- Hezkuntzako sailburua Urdaibaiko Ekoetxean XIX. edizioko ziurtagiriak entregatzeko ekitaldiaren buru izan da; aitortza horrek ikastetxeek jasangarritasunarekin eta 2030 Eskola Agendarekin duten konpromisoa saritzen du
Iraurgi HLBHIPk (Azpeitia), Larramendi Ikastola HLBHIPk (Mungia) eta Nuestra Señora de las Mercedes HLBHIPk (Gasteiz) Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso dute gaur eguerdian. Aitortza horrek beren hezkuntza-proiektuan eta ikastetxearen bizitzan modu transbertsalean jasangarritasuna integratzen duten ikastetxeak saritzen ditu.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua izan da Busturiko Urdaibaiko Ekoetxean XIX. edizioari dagozkion ziurtagiriak entregatzeko ekitaldiaren buru, hiru ikastetxeetako ordezkariekin batera.
Bere hitzaldian, sailburuak zorionak eman dizkie saritutako ikastetxeei, eta, nabarmendu duenez, «jasangarritasunean heztea balioetan, erantzukidetasunean eta ingurunea eraldatzeko ahalmenean heztea da, ezagutzatik, partaidetzatik eta konpromisotik abiatuta».
Era berean, Begoña Pedrosak azpimarratu duenez, «Euskadirentzat nahi dugun hezkuntza-ereduaren parte da jasangarritasuna. 2030 Eskola Agendaren bidez, garapen jasangarrirako helburuek kontzeptu teoriko izateari uzten diote, eta ikasleei erronka globalak ulertzen eta etorkizun jasangarriago bat eraikitzen aktiboki inplikatzen laguntzen dieten ikaskuntza-proiektu bihurtzen dira».
Pedrosak euskal hezkuntzak bizi duen unea ere izan du hizpide, eta honako hau adierazi du: «Gure hezkuntzan hobetu behar dugunaz asko hitz egiten ari garen egun hauetan, garrantzitsua da gure ikastetxeek ondo egiten dutena ere aitortzea. Ezagutzera ematea merezi duen lana egiten ari diren irakasleak, ikastetxeak eta ikasleak ditugu».
JASANGARRITASUNAREKIKO KONPROMISOA AITORTZEA
Eskola Jasangarria ziurtagiriak jasangarritasuna bere proiektuaren ardatz estrategikotzat hartu duten ikastetxeak saritzen ditu. Ziurtagiriak 2030 Eskola Agendaren garapenean izandako ibilbide finkatua eta hezkuntza-komunitate osoak ingurumena hobetzeko, berritzeko eta parte hartzeko duen etengabeko konpromisoa aitortzen ditu.
Aitortza hau lortzeko, ikastetxeek 2030 Eskola Agendaren garapenean izandako ibilbide jarraitua egiaztatu behar dute, eta egindako lanaren ebidentzia zehatzak aurkeztu behar dituzte. Ebaluazioak hainbat alderdi jasotzen ditu, hala nola jasangarritasuna curriculumean txertatzea, ikastetxearen ingurumen-kudeaketa, ikasleen parte-hartze aktiboa eta irakasleen, familien eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideen inplikazioa.
Prozesuan sartzen dira ikastetxearen autoebaluazioa, ebidentzien aurkezpena eta EA2030en Ebaluazio Batzordearen bisita, emandako informazioa kontrastatzeko. Bisitan, ibilbide bat egiten da ikastetxean ikasleekin, eta bilera bat proiektuaren arduradunekin.
Ebaluazioa 100 kalitate-irizpidetan egituratzen da. Horiek sei dimentsiotan sailkatuta daude: jasangarritasuna, konplexutasuna, prozesua, partaidetza, lankidetza eta curriculuma. Besteak beste, alderdi hauek baloratzen dira: jasangarritasunari buruzko sentsibilizazioa eta gogoeta; ikastetxearen antolaketa; prozesuen jarraitutasuna eta finkatzea; ikasleen protagonismoa; hezkuntza-komunitatearen partaidetza; ingurunearekiko lankidetza; berrikuntza; eta jasangarritasuna irakatsi eta ikasteko prozesuetan txertatzea.
Ebaluazioaren oinarri diren ebidentziek barne har ditzakete hezkuntza-proiektua, curriculum-proiektua, urteko planak, programazioak, aktak, erregistroak eta proiektuari lotutako bestelako dokumentazioa.
2030 Eskola Agendaren ibilbideak irismen handia izan du Euskadin. Finkatutako datuak dituen azken ikasturtean, programa 126 udalerritako 470 ikastetxetan egon da, eta 220.000 ikasle baino gehiagorengana iritsi da, Euskadiko ikastetxeen % 60ra, gutxi gorabehera.
HIRU PROIEKTU, KONPROMISO BAT
Aitortzaren XIX. edizioak balioetsi egin ditu errealitate eta testuinguru desberdinetatik jasangarritasuna ikaskuntza- eta partaidetza-esperientzia bihurtzeko apustu bera egiten duten hiru hezkuntza-proiektu. Iraurgi Ikastetxeak, Larramendi Ikastolak eta Nuestra Señora de las Mercedesek, beren ibilbidean zehar, ikasleak eta hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen dituzten eta ikaskuntza ingurunearen zaintzarekin eta hobekuntzarekin lotzen duten ekimenak garatu dituzte.
- IRAURGI HLBHIP (AZPEITIA)
Iraurgi Ikastetxean hiru proiektu nabarmentzen dira: «Hozkailu solidarioa – Zero zabor», «Plastikorik gabe» eta «Basoeskola». Ekimen horiek jasangarritasuna eta hezkuntza uztartzen dituzte, eta hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen dute zenbait ekintzatan, hala nola elikagai-soberakinak aprobetxatzea, plastikoen erabilera murriztea eta ikasleak ingurumen-balioetan heztea.
- LARRAMENDI IKASTOLA HLBHIP (MUNGIA)
Larramendi Ikastolak, bere indargune nagusien artean, berdeguneak erabiltzen ditu hezkuntza-baliabide gisa. Urmaela, baratzea eta lorategiak zaintzeak jasangarritasuna ikasleen jardueraren erdigunean jartzen du, eta proiektuaren hainbat esparruri heltzeko aukera ematen du. Garatutako esperientzien artean, «Urmaela gaixorik dago?» nabarmentzen da. Ekimen horrek urmaelaren eutrofizazioa baliatzen du arazo ekologiko bat lantzeko, ikastetxearen beraren ingurunetik bertatik abiatuta.
- NUESTRA SEÑORA DE LAS MERCEDES HLBHIP (GASTEIZ)
Nuestra Señora de las Mercedesek, ikastetxe osoaren partaidetzatik abiatuta, ohitura jasangarriak sustatzen dituzten ekimenak garatzen ditu. Horien artean, «Plastikorik gabeko astea» nabarmentzen da. Jarduera horren bidez, astebetez, ikasleei gonbita egiten zaie hamaiketakoan plastikoak saihesteko eta ontzi berrerabilgarriak erabiltzeko. Klase bakoitzak erabilitako plastikoak erregistratzen ditu eta alternatibak proposatzen ditu, eta plastikoak gehien murriztea lortzen duen klaseak, aitortza gisa, aparteko jolas-ordu bat lortzen du. Horrela, kontzientziatzeko eta hondakinak murrizteko esperientzia praktiko eta ludiko bihurtzen da erronka.
IKASTETXE KONPROMETITUEN SAREA
Eskola Jasangarria aitortza lortzen duten ikastetxeek beren borondatez parte hartzeko aukera izan dute IRAES 21en (Jasangarritasunaren aldeko Euskadiko Eskolen Sarea). Sare hori Eusko Jaurlaritzak sustatua da, esperientziak trukatzeko eta jasangarritasunerako hezkuntza sustatzeko ikastetxeen arteko lankidetzarako gune gisa.
Gaur egun, 30 ikastetxe inguruk parte hartzen dute IRAES 21en, eta partaidetza-eredua berrikusten ari da, jasangarritasunerako hezkuntzaren lan-etapa berrira egokitzeko.
135 IKASTETXE AITORTUTA
XIX. edizio honetan aitortutako hiru ikastetxeak gehituta, 137 dira dagoeneko Euskadin Eskola Jasangarria ziurtagiria duten ikastetxeak.
Aitortzak ikastetxeek jasangarritasuna ikaskuntzan txertatzeko eta ikasleei beren ingurunea zaintzen rol aktiboa emateko egindako lana balioesten du.






