Eusko Jaurlaritzak Euskadiko barne-uretan arrantza profesionalaren araudia eguneratu du, eta inguraketa-arrantzaren erabilera flotaren egungo errealitatera egokitu du

0
  • Dekretu berriaren zirriborroak indarrean dagoen araudia arau bakarrean bateratzen du, eta ezartzen du inguraketa-arrantza aldez aurretik Arrantza Zuzendaritzaren baimenarekin eta baliabideen egoerak horretarako aukera ematen duenean soilik erabili ahal izango dela
  • Leandro Azkue: “30 urte baino gehiago dituen araudia eguneratzen ari gara, sektoreari segurtasun juridiko handiagoa emateko, betiere baliabideen kontserbazioa eta jardueraren iraunkortasuna ezinbesteko baldintza izanik

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko barne-uretan itsasontzitik arrantza profesionala egiteko jarduera arautzen duen arau-esparrua eguneratzeari ekin dio. Helburua da, zenbait alderdiri dagokienez hiru hamarkada baino gehiagoko antzinatasuna duen araudia flotaren eta arrantza-baliabideen egungo errealitatera egokitzea.

Dekretu-proiektua, gaur egun jendaurreko informazio-izapidean dagoena, orain arte hainbat xedapenetan sakabanatuta zegoen araudia testu bakarrean bateratzen du. Era integralean arautzen ditu baimendutako arrantza-arteak, tresnak, baliabideak, ekipamenduak eta teknikak, bai eta jarduera gauzatzeko baldintzak eta itsas baliabideak kontserbatzeko, babesteko eta lehengoratzeko neurriak ere.

Berritasun nagusietako bat inguraketa-arrantzari aplikatu beharreko araubidearen eguneraketa da. 1994tik indarrean dagoen araudiak, oro har, Euskadiren eskumeneko uretan arte hori erabiltzea debekatzen du, nahiz eta aurreikusten duen Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak aldi baterako baimenak eman ahal izatea zenbait egoeratan erabiltzeko.

Dekretu berriak planteamendu hori aldatzen du. Inguraketa-arrantza barne-uretan erabil daitezkeen arrantza-arten artean jasoko da, baina haren erabilerak Arrantza Zuzendaritzaren aldez aurreko baimena beharko du betiere. Baimena emateko, arrantza-baliabideen egoerak modalitate hori gauzatzeko aukera eman beharko du, eta erabilerak ez die kalterik eragin beharko hirugarrenei.

“Ez da inguraketa-arrantzaren erabilera mugarik gabe zabaltzea, baizik eta arau-esparru argiagoa, eguneratuagoa eta gure flotaren egungo egoerara egokitua ezartzea”, adierazi du Arrantzako sailburuorde Leandro Azkuek. “Administrazioaren aldez aurreko baimenari esker, une bakoitzean baliabideen baldintzak ebaluatu ahal izango dira, eta baimendutako edozein jarduera baliabideen kontserbazioarekin eta itsas espazioaren gainerako erabilerekin bateragarria dela bermatu ahal izango da”.

Proiektuak, gainera, inguraketa-arrantza erabiltzeko muga zehatzak ezartzen ditu, besteak beste, sareen gehienezko ezaugarriak eta haiek erabiltzeko sakonera-baldintzak. Era berean, arrantza-jarduerarekin lotutako neurri espezifikoak jasotzen ditu. Horrela, inguraketa-arrantza arau-esparru berrian sartzeak ez du esan nahi haren erabilera automatikoki baimentzen denik; aitzitik, administrazioaren kontrolpean eta araututako araubide bat sortzea dakar.

Arauaren berrikuspenak azken hamarkadetan euskal arrantza-flotak izan duen bilakaerari ere erantzuten dio. Eraldaketa horren ondorioz, beharrezkoa da beste flota-errealitate baterako ezarritako mugak eta jarduera-baldintzak berrikustea, egungo egoerara egokitzeko, arrantza-ahalegin orokorra handitu gabe.

“Duela 25 edo 30 urte baino askoz flota txikiagoa eta teknologikoki prestatuagoa dugu, eta gure betebeharra da errealitate horri erantzungo dion araudia izatea, itsas baliabideak arriskuan jarri gabe”, azaldu du Azkuek. “Iraunkortasuna eguneraketa honen abiapuntua da: arrantza-arte desberdinak erabiltzeko edozein aukera araudiak ezartzen dituen baldintzen, kontrolen eta mugen mende egongo da”.

Erreforma honen bidez, Eusko Jaurlaritzak arrantza profesionalaren jardueraren segurtasun juridikoa indartu nahi du, autonomia-erkidegoko araudia indarrean dagoen Europako eta Estatuko araudira egokitu, eta Euskadiko barne-uretan arrantza profesionalerako esparru bakar, koherente eta eguneratua ezarri.

Azken helburua arrantza profesionalaren jarduera ekonomiko eta soziala itsas baliabideen kontserbazioarekin bateragarri egitea da, egungo errealitatera egokitutako kudeaketa-eredu malguago baterantz aurrera eginez, baina baimenean, kontrolean eta iraunkortasunean oinarrituta.