Eusko Jaurlaritzak 2026-2030 aldirako III. Ekintza Plan Operatiboa onartu du, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murrizteko

0
  • Ibilbide orri hori bihar, asteazkena, aurkeztuko dute Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresuan, eta bertan erakundeetako ordezkariak eta adituak bilduko dira, ordainsari berdintasunaren bidean dauden erronka nagusiak nazioarteko ikuspegitik aztertzeko
  • Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, «soldata arrakala murriztea lehentasun estrategikoa da Euskadirentzat, aukera berdintasunari, enpleguaren kalitateari eta gizarte kohesioari eragiten dielako»
  • Torresek azpimarratu du «azken urteotan metatutako esperientziak» erakusten duela «aurrerapenak» posible direla «konpromiso instituzionala, elkarrizketa soziala, administrazioen, enpresen eta erakunde sindikalen arteko lankidetza eta politika publikoen ebaluazio zorrotza dagoenean»

Gobernu Kontseiluak 2026-2030 aldirako III. Ekintza Plan Operatiboa onartu du astearte honetan. Plan horrek jarraipena emango dio Eusko Jaurlaritzaren estrategiari, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakalaren murrizketan aurrera egiteko eta hura sortzen duten egiturazko kausetan jarduteko.

Plan berriak 91 neurri biltzen ditu, lau ardatz estrategikoren eta hogei gidalerroren inguruan antolatuak, euskal administrazioko sail, erakunde autonomo eta erakunde publiko guztien partehartzearekin.

III. Plan hori aurreko bi planak ebaluatzeko prozesu baten eta Euskadiko soldata arrakalaren egoerari buruzko diagnostiko eguneratu baten ondoren onartu da. Azken urteetan aurrerapen esanguratsuak izan dira: urteko batez besteko irabaziaren araberako soldata arrakala 2016ko % 24,4tik 2023ko % 12,8ra jaitsi da. Bilakaera horren ondorioz, Euskadi Estatuko eta Europako batez bestekoa baino egoera hobean dago.

Hala ere, diagnostikoak agerian uzten du, era berean, egiturazko desberdintasunek badaudela oraindik ere honako hauekin lotuta: okupazioaren segregazioa, zainketen banaketa desorekatua, partzialtasuna, sustapen profesionaleko zailtasunak edo emakumeen ordezkaritza txikia zenbait sektoretan, eta teknologia eta industria eremuei lotutako azterlanetan.

Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Gobernu Kontseiluan aurkeztutako III. Planaren helburua da lortutako aurrerapenak sendotzea eta aldaketa estruktural eta iraunkor bihurtzea. Lehentasunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: soldata arrakala murriztea, ordainsarien gardentasuna hedatzea, kontziliazioa eta erantzukidetasuna bultzatzea, hezkuntza eta lanbide segregazioa murriztea eta berdintasunaren arloko sentsibilizazioa eta konpromiso soziala indartzea.

 

Plan transbertsala

Planaren berrikuntza nagusietako bat da transbertsala izatea. Lehen aldiz, euskal egitura publiko osoak parte hartzen du haren garapenean eta ezarpenean, eta horrek indartu egiten du soldata berdintasuna ez dela enplegu edo berdintasun politiken gai esklusiboa, baizik eta erronka partekatua dela, eta askotariko esparruen inplikazioa eskatzen duela; hala nola, hezkuntzarena, osasunarena, berrikuntzarena, etxebizitzarena, mugikortasunarena edo zerbitzu publikoena.

Planak, gainera, jarraipen eta ebaluazio sistema indartu bat du, eta horri esker, aldizka neurtu ahal izango da neurrien betetze maila, horien eragina baloratu ahal izango da, eta beharrezko doikuntzak egin ahal izango dira neurriak garatu bitartean. Horretarako, jarduera bakoitzak identifikatutako arduradunak, jarraipen adierazleak, gauzatze egutegia eta lotutako baliabideak izango ditu. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak planaren garapena sustatu eta koordinatuko du Emakunderekin batera, koordinazio politiko-teknikoko eta jarraipeneko egitura espezifikoen laguntzarekin.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, «soldata arrakala murriztea lehentasun estrategikoa da Euskadirentzat, aukera berdintasunean, enpleguaren kalitatean eta gizarte kohesioan eragiten duelako». Gainera, azpimarratu duenez, «azken urteetan metatutako esperientziak erakusten du aurrerapenak posible direla konpromiso instituzionala, elkarrizketa soziala, administrazioen, enpresen eta erakunde sindikalen arteko lankidetza eta politika publikoen ebaluazio zorrotza dagoenean».

2026-2030 aldirako III. Ekintza Plan Operatibo hori onartuta, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrarekin eta lan merkatu bidezkoagoa, inklusiboagoa eta diskriminaziorik gabea eraikitzearekin duen konpromisoa.

 

Nazioarteko kongresua

2026-2030 Euskadiko Soldata Arrakala Murrizteko III. Plan Operatiboa irailaren 23an, asteazkena, aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzarekin, Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresuan.

Topaketa horretan erakundeetako ordezkariak eta adituak bilduko dira, emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasuna lortzeko bidean dauden erronka eta aukera nagusiak aztertzeko. Bosgarren edizio horretan, kongresuak nazioarteko ikuspegia txertatuko du EPICen eskutik –Soldata Berdintasunerako Nazioarteko Koalizioa–. Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT), NBE Emakumeak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA) bultzatutako aliantza da EPIC, soldata berdintasuna sustatzeko eta maila globalean ezagutzak, politikak eta jardunbide egokiak partekatzeko lan egiten duena.

 

Benetako soldata berdintasuna

Ponentzia Emanuela Pozzanek eskainiko du. EPICeko genero berdintasunean eta diskriminazio ezan senior aditua da eta “Soldata ekitaterantz: arrakalari erantzun integrala” gidaren egilea. Haren esku hartzeari esker, nazioartean emakumeen eta gizonen arteko soldata aldeak murrizteko egiten ari den lana ezagutu ahal izango da, baita benetako ordainsari berdintasunerantz aurrera egiteko erronkak eta estrategiak ere.

Pozzanen partehartzeak aukera emango du nazioarteko esperientzietara hurbiltzeko, ikuspegi berritzaileak identifikatzeko eta problematika konplexu eta estruktural bati aurre egiten lagun dezaketen tresna eta praktikei buruz hausnartzeko. Problematika horren kausak, esaterako, honako hauekin daude lotuta: okupazioaren segregazioa, zainketen banaketa desberdina, nahi gabeko partzialtasuna eta emakumeek egindako lan jakin batzuen balorazio ekonomiko txikiagoa.

Kongresuan, halaber, soldata gardentasunari buruzko Europako zuzentarauari buruzko ponentzia bat eskainiko dute, eta ordainsari arrakalaren kausei, bilakaerari eta ondorioei buruzko azterlan bat aurkeztuko dute. Era berean, hainbat gai jorratuko dira; besteak beste, soldata arrakalaren inguruko desinformazioa, adimen artifizialaren eragina eta immigrazioaren, lan merkatuaren eta generoaren arteko harremana.

Programazioaren barruan, arratsaldean Divulvadoras podcastaren zuzeneko grabazio berezia egingo dute Isabel Mellének eta Naiara López de Munainek. Kongresua 17:30ean amaituko da, Elena Pérez Barredok, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, emango dion amaiera instituzionalarekin.

Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiteko duen konpromisoaren barruan kokatzen da topaketa. Soldata Arrakalaren aurkako Euskal Estrategiak, 2018az geroztik bultzatutakoak, Euskadiko soldata arrakala nabarmen murrizten lagundu du, 2016an % 24 ingurukoa izatetik 2023an % 12koa izatera igaro baita, nahiz eta oraindik ere egiturazko desberdintasunak dauden, erantzun iraunkorrak eta eragile sozial, ekonomiko eta instituzional guztien inplikazioa behar dutenak.

Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua ezagutza, elkarrizketa eta esperientzia trukerako gune gisa planteatzen dute, politika publikoak eta soldata berdintasunerako eskubidea bermatzera bideratutako jarduerak indartzen jarraitzeko eta aurrera egiteko soldata arrakala zero izateko bidean.