Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ezohiko laguntza lerro bat onartu du Ekialde Ertaineko gerrak eragindako gizarte ekonomiako enpresentzat

0
  • 1,5 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa du deialdiak, eta egungo nazioarteko testuinguruaren ondorioz galera ekonomikoak izan dituzten kooperatibei eta lan sozietateei dago zuzenduta

Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordearen eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren proposamenez, ostegun honetan onartu du Ekialde Ertaineko gerraren ondorioz galera ekonomikoak izan dituzten gizarte ekonomiako enpresei zuzendutako ezohiko laguntza lerro bat. Oinarri arautzaileak ezarri, eta 2026rako deialdia egiten du aginduak.

1.500.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du deialdiak, eta salbuespenezko egoera horrek eragindako kooperatiba eta lan sozietateei dago zuzenduta.

Ekimen horren bidez, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak indartu egingo du euskal gizarte ekonomiaren ehunarekin duen konpromisoa, eta erantzuna emango die egungo nazioarteko egoera geopolitikoak enpresa jakin batzuen jardueran dituen ondorioei.

Deialdi berriaren helburua da Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean funtsezko zeregina betetzen duten enpresen jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna babesten laguntzea. Era berean, gizarte ekonomiaren sektoreari gero eta konplexuagoa eta zalantzazkoagoa den testuinguru globaletik eratorritako erronken aurrean Eusko Jaurlaritzak laguntzeko egindako apustuaren barruan kokatzen da.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak laster argitaratuko du agindua, erakunde onuradunei, betekizunei, zenbatekoei, eskaera prozedurari eta aurkezteko epeei buruzko xehetasun guztiekin.

 

Enpresen lehiakortasuna eta lankidetza bultzatzea

Bestalde, Mikel Torres Lehendakariordeak zuzentzen duen sailak 1,2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Euskadiko Gizarte Ekonomia bultzatzera, prestakuntza, dibulgazioa, ikerketa eta sektoreko erakundeen arteko lankidetza sustatzeko bi laguntza deialdi berriren bidez. Horrela, enpresen lehiakortasuna eta gizartean balio kooperatibo eta solidarioak zabaltzea du xede.

Prestakuntzarako, dibulgaziorako eta ikerketarako laguntzen deialdia 970.000 eurokoa da. Dirulaguntzek honako hauek finantzatuko dituzte: bazkideentzako, langileentzako eta gizarte ekonomiako erakundeetako gobernu organoetako kideentzako Prestakuntza ekintzak, material didaktikoen diseinua euskal hezkuntza sisteman sartzeko, eta prestakuntza duala eta enpresetako praktikak errazteko ekimenak.

Gainera, zabalkunde jarduerak babestuko dituzte; hala nola, argitalpen espezializatuak, jardunaldiak, ikusarazteko ekitaldiak eta hedapen kanpainak hainbat euskarritan, bai eta iraunkortasunari, lankidetzazko berrikuntzari eta unibertsitate argitalpen espezializatuei lotutako ikerketa proiektuak ere.

Bigarren deialdia 267.000 eurokoa da, eta Gizarte Ekonomian enpresen arteko lankidetza sustatzera bideratuta dago. Laguntza horiei esker, kooperatiben eta lan sozietateen arteko lankidetza proiektuak, berrikuntza eta dibertsifikazio estrategia bateratuak, enpresa akordioak, bat egite prozesuak eta lankidetza egitura berrien sorrera finantzatuko dituzte.

Era berean, sektorea ordezkatzen duten erakunde nagusiek sustatutako ekimenak babestuko dituzte, erronka partekatuak identifikatzeko, gizarte ekonomiaren gizarte inpaktua zabaltzeko eta errazteko enpresa horiek kontratazio publikoan parte har dezaten. Bi laguntza lerro horiek Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira, eta partaidetzan, lankidetzan eta lurralde sustraitzean oinarritutako eredu ekonomikoaren aldeko apustua indartzen dute