Gaur goizean Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Hirugarren Sektorearen Sustapenerako zuzendariak Bizkaiko Elikagaien Bankuak Basaurin daukan biltegi nagusia bisitatu dute. Goizeko 07:30etatik eguerdiko 13:00era egunero 60 boluntario inguru (txandakatzen doazen 177 boluntario dira guztira) elkarte honetara heltzen diren elikagaiak jaso, sailkatu, biltegiratu eta bidaltzeaz arduratzen dira. Zortzi furgonetaren bitartez, egunero, 50 supermerkatuk ematen dizkieten iraungitzear dauden produktuak (esnekiak, fruta, barazkiak, okela…) jaso eta Basauriko biltegi nagusian familien artean banatuko diren loteak sortzeari ekiten diote.
Produktu freskoetatik harago, pasta, olioa, tomate brik-ak, esnea… biltegiratzeko gunea daukate, baita 4 izozkailu erraldoi ere. Bizkaiko Elikagaien Bankuak lurraldean zehar banaketaz arduratzen diren 142 ongintzarako elkarterekin zuzeneko kontaktua dauka eta modu planifikatuan elikagaiak jantoki sozial, aterpe eta beharrizana duten familien artean banatzen dituzte. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak Bizkaiko Elikagaien Bankuari ematen dion dirulaguntzari esker ekintza komunitarioa indartzen dela adierazi du Nerea Melgosa sailburuak. “Bizkaiko elkartasun sare duina, indartsua, eskuzabala eta eredugarria osatzen dute eta Eusko Jaurlaritza beti ondoan izango dute. Egiten duten lana izugarria da, kalitate oneko janaria eta higienerako produktuak pertsona guztiengana heltzea bilatzen dute eta guzti honetan lan egiten duten pertsonak boluntarioak dira. Gure altxor berezia dira eta haiei babesa eta laguntza emateko beti prest egongo gara boluntarioak gure komunitatearen oinarria direlako” adierazi du Melgosak.
Elikagaien Bankuko kideen hitzetan elkartearen helburua ez da beharrizana duen familia baten elikadura osoa ordezkatzea, baizik eta ematen zaiena haien egunerokoaren osagarri izatea. Boluntario gehiago izaten premia ere azpimarratu dute eta horretarako honako e-maila dago erabilgarri: voluntariado@bancali-biz.org






