuk lekuan ezagutzeko aukera izango dute Foroan parte hartzen dutenek.
Ibilbide horietan, kostaldeko eta ibaietako uholdeei aurre egiteko egokitzapenarekin, ingurumena lehengoratzearekin, azpiegitura berdearekin eta ekosistemen lotura hobetzearekin lotutako esperientziak hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte. Besteak beste, uholdeen eta itsas mailaren igoeraren ondorioen aurkako babesa areagotzeko ekintzak (Bakio eta Zarautz); ingurumena berreskuratzeko ekimenak (Tonpoi, Bermeon); azpiegitura berde eta nekazaritzaren biodibertsitate proiektuak (Basaldea eta Jundizko parkea, Gasteizen); eta ibaiak leheneratzeko ekintzak (Errekatxulo erreka, Donostian).
Lortutako emaitzak erakusteaz gain, ADAPT AKTION Euskadi 2050 ekimenean ezagutzak partekatu, erronka berriak zehaztu eta Euskadi klima-aldaketara egokitzen lagunduko duten esperientziak azalduko dituzte.






