Bengoetxea lehendakariordeak: “Euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraituko dugu”

0

Eusko Jaurlaritzak Epaitegi Nagusiaren epaia aztertuko du eta dekretu berria lantzen jarraituko du

Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak sakon aztertuko duela EAEANren epaia, zeinak 19/2024 Dekretua baliogabetzen duen, eta Administrazio Publikoan euskararen erabileraren normalizazioari buruzko dekretu berria lantzen jarraituko duela.

Bengoetxeak nabarmendu du epaiak “ez duela zalantzan jartzen Administrazioan euskara normalizatzeko helburua”, eta azaldu du baliogabetzea dekretuaren prestaketa-prozedurarekin lotutako gaietan oinarritzen dela, bereziki memoria ekonomikoan.

Lehendakariordeak Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du: “Euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraituko dugu”, eta herritarrek Administrazioarekin nahi duten hizkuntzan harremanak izatea bermatzea dela helburua adierazi du.

Era berean, gogorarazi du dekretua eguneratzeko lana epaia ezagutu aurretik ere martxan zegoela, ekainean onartutako Enplegu Publikoaren Legearen aldaketaren ondorioz. Orain, Jaurlaritzak epaiaren oinarri juridikoak aztertuko ditu dekretu berrian txertatzeko eta “segurtasun juridiko handiagoa” emateko. Epaia ez da irmoa, eta Jaurlaritzak 30 eguneko epea du jakinarazpena jasotzen duenetik balizko helegitea aztertzeko.