Gaur Donostiako Miramar Jauregian egin den «Boluntariotza Iraunkorra» Udako Ikastaroan 100 pertsona inguruk prate hartu dute. Ikastaro horren helburu nagusiak izan dira boluntariotzak GJHak lortzeko duen zereginari buruzko hausnarketa eta esperientzia-trukea sustatzea, eta boluntariotzaren ikuspegi berritzaile, iraunkor eta inklusiboa bultzatzea, XXI. mendeko gizarte- eta ingurumen-erronketara egokituta.
2026. urtea Garapen Jasangarrirako Boluntarioen Nazioarteko Urtea izendatu dute, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak antolatutako udako ikastaro honetan Garapen Jasangarriko Helburuen aurrerapenean milioika boluntariok duten zeregina aitortzeko beharraz hitz egin da.
Eusko Jaurlaritzak Boluntariotzaren Euskal Estrategia 2025-2028 du, eta estrategia horrek adierazten du Euskadiko boluntariotzak bilakaera positiboa eta iraunkorra izan duela azken urteotan. EAEko biztanleen % 17k boluntariotza motaren bat egiten du, eta noizbehinkako boluntariotza eta boluntariotza digitala hazi egiten dira. Gaur egun, 168 mila boluntario daude Euskadin.
Ikastaroaren hasieran, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak azpimarratu du gazteekin gehiago hitz egin behar dela boluntariotzan bizitzeko modu bat ikus dezaten eta bertara hurbildu daitezen. «Gure gizartea hobetzeko lan egiten duten boluntarioak ordezkaezinak dira. Haien konpromisoagatik eskerrak eman nahi dizkiet publikoki; gazteek boluntariotzan duten rolak Euskadi ikuspuntu etiko eta humanitariotik ere garatzeko motorra izan behar du» azaldu du Nerea Melgosak.
Sailburuak hitzaldiari amaiera emateko eskerrak eman dizkie topaketa ahalbidetu duten pertsona, elkarte, erakunde eta sareei, bereziki boluntariotza-agentziei (Batekin Araban, BizkaiaGara Bizkaian eta Gizalde Gipuzkoan).






