Eusko Jaurlaritzak 3,6 milioi euro bideratuko ditu Unibertsitate Ikerketa Aurreratuko Zentroen bikaintasuna eta nazioarteko kokapena indartzera

0
  • Gobernu Kontseiluak 2026-2028 aldirako laguntza-programa berria onartu du, urtean 1,2 milioi euroko finantzaketarekin
  • Programak lehentasuna emango die bikaintasuneko ekoizpen zientifikoari, finantzaketa lehiakorra eskuratzeari, ikertzaileen talentua erakartzeari eta zentroen nazioarteko proiekzioari

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Unibertsitate Sistemako Unibertsitate Ikerketa Aurreratuko Zentroei zuzendutako laguntza-programa berria, 2026-2028 aldirako. Programak 3,6 milioi euroko zuzkidura izango du, hau da, 1,2 milioi euro urtean, hiru ekitaldietan.

Programa berri honen bidez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ikerketa-masa kritikoa biltzeko, agenda zientifiko handinahiak garatzeko eta nazioarteko bikaintasun-zirkuituetan lehiatzeko gai diren unibertsitate-egiturak sendotzeko konpromisoa indartzen du.

Era berean, ekimen honek nazioarteko bokazio argia duten zentro horiek RIS4 Euskadiko espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan jasotzen diren esparruetan egiten duten lana aitortzen du. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria izan dela mota horretako zentroak sortzen. Programak, gainera, babes argia ematen dio unibertsitate publikoari eta estrategia horren aldeko apustuari.

Unibertsitate Ikerketa Aurreratuko Zentroak puntako ezagutza sortzera bideratuko egiturak dira. Bikaintasuneko ikerketa-taldeak eta -sailak biltzen dituzte, eta Euskadin sortutako ezagutzaren gaitasun zientifikoa, nazioarteko lidergoa eta eragina indartzea dute helburu.

Horrela, zentro horiek Euskadin I+G+b bultzatzen duten eragile espezializatuen sarearekin bat egiten dute, hala nola BERC, CIC eta zentro teknologikoekin.

 

Gaitasun zientifiko eta finantzaketa lehiakor handiagoa

Programa berri honen helburu nagusiak dira zentroen ekoizpen zientifikoa indartzea eta finantzaketa lehiakorra eskuratzeko duten gaitasuna areagotzea, bai nazio mailan, bai nazioartean.

Laguntzek bi alderdi uztartuko dituzte: batetik, zentroen egonkortasuna eta plangintza bermatzeko beharrezkoak diren egitura-beharrei laguntzea; eta, bestetik, ikerketa-jarduera areagotzera, nazioarteko kokapena hobetzera, talentua erakartzera eta deialdi lehiakorretan parte-hartzea handitzera bideratutako jarduerak finantzatzea.

Programak, gainera, ezagutzaren transferentziarekin eta zabalkundearekin, berdintasunarekin eta ikerketa-taldeen ongizate psikosozialarekin lotutako jarduerak jasotzen ditu.

 

Sendotutako egiturei zuzendutako laguntzak

Ezarritako betekizunen artean, nabarmentzekoa da zentroari atxikitako edo zentroak kontratatutako langileen gutxienez % 75ek 2026-2029 aldiari dagokion deialdian Eusko Jaurlaritzak akreditatutako eta finantzatutako bikaintasuneko ikerketa-taldeetako kide izan beharko dutela.

Horrela, deialdiak baliabide publikoak kontzentratzen ditu oinarri zientifiko sendotua duten eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren aurrerapenari ekarpena egiteko gaitasuna egiaztatuta duten egituretan.

Programa bat dator Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2030 Planaren lehentasunekin, bereziki bikaintasun zientifikoa eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren nazioarteko proiekzioa sustatzeari dagokionez. Era berean, lagungarria izango da aurrean ditugun hiru trantsizioek planteatzen dituzten erronkei erantzuteko: trantsizio digital eta teknologikoari, trantsizio energetiko eta ingurumenekoari, eta trantsizio soziodemografiko eta sanitarioari.

Halaber, ekimenak euskal unibertsitateek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako eragileekin, Europako Ikerketa Esparruarekin eta Horizonte Europa bezalako nazioarteko programekin duten lotura indartu nahi du, erreferentziazko sare eta partzuergoetan parte har dezaten eta nazioarteko finantzaketa erakartzeko gaitasuna areagotu dezaten.