- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak Unibertsitate Lege aurreproiektuaren eta 2027-2030 Unibertsitate Planaren berrikuntzak aurkeztu ditu.
- Sailburuak espero du 2027ko aurrekontuak hirurteko hau amaitzea azken 25 urteetako unibertsitate publikoarentzako finantzaketa-mailarik handienarekin eta iraunkorrenarekin.
- Pérez Iglesias: “Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatea zorrotzagoa da bere buruarekin, kosmopolitagoa eta ongizate kolektiboaren garrantziaz kontzienteagoa”.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek nabarmendu du gaur Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ikasturte akademikoaren irekieran, Arabako Campuseko Letren Fakultatean egindako ekitaldian, Unibertsitateen Legearen aurreproiektuak eta 2027-2030 Unibertsitate Planak “unibertsitateak datozen urteetan hartuko duen norabidea” markatuko dutela. Testuinguru horretan, honako gai mugarri nagusiak aipatu ditu: ikerketa, nazioarteko dimentsioari arreta berezia eskainiz; irakasleen ibilbide akademikoa; eta unibertsitate-komunitatearen ongizate psikologikoa.
Aurreproiektua datozen hilabeteetan Legebiltzarrera bidaltzea aurreikusten da; 2027-2030 Unibertsitate Plana, berriz, datorren urtearen hasieran aurkeztuko da. Azken horretan, zehaztutako bost ardatz estrategikoetan lortu beharreko helburuak adostuko dira, baita helburu horiek betetzeko aurreikusitako finantzaketaren zenbatekoa eta mekanismoak ere.
Ildo horretan, sailburuak nazioartekotzeari buruzko ardatzari egin dio erreferentzia, eta azpimarratu du “unibertsitate onak, benetan onak” nazioarteko testuinguruan “direla onak” eta “goi-mailako unibertsitate onenekin alderatuz” neurtzen direla, baina zerbitzatzen duen komunitatea eta haren beharrak eta nahiak gogoan izan behar dituela.” Bi ikuspegi horiek ez dute zertan elkarren aurka egon, eta batek ez du bestea lausotu behar” gaineratu du.
Ikerketa eta ibilbide akademikoa
Ikerketak leku nagusia izan du sailburuaren hitzaldian. Nabarmendu duenez, ikerketa funtsezkoa da gizarte aurreratu batentzako, bai ezagutza unibertsalari egiten dion ekarpenagatik, bai aberastasun eta ongizate iturri delako.
Halaber, adierazi du ikerketak unibertsitateko irakasleen prestakuntza eta kualifikazioa sendotzen duela, diziplinen indarguneak eta ahulguneak identifikatzen laguntzen duela eta ikasleei transmititu beharreko begirada kritikoa eskaintzen duela.
Horregatik, azaldu duenez, bai legearen aurreproiektuak bai Unibertsitate Planak arreta berezia jartzen dute punta-puntako ikerketan eta onenekin alderatzean. “Ikerketa eta nazioartekotzea estu lotuta daude”, adierazi du, eta ikertzen ikasteko beharra defendatu du, «onenekin, haiek dauden tokian daudela ere».
Ikerketaren ikuspegi horrek badu isla proposatzen den ibilbide akademikoan ere. Pérez Iglesiasek azaldu duenez, ikerketara eta prestakuntzara bideratutako faseak planteatzen dira, bi jarduera horietan hastea «ia aldi berean, mailaz maila eta ahalik eta baldintzarik onenetan» gerta dadin.
Komunitatearen zaintza eta aukera-berdintasuna
Ikerketarekin eta ibilbide akademikoarekin batera, unibertsitate-komunitatearen zaintza da esparru berriaren beste elementu nabarmenetako bat. Sailburuak ohartarazi duenez, ikerketa ona eta kalitatezko irakaskuntza ezin dira bereizi jarduera horiek garatzen dituzten pertsonen lan-baldintzetatik, bereziki lehen urratsak ematen ari direnen kasuan.
“Unibertsitateak bere komunitatearen ongizatea zaintzeko betebeharra du, bai, gizatasunagatik”, nabarmendu du. Haren iritziz, gainera, hala egin behar du bere eginkizunak betetzeko ahalik eta baldintzarik onenak sortzeko.
Ildo horretan, azaldu du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak helburu horretarako zuzendaritza bat sortu duela, eta bai legearen aurreproiektuak bai Unibertsitate Planak arreta eta zaintza beren xedapenen eta ildo estrategikoen artean jasotzen dituztela.
Sailburuak ibilbide akademikoan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari ere heldu dio bere hitzaldian. “Guraize efektuarekin amaitu behar dugu. Eta horretarako jardun egin behar da”, adierazi du, emakumeek Akademian sartzeko, bertan jarraitzeko eta aurrera egiteko aurkitzen dituzten zailtasunei erreferentzia eginez. Legearen aurreproiektuak ibilbide hori erraztera bideratutako neurriak jasotzen ditu.
Ongizatea ibilbide akademikoan aurrera egiteko arrazoizko itxaropenak izatearekin ere lotu du. “Prekarietatea dagoenean edo ibilbide akademikoan aurrera egiteko arrazoizko itxaropenik ez dagoenean, ez dago ongizaterik ere”, azpimarratu du. Horregatik, aurrera egiteko eta egonkortasuna izateko itxaropenak eskaintzen dituen ibilbide akademikoa defendatu du, bestelako bideak baztertu gabe.
Unibertsitate Planaren elementuen artean, “unibertsitatea, enpresa, gizartea” ardatza ere nabarmendu du. Ardatz horren helburua ezagutza transferitzea indartzea eta gizartearen beharrei erantzutea da, baita bizitza osoan zeharreko prestakuntza sustatzea ere.
Bosgarren ardatz estrategikoa unibertsitate-jarduerak adimen artifizialera egokitzera bideratuta dago, ikerketan eta irakaskuntza- zein ikaskuntza-jardunetan izango dituen ondorioei arreta berezia eskainiz. Sailburuak nabarmendu duenez, unibertsitateak “ahalik eta prestatuen egon behar du ikuspegi teknologiko, etiko eta intelektualetik”, erronka horri aurre egiteko.
12.000 eurotik gora ikasle bakoitzeko aurtengo aurrekontuan
Finantzaketari dagokionez, sailburuak adierazi du lege aurreproiektuak unibertsitatearen zuzkidura Europar Batasuneko herrialdeen batez bestekoarekin pixkanaka parekatzea duela helburu, ikasle bakoitzeko inbertsioa eta biztanleko Barne Produktu Gordina erreferentziatzat hartuta.
Pérez Iglesiasek azpimarratu duenez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lehen bi ekitaldietan, unibertsitate publikoari egindako ekarpen osoa %10etik gora hazi da metatutakoan. Ohiko ekarpenaren kasuan, hau da, aurrekontu-nahikotasuna bermatzera bideratutako ekarpenari dagokionez, igoera %12tik gorakoa izan da.
Pérez Iglesiasek konfiantza agertu du 2027ko aurrekontuak aukera emango duela hiru urteko aldia “mende laurden honetan unibertsitate publikoaren funtzionamendura bideratutako finantzaketaren igoerarik handi eta iraunkorrarekin” amaitzeko.
Euskal Herriko Unibertsitatera zuzenean bideratutako finantzaketari dagokionez, azaldu du 2026an ikasle bakoitzeko 12.000 eurotik gora bideratu direla. Haren iritziz, datozen urteetako bilakaera aurrekoaren antzekoa bada eta gehiegi desbideratzen ez bada, legearen aurreproiektuan jasotako Europako batez bestekoarekin parekatzeko helburua lor daiteke.
Sailburuak bere hitzaldia amaitzeko gogora ekarri du duela hemezortzi urte, errektore zenean unibertsitate-komunitateari agur esan zionean, hiru arriskuren inguruko kezka azaldu zuela foro horretan bertan: “autokonplazentzia, lokalismoa eta kainismoa”. Egun, adierazi duenez, EHU orduan baino unibertsitate hobea da, eta, haren iritziz, datuek hala erakusten dute. “Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatea zorrotzagoa da bere buruarekin, kosmopolitagoa eta ongizate kolektiboaren garrantziaz kontzienteagoa”, azpimarratu du.
Eta lortutakoa bistatik galdu gabe erne jarraitzeko deia eginez amaitu du: “Adi egon gaitezen, bai, baina deabru horiek geldiarazteko gai izan garela jakiteak ematen digun baikortasunarekin”.






