- Laguntzek nekazaritza-erakunde profesionalen lana babestuko dute, Administrazioaren aurrean sektorearen solaskide gisa eta haren interesen defentsan.
- Deialdiak orientazio, aholkularitza, informazio eta jarduera sindikaleko zerbitzuak finantzatuko ditu 2026an.
Eusko Jaurlaritzak 241.000 euro bideratuko ditu 2026an Euskadiko nekazaritza-erakunde profesional sindikalen jarduera babesteko. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak laguntza horien deialdia egin du, nekazaritza-sektorearen solaskide gisa Administrazioaren aurrean duten eginkizuna indartzeko eta sektoreko profesionalek jasotzen dituzten orientazio eta aholkularitza-zerbitzuei eusteko.
1993tik mantentzen den laguntza-programa da, eta lehen sektorearen egituraketa profesionalean eta nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egiten duten pertsonen interesen defentsan funtsezko zeregina betetzen duten erakundeen jarduera babestea du helburu.
Laguntzek aukera emango dute bai euskal nekazaritza-sektorearekin lotutako gaietan gizarte-eragile gisa egiten duten solaskidetzaren lana, bai sektore osoari eta, bereziki, afiliatutako pertsonei zuzendutako informazio, orientazio eta aholkularitza-jarduerak babesteko.
Besteak beste, honako jarduera hauek jaso ahal izango dute laguntza: jarduera sindikalak koordinatzea, sektoreko elkarteekin eta administrazioekin lankidetzan aritzea, Administrazioarekin lotutako izapideetan aholkularitza eta kudeaketa ematea, prestakuntza eta informazio-jarduerak antolatzea, nekazaritza-politiken jarraipena eta hedapena egitea, eta afiliatutako pertsonen interesak sustatzeko eta defendatzeko zerbitzuak eskaintzea.
Sektorearen funtzionamendua eta eskaintzen dituen zerbitzuak babestea
Deialdiak, halaber, 2026an jarduera horiei eusteko beharrezko gastuak hartzen ditu barne. Besteak beste, jarduera sindikalera bideratutako lokalen mantentze-lanak, langileen kontratuak eta sektoreari aholkularitza eta informazioa emateko ardura izango duten langile berriak sartzea finantzatu ahal izango dira, baita jarduerari lotutako bestelako ohiko gastuak ere.
241.000 euroen banaketak lurralde-ezarpena, afiliatutako nekazaritzako profesionalen kopurua eta erakunde bakoitzak garatutako jarduerak hartuko ditu kontuan. Partida, hasiera batean, zati berdinetan banatuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen artean. Lurralde bakoitzaren barruan, erakundeen presentzia ez ezik, afiliatuen kopurua eta egindako aholkularitza, informazio, prestakuntza eta solaskidetza-jardueren bolumena ere hartuko dira kontuan.
Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Epea EHAAn agindua argitaratu eta biharamunean irekiko da, eta 2026ko urriaren 15ean amaituko da, aurrekontua lehenago agortzen ez bada.






