- Eusko Jaurlaritzak hainbat aukera helarazi dizkio nekazaritza-sektoreari, bazka modu berezi eta urgentean hornitzeko
- Eusko Jaurlaritzak urriaren 15era aurreratuko du NPBren laguntzen
Eusko Jaurlaritzak Bazkaren Mahaian azaldu du gaur abuztuan zehar hainbat eragilerekin egindako lana. Sektoreari egindako inkestaren eta telefono-deien bidezko datuen egiaztapenaren ondoren, sektoreak eskatutako behar berezien estimazioa egin da. Horren arabera, 9.000 tona lasto, 8.000 tona bazka-artoa, 10.000 tona alpapa eta 2.000 tona pentsu kontzentratu behar dira.
Sektoreari egindako inkestaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, LURSAIL Euskadiko Nekazaritza Kudeaketa eta Aholkularitza Zentroak, eta sektoreko hainbat erakundek osatutako lantaldeak bildutako datuak aztertu ditu, abuztuan zehar egindako hainbat bileratan. Helburua sektorearen beharrak neurtzea eta Euskadin eta hurbileneko ingurunean bazkaren benetako erabilgarritasuna ezagutzea izan da.
Beharrizan horiek animalientzako elikagaien tokiko hainbat hornitzailerekin egiaztatu dira. Kudeaketa horiei esker egiaztatu ahal izan da Euskadin eta inguruko eremuetan behar adina bazka dagoela epe labur eta ertainera antzemandako beharrei erantzuteko, eta hornidura bermatuta dagoela merkatu-ratioen arabera, produktuei, zerbitzuei eta formatuei dagokienez.
Informazio hori joan den abuztuaren 27an helarazi zitzaion sektore osoari, Euskadiko Nekazaritza Kudeaketa eta Aholkularitza Zentroaren, Lursailen, bidez, baita hainbat hedabideren bidez ere, sektore osoari hornidura bermatzeko.
Joan den abuztuaren 27an komunikazioa bidali zenetik, Sailak badaki eragile eta hornitzaileak deiak jasotzen ari direla, erosketak itxi eta hornidurak metatzen ari direla.
Ura eta elikadura, abuztuko lehentasunak
Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek abuztu osoan zehar egin dute lan tenperatura altuen eta prezipitazio faltaren ondorioak arintzeko.
Ekintza-lehentasunak bi arlotan bildu dira bereziki: abereen elikadura eta ura bermatzea. Euskal erakundeek dagoeneko 1.300.000 litro ur baino gehiago eraman dituzte Euskadiko mendietara eta mendilerroetara, abeltzainen eta elkarteen eskaerei erantzunez.
Eraginaren ebaluazioa eta hurrengo neurriak
Eusko Jaurlaritza prezipitazio faltak eta tenperatura altuek ustiategi eta azpisektore desberdinetan dituzten ondorioen monitorizazioan eta jarraipenean ari da lanean.
Aldi berean, NEIKER eta HAZI, foru-aldundiekin eta LURSAILekin lankidetzan, klimaren eta egoera soziopolitikoaren eraginari buruzko azterketa egiten ari dira azpisektore bakoitzaren egoera ekonomikoan, honako faktore hauek kontuan hartuta, besteak beste: lehengaien, inputen eta erregaien kostuen igoera, egoera ekonomikoa, ekoizpenaren murrizketa, merkatuko prezioak, errentagarritasuna eta 2026an pilatutako eraginak.
Azterketa horri esker, sektoreari laguntzeko neurri osagarriak hartzeko aukera baloratu ahal izango da, datu objektibo eta errealisten arabera. “Azpisektore guztiak ez daude egoera berean, eta erantzunak ere ezin dira berdinak izan. Balorazio objektiboa dugunean, sektoreari laguntzeko beharrezko baliabideak jarriko dira, euskal erakundeek beti egin izan duten bezala”, adierazi du Barredok amaitzeko.
Era berean, euskal erakundeak lanean ari dira NPBren laguntzen aurrerakina urriaren 15era aurreratzeko. Aurten aurrerakin hori %75era iritsi ahal izango da, ustiategien likidezia indartzeko helburuarekin.
Bazkaren Mahaiko kideek bat egin dute epe ertain eta luzera begirako ikuspegi estrategikoa hartzeko beharraren inguruan, sektorea klima-aldaketara egokitzeko. Ikuspegi horrek egiturazko neurriak jaso beharko ditu, eta norberaren ekoizpenaren eraginkortasuna hobetzeko eta klima-aldaketaren ondorioei aurrea hartzeko esparrua ezarri.






