Bizkaiko Foru Aldundiak, EEEk eta PreZerok osatutako aliantza publiko-pribatu batek bultzatutako instalazioak gune berean gauzatzen du prozesu osoa, hondakin organikoaren tratamendutik gas sarean injektatzeko prestatutako biometanoa lortzeraino.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker foru-sozietatearen bitartez, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta PreZerok Metabarri inauguratu dute gaur, biometanizazio-planta berria, Artigasko Ekoparkean kokatua, zeinak posible egingo baitu gaika bildutako hondakin organikoak biometano izeneko gas berriztagarri bihurtzea. Estatuan lehen instalazioa da prozesu guztia gune berean gauzatzen duena, hondakin organikoa jasotzen eta tratatzen denetik gas-sarean injektatzeko prestatutako biometanoa lortzen den arte. Era horretan, edukiontzi marroian utzitako hondakinak bere osoan bihurtu ahal izango dira energia berriztagarrirako iturri.
Azpiegiturak ekainean ekin zion probako faseari, eta hil honen amaieran hasiko da lehen hondakinak jasotzen, jarduerari era progresiboan lotzeko.
Inaugurazio-ekitaldian parte-hartzaile aritu dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia eta Borja Martín Zorita PreZeroko negozio-garapeneko zuzendaria. Instalazioetara egin duten bisitan, lehen eskutik ezagutu dituzte prozesuaren faseak.
Metabarrik 25 milioi euroko inbertsioa behar izan du, eta 17 milioi eurotik gorako dirulaguntza jaso da Next Generation funtsetatik. Gainera, 8.300 bat metro koadro hartzen ditu, Artigasko Ekoparkeko egungo konpostatze-instalazioaren ondoan. Planta abian jarrita, erantzuna eman ahalko zaio edukiontzi marroiaren bidez materia organikoa gaika biltzeak datozen urteetarako aurreikusita daukan hazkundeari.
Inaugurazioan, Elixabete Etxanobek hau nabarmendu du: “Metabarrik oso ondo irudikatzen du eraiki nahi dugun Bizkaia: bere hondakinak konposta bezalako baliabide bihurtzen, energia berriztagarria sortzen eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzen dien lurraldea. Planta honi esker, materia organikoa kantitate handian eraldatu ahal izango da, 50.000 tonaraino urtean, eta horrek erakusten du ekonomia zirkularra ez dela helburu soila: dagoeneko martxan jartzen ari garen errealitatea da”.
Bestalde, Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “planta hau urrats berri bat da Euskadirentzat energia sistema garbiagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa eraikitzeko, industria kontsumo ugariren deskarbonizazio efektiboan laguntzen duelako. Energia berriztagarri gehiago ekoitzi behar dugu hornitzeko, eta proiektu guztiak dira baliozkoak, bai instalazio eoliko handiak, bai teilatuetako eguzki plaka txikiak. Denak egiten du ekarpena. Eta Euskadi urrats irmoak ematen ari da helburu horretan, EEE Maparen kasuan bezala, non etorkizuneko instalazio berriztagarrien potentzial handiena duten kokapen onenak identifikatzen diren, horien garapena indartzeko. Gainera, proiektua erabat lerrokatuta dago Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Industria Planarekin, eta funtsezkoa izango da industrian energia soluzio berrien erabilera bultzatzeko, bereziki elektrifikatzeko zailak diren sektoreetan.
Metabarrik erakusten du badugula behar den gaitasun teknologiko, industrial eta instituzionala Trantsizio Energetikoaren abangoardian kokatuko gaituzten proiektu berritzaileak eta eraldatzaileak garatzeko. Lantegi horrekin beste urrats bat egin da Euskadi jasangarriago, lehiakorrago eta energetikoki autonomoago baterantz ”.
Borja Martin Zoritak, PreZeroko Negozio Garapeneko zuzendariak, nabarmendu duenez, “duela hamarkada batzuetatik hona, lurralde hau aurretik joan da ekonomia zirkularrean abangoardian mantentzeko. Gaur inauguratu dugun lantegia teknologiaren eta berrikuntzaren adibide berri bat da, etengabeko hobekuntzaren ibilbide luze horretan. Instalazio aitzindaria da, lankidetza publiko-pribatuaren emaitza, eta beste behin erakusten du elkarrekin askoz gauza gehiago lor ditzakegula. PreZeron, prest eta prest gaude Bizkaiari laguntzen jarraitzeko, ekonomiaren eta ingurumenaren etorkizun hobea lortzeko bidean ”.
Edukiontzi marroiaren erabilera hazkorra
Metabarri eraikitzeak beharrizan bati erantzuten dio: frakzio organikoaren gaikako bilketaren gehikuntzara egokitu behar dira tratamendu-azpiegiturak. Bizkaiko Tokiko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako 2030eko Plan Integralean (BHPKPI 2030) planteatzen da hondakin horiek bereizten eta aprobetxatzen jarraitzea eta gutxienekora murriztea azkenean suntsitzen direnak.
Planta berriari esker, materia organikoa kantitate handian tratatuko da, 50.000 tonaraino urtean, eta Bizkaian dauden konpostatze-instalazioen ahalmena osatuko da, hala nola Bizkaiko Konpostegiarena eta eskualdeko instalazioena.
Hala, familiek eta establezimenduek edukiontzi marroian utzitako hondakin organikoak energia berriztagarrirako iturri berria bihurtu ahal izango dira. Metabarrik, era horretan, posible egingo du aurrera egitea hondakinak berriro baliabide bihurtuko dituen eredu baterantz.
Behin funtzionamendu betean dela, urtean 12.700 etxe inguruk kontsumitutako energiaren baliokide den energia-kantitatea sortu ahal izango du plantak. Lortutako biometanoa erabiliz, gainera, berotegi-efektuko gasen emisioak % 95eraino murriztu ahal izango dira, erregai fosilen erabilerarekin lotutako emisioen aldean.
Edukiontzi marroitik balioztapen material eta energetikora
Edukiontzi marroian jasotako hondakin organikoekin hasten da prozesua. Hondakin horiek depositu handi itxietan deskonposatzen dira eta biogasa sortzen dute. Ondoren, biometanoa lortu arte garbitzen da gas hori. Biometanoa, gas naturalaren antzeko ezaugarriak dituen gas berriztagarria, banaketa-sarean sartzeko prestatuta dago.
Era horretan, janari-hondarrak eta beste hondakin organiko batzuk hondakinak izatetik energia berriztagarrirako iturri lokala izatera igaro daitezke, eta hala laguntzen dute hondakinak era efizienteagoan kudeatzen eta erregai fosilen kontsumoa murrizten.
Prozesua edukiontzi marroian bildutako hondakin organikoekin hasten da. Hondakin horiek biltegi itxi handietan deskonposatzen dira eta biogasa sortzen dute. Ondoren, gas hori garbitu egiten da biometanoa lortu arte, gas naturalaren antzeko ezaugarriak dituen gas berriztagarria, gas naturala garraiatzeko eta/edo banatzeko sarean sartzeko prestatua. Metabarriren kasuan, Energiaren Euskal Erakundeak parte hartzen duen Enagás Transporte del Norte (ETN) garraio sarea da.
Metabarriren onura nagusiak
Hondakin organikoetatik biometanoa ekoizteak hainbat abantaila ditu:
- Energia berriztagarri bihurtzen ditu hondakinak. Edukiontzi marroian jasotako materia organikoa jatorri berriztagarriko gas bat ekoizteko baliatzen da.
- Erregai fosilen erabilera murrizten du. Biometanoak jatorri fosileko gasa ordeztu dezake, eta, hala, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten lagundu.
- Energia sortzen du era egonkorrean. Energia hori sortzea eguzkiaren edo haizearen mende ez dagoenez, aukera ematen du energia berriztagarrirako iturri etengabe bat eskura edukitzeko.
- Hobeto aprobetxatzen du sortutako energia. Biogasa biometano bihurtzeak % 90 inguruko errendimendu energetikoa lortzea ahalbidetzen du, elektrizitatea ekoizteko baliatuz gero lortzen den % 40aren aldean.
- Lehendik dagoen gas naturalaren sarearen bidez erabil daiteke. Biometanoa sarean sartuta, etxeetara, saltokietara, industrietara edo mugikortasunarekin lotutako erabileretara irits daiteke, erabiltzaileen instalazioetan aldaketarik egin behar izan gabe.
- Konpost-ekoizpena optimizatzen du. Metabarrin materia organikoa aurrez tratatuz, ondoren Bizkaiko Konpostegian egiten den prozesua arintzen da, eta bigarren planta horrek materia organikoa tratatzeko duen ahalmena bikoizten.
Jatorri lokaleko energia sortzen du. Metabarrik Bizkaian sortu diren hondakinak aprobetxatzen ditu energia berriztagarria sortzeko, eta kanpoko erregaiekiko mendekotasuna murrizten laguntzen du.






