Nerea Melgosa: «Estatuko gobernuak ez digu adingabeak hartzeko eskaerarik egin»

0

Gaur Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Nerea Melgosa sailburuak gogorarazi du Euskadi subjektu politikoa dela, eta, horregatik, estatuak irizpide bat ezarri aurretik galdetu egin behar duela lehenik. «Ez dugu inposaketaz hitz egin behar, kontsentsuaz eta kogobernantzaz hitz egin dezagun. Estatuko gobernuak ez digu eskatu adingabeak hartu ditzagun, une hori iristen bada aztertuko dugu «, azaldu du Melgosak.

Era berean, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak azpimarratu du hiru foru-aldundiek inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrei arreta emateko baliabideak tentsionatuta dituztela. «Euskadi beti izan da solidarioa, beste autonomia-erkidego batzuek ere modu solidarioan jokatu behar dute» gaineratu du Melgosak. Era berean, ohartarazi du banaketa hipotetiko bat Migrazioaren Egitura Plan batekin eta Iparraldeko Mugaren aitortzearekin iritsi beharko litzatekeela. Nerea Melgosaren hitzetan, migrazio-plan horretan, adingabeez hitz egiteaz gain, ezohiko erregularizazioaz, asilo-eskaerez, PEMAz… hitz egin beharko litzateke.

Udalekuak

Uda honetako udalekuei buruzko galderen aurrean, Nerea Melgosak aisialdiko erakundeen lana nabarmendu du, 364 erantzukizunpeko adierazpen aurkeztu baitituzte eta udako hilabeteetan 100 ikuskapen inguru egin dituzten 3 inpektore berrien lana azpimarratu du. «Koordinazioa zorrotza izan da, eta lana oso ona; motibagarria izan da ikuskatzaileen eta aisialdiko elkarteen ahalegina ikustea. Erakutsitako inplikazioagatik eskerrak eman nahi dizkiet. Iaz Bernedon gertatutakoa salbuespena izan zen, eta ez du zerikusirik euskal aisialdi eta astialdi ereduaren egiteko onarekin «, azaldu du Melgosak.

Familientzako laguntzak (0-4 urte bitarteko haurrak)

Erronka demografikoari dagokionez, sailburuak esan du jaiotza-tasa txikia faktore anitzeko gaia dela eta Europa osoan kezka sortzen duela. Gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 4 urtera arte (haurren adina) luzatu dituela aurten familientzako jaiotzagatiko laguntzak. Uztailetik gaur arte 18.981 eskaera jaso dira Euskadin. Era berean, Nerea Melgosak azaldu du lana eta familia uztartzeagatik lanaldia murriztea eskatzen duten pertsona gehienak emakumeak direla oraindik. «Gero eta gizon zaintzaile gehiago dago, baina oraindik asko dago egiteko. Gizonek ere pausoa eman behar dute zaintzan inplikatzeko eta, horrela, emakumeak ongizate integralera iritsi ahal izateko» amaitu du Melgosak.