Pérez Iglesias: «Musikeneren 25 urteak historia arrakastatsu baten isla dira»

0
  • Pérez Iglesiasek nabarmendu du Musikene Euskadik musika-hezkuntza bikainaren alde egindako apustua dela, mundura irekia eta gure gizartearekin konprometitua.
  • Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak programazio berezi batekin ospatuko du bere 25. urteurrena, eta nazioartekotzearen, euskal musika-ondarearen, gizarte-konpromisoaren eta ikerketaren inguruan duen misioa berresten du. 

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, Musikenek, 2026-27 ikasturte honetan bere 25 urteko ibilbidea ospatuko du hogei bat jarduerarekin, ikasleak, irakasleak, ikasle ohiak, artistak eta musikaren arloko profesionalak bilduko dituena. Urteurrenak balio du, halaber, 2001ean 54 ikaslerekin hasi eta gaur egun goi-mailako musika-hezkuntzaren erreferentziazko zentro gisa finkatu den proiektu baten bilakaera nabarmentzeko.

«Musikenek historia arrakastatsua izan du, eta, neurri handi batean, sortu zuten pertsonek izan zuten ikuspegiari zor zaio», adierazi du Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, eta Inaxio Oliveri orduko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua aipatu du esplizituki, Pérez Iglesiasen arabera «formula egokia erabili baitzuten». Era berean, 25 urte hauetan Musikeneri jarraipena eta babesa eman dioten pertsona guztien garrantzia azpimarratu du.

Urteurrenaren programazioan kontzertuak, topaketak, bitartekotza-jarduerak eta musika klasikoari, jazzari eta euskal musika tradizionalari lotutako proposamenak izango dira. Ekimen nabarmenen artean honako hauek daude: Jose Maria Usandizagaren Las golondrinas lanaren bertsio osoa berreskuratzea Kursaal Auditorioan; Carlos Kalmarrek zuzendutako Musikeneko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua Euskalduna Jauregian; Musikene Big Bandek arte plastikoetako euskal emakume artistei buruz egindako proposamena; Hans Abrahamsen konpositorearen egoitza; Aniztasunari, Ekitateari eta Inklusioari buruzko Nazioarteko Jardunaldiak eta Euskal Musikari buruzko Ikerketa Kongresua.

Lau ardatz etorkizuneko proiektu baterako

Musikeneren misioa lau ardatzen inguruan egituratzen da: nazioartekotzea, euskal musika-ondarea, gizarte-konpromisoa eta ikerketa.

Nazioartekotzea zentroaren identitatearen parte da. Bere 25 urteetan 40 nazionalitatetako ikasleak titulatu dira, eta gaur egun 21 herrialde baino gehiagotatik datoz ikasleak; irakasleek, berriz, 17 nazionalitate ordezkatzen dituzte. Tituludunek, gainera, Euskadin eta Euskaditik kanpo, orkestra, ensemble eta lehen mailako kultura-erakundeetan egiten dute lan.
Euskal musika-ondarea da proiektuaren beste zutabeetako bat. Musikenek berrogei euskal konpositoreren 80 lan inguru ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen ditu urtero. Gure Sortzaileak Gogoan bezalako ekimenek eta Kaierak bildumak euskal musika sorkuntza babesten eta proiektatzen laguntzen dute.

Euskal musika-ondarea da proiektuaren beste zutabeetako bat. Musikenek berrogei euskal konpositoreren 80 lan inguru ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen ditu urtero. Gure Sortzaileak Gogoan bezalako ekimenek eta Kaierak bildumak euskal musika sorkuntza babesten eta proiektatzen laguntzen dute.

Gizarte-konpromisoa duela hamarkada bat baino gehiagotik gauzatzen da musika desgaitasuna duten pertsonei, egoera soziokulturalean dauden kolektiboei eta haurrei hurbiltzen dieten proiektuetan, elkarteekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan. Dimentsio hori indartu egiten da Musikenek aniztasunaren, ekitatearen eta inklusioaren arloan egindako lanarekin.

Azkenik, ikerketak aukera ematen dio ikastetxeari musika-hezkuntzaren abangoardian mantentzeko eta ezagutza sortzen eta zabaltzen laguntzeko. Musikenek estatuko eta nazioarteko proiektuetan parte hartzen du, bere ikerketa-ildoak garatzen ditu eta Europako goi-mailako hezkuntza-zentroekin lankidetzan aritzen da, kongresuak, topaketak eta dibulgazio-jarduerak antolatzeaz gain.

25 urte talentua prestatzen

25 urte hauetan 1.673 ikasle graduatu dira Musikenen. Zentroak graduko ikasketa ofizialak, bost master eta graduondoko eta etengabeko prestakuntzako hainbat programa eskaintzen ditu gaur egun, eta horiei Euskal Musika Tradizionaleko Ikastaroa gehitzen zaie.

Jarduera artistiko eta akademikoa da, halaber, bere ezaugarri nagusietako bat: 250 kontzertu inguru eta 80 masterclasse eta hitzaldi ematen ditu urtero. Bere graduatuak Euskal Herriko hiru orkestra handietan — Euskadiko Orkestra, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa — eta Estatuko eta Europako musika-talde eta -erakunde askotan egiten dute lan.