«Luzaroko bizirako azterlanak: zahartzearen erronkei aurre egiteko ekarpenak» Udako Ikastaroaren bidez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak Biziaria ikerketa balioetsi du. Ikerketa horretan, 70 eta 95 urte bitarteko 2.000 adinekok hartu dute parte. Elkarrizketa gehienak etxean egin dira, eta 1 eta 3 ordu arteko iraupena izan dute. Biziariaren helburu nagusia luzaroko bizia hobetzera bideratutako gizarte eta osasun-politiken diseinuaren oinarri den ebidentzia zientifikoa sortzea da.
Bildutako datuak bi hilabete barru argitaratuko dira, eta honako aldagaiei erreferentzia egiten diete: adinekoen etxebizitzari, bizilagunekiko harremanari, osasunari, erretiroari, egindako lanari, euskararen ezagutzari, komunitatean duten parte-hartzeari, sexualitatearekin duten gogobetetzeari, teknologien erabilerari… Jorge Aramendi Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Saileko Estatistika Organoko arduradunaren hitzetan, Biziariaren helburua ikerketa bi urtean behin errepikatzea da, pertsonaren bizi-ibilbidea ikusteko eta datuak luzetara konparatzeko.
«Biziariak Euskadik etorkizunari arduraz aurre egiteko behar duen zerbait eskaintzen digu: hobeto erabakitzeko ezagutza eta hobeto zaintzeko aurrea hartzea. Politikak diseinatu ahal izateko balioko digu, urte gehiago bizitzeak hobeto bizitzea, hobeto egotea eta hobeto sentitzea ere esan nahi baitu. Hori da gure helburu nagusia, eta ez dugu etsiko «, azaldu du Nerea Melgosa sailburuak, udako ikastaroaren irekiera ekitaldian.
Maria Victoria Zunzunegi Pastor Montrealgo Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolako irakasle erretiratuak zahartzeari buruzko politikak diseinatzeko luzaroko bizirako azterlanen garrantzia azpimarratu du. Era berean, gaur Miramar Jauregian (Donostia) egin den ikastaroan, nazioarteko esperientzia finkatuak partekatu dira, hala nola LASA (Herbehereak), SNAC-K (Suedia) eta ELSA (Erresuma Batua), eta horien garapenak eta jarraitutasunak berekin dakartzaten metodologia eta antolaketa-erronkak aztertu dira, bai eta bakoitzak bere gizartean izan duen eragina ere.






