- «Etxebizitza eta bizilekua: erronka ekonomiko, sozial eta urbanistikoak» izenburupean egin den ‘Ekonomiaz’ aldizkariaren 109. zenbakiaren aurkezpenean hartu dute parte, begirada zorrotza eta plurala eskaintzen du agerkariak familien eraketari, eskaintzaren defizitari, alokairuari, lehiakortasunari eta euskal herritarrek adierazitako arazo nagusiari emandako erantzun publikoei buruz
- Torres: «Etxebizitza, gaur egun, ekonomia, enplegu eta lehiakortasun politika bat da»
- Itxaso: «Etxebizitza egonkor batek enpleguaren eta autonomiaren atea ere ireki dezake»
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak Ekonomiaz aldizkariaren 109. zenbakia eta ETXEIN proiektu pilotu berria aurkeztu dituzte gaur Gasteizko Villa Suso Jauregian. Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Alokabide – Alokairu Agentzia Publikoak sustatutako ekimenak, Agintzari – Gizarte Ekimeneko Kooperatibaren laguntza espezializatuarekin, egoitza egonkortasuna gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuekin lotuko du, zuzeneko esleipen bidez alokairu parke publikora sartzen diren eta egoera bereziki ahulean dauden pertsonentzat.
Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen agur instituzionala izan du ekitaldiak, eta monografikoaren ondorio nagusietako bat helarazteko balio izan du: etxebizitzak zuzenean baldintzatzen ditu kontsumoa, enplegua, lan mugikortasuna, talentua erakartzea, emantzipazioa eta aukera berdintasuna.
Testuinguru horretan, Mikel Torresek adierazi du «etxebizitza aldagai erabakigarria» dela gure ekonomiaren funtzionamendurako. «Familiek kontsumitzeko eta aurrezteko duten gaitasunari, langileen mugikortasunari eta enpresek profesionalak erakartzeko duten aukerari eragiten die. Horri heltzeko, politikak konektatu behar dira, baliabideak batu behar dira eta denboran eutsitako herri ikuspegiarekin jardun behar da». Bestalde, Denis Itxasok azpimarratu duenez, «etxebizitza eskuragarria herrialdeko azpiegitura estrategiko gisa tratatu behar da. Gizarte kohesioari eta aukera berdintasunari eusten die, baina baita lehiakortasunari ere. Monografikoak urteetan eraikitako arazo bat zorrotz ordenatzen du, eta ezagutzak, batez ere, zehaztasun, eskala eta anbizio handiagoz jokatzeko balio duela gogorarazten digu».
2026ko irailetik 2027ko abendura bitartean hamabost ibilbide pertsonalizatu eta intentsiboak egingo ditu ETXEINek Durangaldean eta Arratian. Bazterketa arriskuan dauden eta indarkeria matxista egoeretatik atera diren emakumeei eta ohiko etxebizitza judizialki galtzearen ondorioz zaurgarritasun egoera berezian dauden pertsonei zuzentzen zaie proiketu pilotua, baldin eta Alokabidek kudeatutako alokairuko etxebizitza publiko bat zuzenean eskuratzen badute.
Parte-artzaile bakoitzarentzat Balorazio, Laguntza eta Esku hartze Talde bat eratuko da Lanbideren Durangoko bulegoko profesionalekin, Alokabideren eta Agintzariko kideekin. Ibilbideak hala eskatzen duenean, gizarte zerbitzuak, osasun sistema edo bestelako baliabide espezializatuak ere sartu ahal izango dira. Taldeak diagnostikoa, helburuak, esku hartzea eta jarraipena partekatuko ditu, lanbide figura egonkor batekin, bikoiztasunak eta erantzun zatikatuak saihesteko.
Proiektuaren aurkezpenean, Mikel Torresek azpimarratu du inklusioa ezin dela «konpartimentu estankoetan antolatu. ETXEINek enplegua, diru sarreren bermea, etxebizitza eta gizarte laguntza konektatzen ditu pertsona beraren inguruan. Lanbidek enplegagarritasun diagnostikoa, orientazioa eta prestakuntza eta lan baliabideak emango ditu; Alokabidek, berriz, egoitza faktoreen detekzioa eta jarraipena. Ibilbide bat partekatzeak erantzun eraginkorragoa eta gizatiarragoa eskaintzea ahalbidetuko du». Jarraian, Denis Itxasok ziurtatu duenez, «etxebizitza egonkor bat laguntza puntu bihur daiteke, pertsona batek autonomia berreskuratzeko, loturak berreraikitzeko eta berriro enplegura hurbiltzeko. Giltzak egoitza larrialdia konpontzen du, baina gure erantzukizun publikoak aurrera jarraitzen du atea ireki ondoren. Laguntza egokiarekin, giltza horrek berak enpleguaren eta bizitza autonomoaren atea ere ireki dezake».
Bidelagun izateak barne har ditzake laneko orientazioa eta prestakuntza, zainketen antolaketa, gainzorpetzearen prebentzioa, errentari gisa dituen eskubide eta betebeharren gaineko laguntza eta baliabide komunitarioekiko lotura. Proiektuak 88.725 euroko aurrekontua izango du hamasei hilabeteko garapenerako, eta enplegagarritasunean, prestakuntza edo lan baliabideetarako sarbidean, zainketen antolaketan, egonkortasun ekonomikoan eta bizitegi egonkortasunean egindako aurrerapenak ebaluatuko ditu.
Proiektuaren izaera pilotuak aukera emango du baloraziorako, koordinaziorako eta jarraipenerako tresna komunak baliozkotzeko, oztopoak identifikatzeko eta ikaskuntzak dokumentatzeko, beste eskualde eta parke publiko batzuetara hedatzea aztertzeko. ETXEIN Inklusiorako Euskal Kontseiluak balioetsitako ibilbide mistoen ereduan sartzen da, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legearen esparruan.
Etxebizitza, ekonomia eta gizarte kohesioa
Ekonomiaz sei hilean behin argitaratzen den aldizkaria da, nazioarteko proiekzioa duena, eta Eusko Jaurlaritzak 1985etik argitaratzen du azterketa eta eztabaida ekonomikoa sustatzeko, euskal ekonomiari eragiten dioten gaiei arreta berezia eskainiz. 109. zenbakiak etxebizitzari buruzko ikuspegi ekonomiko, sozial eta urbanistikoak biltzen ditu, eta, besteak beste, aztertzen ditu bizitegi premien bilakaera, eskaintzaren elastikotasun txikia, alokairuaren gaineko presioa, finantzarizazioa, erabilera turistikoko etxebizitzak, erabilera lagapeneko kooperatibak, gizarte berrikuntza eta Europako erreferentziak, hala nola, Vienakoa.
Aurkezpenean aztertutako datuen artean, azpimarratzekoa da, 2015 eta 2023 artean, Euskadiko biztanleria % 1 inguru hazi zela, eta etxebizitza premia zuten familiak, berriz, % 7 igo zirela. Aldi berean, egoitza eskaintza % 1 igo zen gutxi gorabehera, eta 2025era arte metatutako hazkundea % 2 ingurukoa izan zen. Familien prestakuntza, etxekoen unitate txikiagoak, zahartzea, bizikidetza modu berriak eta gazteen emantzipazioa eskaintzaren erantzuteko gaitasunaren gainetik hazi dira.
Ondorio horiek baloratzean, Mikel Torresek honako hau nabarmendu du: «Etxebizitzak diru sarreren zati gero eta handiagoa xurgatzen duenean, ekonomiak kontsumitzeko eta aurrezteko gaitasuna galtzen du. Eta pertsona batek enplegu bati uko egiten dionean etxebizitza eskuragarririk hurbil aurkitzen ez duelako, edo enpresa batek arrazoi beragatik talentua sartzea lortzen ez duenean, bizitegi arazoa produktibitate, lehiakortasun eta etorkizuneko arazo ere bihurtzen da».
Ildo beretik, Denis Itxasok gaineratu du «neurriz kanpoko bizitegi faktura batek bahitura isil gisa» funtzionatzen duela errenta erabilgarriaren gainean. «Alokairura edo hipotekara bideratzen den euro gehigarri bakoitza ez da iristen saltoki txikira, ostalaritzara, kulturara, prestakuntzara edo aurrezkira. Gainera, emantzipazioa atzeratzen du eta erabaki pertsonalak eta profesionalak mugatzen ditu. Etxeak dira lehen kaltetuak, baina eragina produkzio sare osora iristen da».
Faktore anitzeko arazo bati erantzuteko tresnen konbinazioa defendatu dute biek: etxebizitza babestu eta eskuragarriagoa, hirigintza prozedura arinagoak, lurzoruaren eta etxebizitza hutsen mobilizazioa, birgaitzea, eraikuntza berrikuntza, alokairuaren erregulazioa eta administrazioen, enpresen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza. Euskadin, hemezortzi udalerrik dute dagoeneko bizitegi merkatuko gune tentsionatu izendapena, eta beste hamalau espediente ari dira izapidetzen. Oro har, deklaratutako eta prozesuan dauden udalerriek EAEko biztanleriaren erdia baino gehiago biltzen dute.
Azterketarako eta eztabaidarako jardunaldia
Jardunaldian, Pompeu Fabra Unibertsitateko José García Montalvok etxebizitzaren esparru ekonomikoari eta erronka nagusiei buruz emandako hitzaldia eta Jone Charterina Abandok moderatuta Aitziber Etxezarreta Etxarrik, Estrella Sánchez Corcherok eta Andoni Calvo Acevedorek egin duten mahai ingurua ere izan dira. Monografikoaren aurkezpenak hausnarketa akademikoa, esperientzia instituzionala eta berrikuntza proposamenak bildu ditu, Euskadiko egoitza irtenbideak bizkortzeko.
- Ekonomiaz aldizkariaren 109. zenbakia: Etxebizitza eta bizilekua. Ekonomia, gizarte eta hirigintza erronkak






