Eusko Jaurlaritzak garraio-sare elektrikoan inbertsioak handitzeko konpromisoa lortu du, 2030era bitartean Euskadiko sare elektrikoaren potentzia 6.000 megawatt handitzeko. %50eko hazkunde esanguratsu horri esker, euskal industriak datozen urteetan izango dituen energia-beharrak asetzeko beharrezko hornidura bermatu ahal izango da. Horretarako, aurrekaririk gabeko inbertsioa egingo da azpiegitura elektrikoetan, eta aurreikuspenen arabera, datozen bost urteetan gauzatuko da.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Mikel Jauregik, gaur goizean akordio horren berri eman du Gatikako azpiestaziora egindako bisitan. Bisitan harekin batera izan da Joan Groizard, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Energiaren Estatu idazkaria.
Jauregik azaldu du handitze horrek garrantzi handia izango duela Euskadiren garapen industrial eta energetikorako, baita industria-proiektu berriak sarera konektatzea errazteko ere. “Gaur urrats erraldoia eman dugu gure industriaren arazo handienetako bati irtenbidea emateko: entxufe faltari. Iaz, gure potentzia elektrikoa %40 handitzen zuen zirriborro-akordio bat iragarri genuen. Gaur, berriz, inbertsio-planaren behin betiko bertsioak potentzia hori %50era igotzen duela iragarri dugu. Datozen bost urteetan %50 entxufe gehiago izango ditugu Euskadin”.
Sailburuak nabarmendu duenez, «%50eko potentzia gehigarri hori lortzeko, gaur egun dauden azpiestazio ia guztietan jardungo da, 20 esku-hartze baino gehiago eginez, eta 10 azpiestazio parke berri eraikiko dira. %50eko handitze horren ondorioz, datozen bost urteetan 6.000 megawatt gehigarri izango ditugu, eta horrek gure egungo industriaren deskarbonizazio- eta hazkunde-beharrak asetuko ditu, eta, aldi berean, gure herrialdera inbertsio estrategikoak erakartzea ahalbidetuko du».
«Oso pozik gaude lorpen honekin; izan ere, hilabete askotako lanaren, negoziazioaren eta Euskadiren interesen defentsaren emaitza da», adierazi du amaitzeko Mikel Jauregi sailburuak.
Lortutako konpromisoa 2030 Horizonteko Garraio Sarearen Plangintzan txertatuko da. Eusko Jaurlaritzak Euskadirako aurreikusitako potentzia 6.000 MW-ra igotzea lortu du, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argitaratutako proposamenari aurkeztutako alegazioak kontuan hartu baitira.
%50eko potentzia gehigarri hori lortzeko, gaur egun dauden azpiestazio ia guztietan jardungo da, 20 esku-hartze baino gehiago eginez, eta 10 azpiestazio parke berri eraikiko dira.
Zehazki, Gasteiz hegoaldean eraikiko den azpiestazio berri batek inguruko industria-eremuaren hazkundeari eta modernizazioari erantzuteko aukera emango du. Aiaraldean, Aiara azpiestazioaren hobekuntzak eskualdearen suspertze industrialean lagunduko du. Bizkaian, Gatikako azpiestazioaren gaitasuna handituko da, Zamudioko Parke Teknologikoaren eta Bizkaiko ekialdeko eremuaren garapena bultzatzeko. Horrez gain, Santurtzi eta Ortuella arteko lotura indartzeak ingurune horretan proiektu berriak abian jartzea erraztuko du. Gipuzkoan, Urolako azpiestazio berriak horniduraren segurtasuna bermatuko du eta kostaldeko jarduera industrialari bultzada emango dio; gainera, Ormaiztegiko eta Arkaleko handitze-lanek, hurrenez hurren, Goierriko suspertze industriala eta Pasaialdearen garapena babestuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak 2030 Horizonteko Garraio Sarearen Plangintzan inbertsioak handitzea lortu du, eta horri esker 6.000 MW gehigarri izango dira gure sare elektrikoetan: 2.300 MW garraio-saretik etorriko dira, banaketa-sareari euskarria emateko eta industria-kontsumitzaile handien beharrei erantzuteko; 750 MW energia elektriko berriztagarrien ekoizpen propiorako izango dira, eta, gainera, banaketa-sarean beste 3.000 MW gehiago ahalbidetuko dira, gure egungo industriaren deskarbonizazioa eta hazkundea bultzatzeko.
Plangintza honek esparru egonkorra eskaintzen du inbertsio estrategiko berriak erakartzeko eta dagoen industriaren zein proiektu berrien konexio-beharrei aurrea hartzeko. Aldi berean, aurreikusitako berrikuspen-mekanismoei esker, plangintza eguneratu eta eskari elektrikoaren bilakaerara egokitu ahal izango da, sarearen gaitasunak etorkizuneko industria-inbertsioei arinago erantzun ahal izan diezaien.
Ildo horretan, sailburuak azpimarratu du emaitza hori Eusko Jaurlaritzaren lehentasun bati erantzuten diola: sare elektrikoa industriaren hazkunde-, modernizazio- eta deskarbonizazio-beharrek eskatzen duten erritmo berean aurrera doala bermatzea.
Inbertsioak sustatzeko esparru berri bat
Inbertsioaren hazkunde hori posible izan da joan den uztailaren 28an onartutako Estatuan energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareen inbertsio-planak arautzen dituen Errege Dekretuari esker. Araudi berri horrek sare elektrikoetarako aurreikusitako inbertsio-bolumena handitzen du.
Erregulazio berri horrek Eusko Jaurlaritzak Ministerioari helarazitako proposamenari erantzuten dio, Euskadin energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetara bideratutako inbertsioak handitzeko helburuarekin.
Esparru berri horrek sare elektrikoetara bideratutako inbertsioen bolumena handitzea ahalbidetzen du, eta industria-eskariaren bilakaerara egokitzeko gaitasun handiagoa duen plangintzari estaldura ematen dio. Horrela, aurreikusitako jarduketak ez dira egungo beharrei erantzutera mugatzen; aitzitik, sarea prest uzten dute konexio berriak txertatzeko eta etorkizunean zehaztuko diren inbertsio estrategikoak bizkortzeko.
Garraio-sarea tentsio oso altuko azpiegitura handiek osatzen dute, eta lurralde ezberdinen artean energia-kantitate handiak trukatzea ahalbidetzen du, ekoizpena eta kontsumoa elkarren artean konektatuz. Banaketa-sareak, berriz, energia hori industrietara, etxebizitzetara eta zerbitzu publikoetara iristea ahalbidetzen du. Bi sare horiek modu koordinatuan indartzea funtsezkoa da hornidura bermatzeko eta konexio berriak errazteko.
Azpiestazioak elektrizitatea eraldatu eta banatzeko instalazioak dira, energia tentsio egokian irits dadin eskaria dagoen industria-instalazioetara.
Euskal industriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuna
Garraio-sarean aurreikusitako inbertsio-proposamenak, banaketa-sareari dagozkion planen onespenarekin batera, esparru egokia sortzen du euskal industriaren egungo eta etorkizuneko konexio-beharrei erantzuteko.
Horrela, sare elektrikoaren garapenak aukera emango du gaur egungo industria-jardueraren hornidura eta hazkundea bermatzeko, baita etorkizunean ezarriko diren industria-proiektu berrien beharrei erantzuteko ere. Gainera, sarearen gaitasuna handitzeak inbertsio estrategikoak erakartzen lagunduko du, Euskadiren lehiakortasuna, industrializazioa eta deskarbonizazio-prozesua indartuz.
Eusko Jaurlaritzak Ministerioarekin eta sareen arduradunekin lanean jarraituko du, plangintza urte amaiera baino lehen behin betiko onartua izan dadin. Helburua da aurreikusitako inbertsioak ahalik eta lasterren martxan jartzea eta azpiegitura berriak erabilgarri egotea Euskadiren behar elektrikoak handitzen diren neurrian.
Industria Planaren proiektu eraldatzaileak
Euskadi 2030 Industria Planak lidergo publiko zein pribatuko 23 proiektu eraldatzaile islatzen zituen. Horiei lidergo pribatuko 2 Proiektu Eraldatzaile berri gehitu zaizkie: «Zero Emissions Marine Boat» eta «Nanomedikuntzarako hidrogel adimendunak».
Industria Plana plan dinamikoa da, eta bertan garatzen dira Proiektu Eraldatzaileak; aurreikusita dago proiektu berriak txertatzen jarraituko direla, industria premiek aurrera egin ahala.
Guztira, gaur egungo 25 Proiektu Eraldatzaileetatik, dagoeneko 16 atera dira: 10 sektore publikoak gidatuta eta 6 sektore pribatuak gidatuta.
Hauek dira sektore publikoak gidatutako proiektuak: ESG Euskadi (BasquESG); Euskadi: Climate Change adaptation living lab; Euskadi SpaceLab (ESA BIC); Energia Berriztagarrien Garapena; Prozesu administratiboen Hobekuntza (Autopista Araugilea); Lurzoru industrialaren eta azpiegituren erreserba estrategikoa; Scale Up Funtsa; Euskorpus; Basque Zirkular Metals; eta, «Euskal sare elektrikoen plangintza» proiektua, gaurko erabakiarekin, gauzatzeko behin betiko urratsa eman duena.
Sektore pribatuak gidatutako sei proiektuak honako hauek dira: «Euskadin abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoaren arkitektura berriak»; «ROBOOST»; «nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak»; «Erregai berriztagarrien huba»; «Grid4Industry»; eta «Zero Emissions Marine Boat».
Sei Proiektu Eraldatzaile horiek 679 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakarte, eta horietatik 368 milioi I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira. Sei proiektuen artean kalitatezko 3.800 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria sareko beste 159 enpresa – gehienak industria txiki eta ertainak – trakzionatuko dituzte, Euskadiko teknologia zentroen laguntzarekin.






