Osakidetzak diagnostiko biologikoaren abangoardian jarri du Galdakao-Usansoloko unibertsitate ospitalea, berrikuntza totala eginda

0

Diagnostiko biologikoko unitate berriak funtsezko prozesuak automatizatu ditu pazienteen segurtasuna hobetzeko, erantzun-denbora murrizteko eta laginen trazabilitatea optimizatzeko

16 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da laborategiaren modernizazio integralean

Mugarri hori bat dator Osasun Itunaren konpromisoekin, sistemaren modernizazioa, efizientzia eta jasangarritasuna, lurralde-kohesioa edo ekitatea euskal osasun-sistemaren ardatz eraldatzaile gisa kokatuta

Osakidetzak amaitu egin du Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko (GUUO) Diagnostiko Biologikoko Unitatearen modernizazioa. Bikaintasun-proiektu horrekin, bertako laborategia sektoreko aurreratuenen artean kokatzea lortu da.   Datozen bost urteetarako 16.206.495,32 euroko inbertsioa eginda, berrikuntza integral honek Bizkaiko Barrualdeko Eskualdeko eta Arabako Aiara Haraneko 308.000 biztanleri emango die zerbitzua.

Modernizazio horrek, asmo handikoa izanik, ez du barnean hartzen soilik GUUO, Gernika-Lumoko Ospitalearen (GLO) proben kudeaketa ere integratzen baitu, bai eta haren eragin-eremuko zerbitzu soziosanitarioen eta osasun mentaleko zerbitzuen jarduera ere.  

Efizientzia eta teknologia: CORE Laborategi berria

Eraldaketa horren oinarri-oinarrian automatizazio-sistema aurreratua eta erabatekoa dago; laborategiaren ardatz nagusia, hain zuzen ere.  Gainera, azpiegitura horri esker, laginen kudeaketa zentralizatu eta optimizatu ahal izan da, eta funtsezkoak diren mugarri operatiboak lortu dira:

  • Kudeaketa integrala eta segurtasuna: Proba urgente guztien (biokimika, hematologia, gernua, etab.) integrazioa lortu da 24 orduz operatibo dagoen laborategian.
  • Erabateko trazabilitatea: Sistemak lagin bakoitzaren jarraipen absolutua bermatzen du, pazienteen segurtasuna handituz eta analisietarako behar den odol-bolumena murriztuz.
  • Pazienteentzako onura: Eraginkortasun teknologikoari esker, paziente bakoitzak behar dituen laginen kopurua nabarmen murriztu da.
  • Espazioaren optimizazioa: Soluzio berriak jarduera-bolumen handiagoa azalera txikiagoan prozesatzeko aukera ematen du, eta zenbait eremu libre uzten ditu laborategiko beste erabilera batzuetarako.
  • Homogeneotasun diagnostikoa: Hala GUUOk nola GLOk erreaktibo eta programa berberak erabiltzen dituzte orain, emaitza uniformeak ziurtatuz eta lan profesionala erraztuz.

Aitzindariak adimen artifizialaren erabileran

Egindako berrikuntza bereziki aipatzekoa da hematologian, teknologia disruptiboa sartu delako eta bereizmen handiko bi eskaner digital instalatu direlako; lehenak, estatu  mailan.

Berrikuntza horri esker, odola bereizmen handian ikus daiteke, odol-laminen irudi digitalak hartuz (frotisa) 100 handipeneko bereizmenarekin, eta horrek jauzi kualitatibo nabarmena ekarri dio ospitaleari.  Sistemak adimen artifiziala erabiltzen du zelulak automatikoki sailkatzeko eta zenbatzeko.

Azken batean, teknologia horrek, eraginkortasuna eta zehaztasun diagnostikoa areagotzeaz gain, erantzuteko denbora murrizten du, eta, gainera, zeregin erabakigarria betetzen du medikuen prestakuntzan, etorkizuneko osasun-profesionalak hobeto trebatzen baititu.