- Berlinen egindako topaketan eskualdeetako eta tokiko gobernuetako, nazioarteko erakundeetako eta beste hainbat eragiletako ordezkariak bildu dira, lurraldeek GJHak tokiko errealitatera egokitzeko duten zeregina eta 2030etik haragoko garapen jasangarriaren agendan duten rola aztertzeko
- GJHak lurraldean txertatzeko lehen lankidetza baten ondoren, Euskadi eta ELGA bigarren proiektu batean ari dira lanean, sektore pribatuan eta eskualdeko lehiakortasunean oinarrituta
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batek Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko ELGAren Hirien eta Eskualdeen 9. Mahai-inguruan parte hartu du Berlinen. Topaketak hirietako, eskualdeetako eta estatuko gobernuetako, nazioarteko erakundeetako, gizarte zibileko, esparru akademikoko eta sektore pribatuko ordezkariak bildu ditu, esperientziak partekatzeko eta GJHak tokiko eta eskualdeko errealitatera egokitzen aurrera egiteko.
Jardunaldian, eskualdeetako eta tokiko gobernuek 2030 Agendaren ezarpenean duten zeregina aztertu da, baita 2030etik haragoko garapen jasangarriaren nazioarteko agenda definitzeko egin dezaketen ekarpena ere. Besteak beste, maila anitzeko gobernantza, lankidetza deszentralizatua, GJHen aurrerapena lurralde-mailan neurtzea eta gizarte- eta ekonomia-eragileen inplikazioa jorratu dira.
Euskadiren parte-hartzea Eusko Jaurlaritzak ELGArekin GJHak lurraldean txertatzeko eta garapen jasangarria eskualdeko lehiakortasunarekin lotzeko duen lankidetzaren barruan kokatzen da.
Lankidetza hori A Territorial Approach to the Sustainable Development Goals in the Basque Country proiektuaren bidez gauzatu zen lehenik, Euskadiren eta ELGAren arteko politika-elkarrizketa baten bitartez. Lan horren emaitza gisa, ELGAk Euskadiri buruzko berariazko txosten bat argitaratu zuen, euskal esperientzia aztertuz eta GJHen lurralde-ezarpena indartzeko gomendioak eginez.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak eta ELGAk lankidetza-ildo horri jarraipena ematen diote bigarren proiektu baten bidez: Catalysing the SDGs in the Private Sector to Strengthen Regional Competitiveness in the Basque Country. Proiektuaren helburua da sektore pribatuan GJHak txertatzeak Euskadiren eskualdeko lehiakortasuna indartzen nola lagun dezakeen aztertzea.
Proiektu berri horrek orain arte egindako lanaren ikuspegia zabaltzen du, enpresa-sarea berariaz txertatuz eta jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta garapen ekonomikoaren arteko loturan sakonduz, Euskadik 2030 Agenda politika publikoetan eta lurraldeko eragileen jardueran integratzeko egindako apustuarekin bat etorriz.
Berlingo Mahai-inguruan parte hartzeak, gainera, Euskadiren esperientzia beste lurralde batzuekin partekatzeko eta ELGArekin abian den lankidetza-fase berriari ekarpena egin diezaioketen nazioarteko ekimenak ezagutzeko aukera eman du.






