- Programa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta 228 hartzaile berri ditu maiatzetik. Irailaren 1era arte erregistratutako eskaerak % 18,2 igo dira, iazko aldi beraren aldean.
- Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Zinemaldiak ‘Zinema eta Etxebizitza’ zikloa aurkeztuko dute, eta Okendo plazan jarriko den zuzeneko arreta-gunearen bidez hurbilduko diete gazteei Gaztelagun programa
Gaztelagun programak 7.906 hartzaile aktibo ditu gaur egun Euskadin, Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Dekretua onartu aurretik baino 228 gehiago —orduan 7.678 ziren, eta % 3ko igoera izan da—.Datua irailaren 18ko da, eta udaberrian programan egindako aldaketen eragina islatzen du, batik bat azken hilabeteetan jasotako eskaerak tramitatzeko prozesuaren eragina. Igoera bereziki nabarmena izaten ari da irailean.
2026ko irailaren 1ean, Gaztelagun programak 7.728 hartzaile aktibo zituen eta, bi aste eskasetan, 7.906 hartzaile aktiboraino igo da. Igoera hori, neurri berriak indarrean sartu, eta ekainean, uztailean eta abuztuan aurkeztutako eskaerak tramitatzeko prozesuaren zati handi bat garatu ondoren gertatu da. Alokabidek eskaera horiek ebazteko hiru hilabetera arteko legezko epea duenez gero, orain hasiko dira eskaera horietako batzuk laguntza eraginkor bihurtzen.
Datu horiek gaur goizean aurkeztu dituzte Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak eta José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak Donostiako Trueba zinema-aretoetan, bi erakundeen arteko lankidetzaren barruan antolatutako ‘Zinema eta Etxebizitza’ zikloaren bitartez eta Zinemaldian zehar Okendo plazan jarriko den Gaztelagunen arreta-gunearen bitartez. Itxasok aditzera eman duenez, “Gaztelagun programan egin ditugun aldaketak ezin dira arau-aldaketa hutsa izan, gazteengana iritsiko diren laguntza bihurtu behar dute. Eta horixe da, hain zuzen, orain ikusten hasi garena: hartzaile aktiboen kopuruak berriro gora egin du eta 7.906 pertsona dira jada”.
Eskabideen bilakaerak berresten du, halaber, programaren eskarian izandako igoera. 2026ko irailaren 1ean 3.641 eskaera zeuden erregistratuta, eta 2025eko data berean, berriz, 3.080 eskaera ziren. Horrek esan nahi du % 18,2ko igoera izan dela. Igoera hiru lurralde historikoetan gertatu da: Bizkaian 1.615 izatetik 1.813 izatera pasa da; Gipuzkoan, 845 izatetik 1.144 izatera; eta Araban, 620 izatetik 684 izatera.
“Aintzat hartu beharreko errealitate bikoitza ikusten ari gara”, adierazi du Itxasok. “Batetik, eskaria gero eta handiagoa da, joan den urteko egun berdinean baino % 18,2 eskaera gehiago baitaude. Bestetik, ikusten ari gara eskaera horiek laguntza eraginkor bihurtzen ari direla tramitazio-aldia amaitu ondoren. Hartara, egiazta dezakegu udaberrian egindako hobekuntzak benetan islatzen ari direla programaren funtzionamenduan”.
Premiazko Neurriei buruzko Dekretuari esker, Gaztelagun programa alokairuaren merkatuaren egoera berrietara eta gero eta gazte gehiagok etxebizitza eskuratzeko erabiltzen dituzten moduetara egokitu ahal izan da. Berritasunen artean, gelen alokairura eta azpierrentamendura zabaldu da programa, diru-sarreren mugak eguneratu dira eta eremu tentsionatuetan errenta-mugak egokitzeko mekanismoak barne hartu dira.
Erreformaren eragina hauteman ahal izan zen erreforma indarrean sartu eta lehen asteetatik. Lehenengo lau asteetan 1.185 eskaera erregistratu ziren, aurreko urteko aldi berean 645 eskaera izan zirenean, % 84 gehiago. Datu hori neurriak ezarri eta hurrengo aldiari dagokio, eta baliagarria da eskaeraren hasierako intentsitatearen erreferentzia gisa; ondorengo bilakaerak eta, bereziki, iraileko datuek aukera emango dute egiaztatzeko eskaeren sarrera handiago hori arian-arian bideratzen ari dela laguntzak ematera.
“Gaztelagun programak ez du ordezkatzen eskaintza hori handitzeko erronka estrukturala, baina zuzenean arintzen du gazte askoren ahalegin ekonomikoa, eta beren bizitza-proiektua mugagabe ez atzeratzen laguntzen die”, adierazi du sailburuak. “Gure betebeharra da soluzio estrukturalak eta epe laburrean erabilgarriak diren tresnak uztartzea, eta, gainera, emantzipatzeko zailtasun handienak dituztenen errealitatearekin konektatzen duten hizkuntza eta espazioak erabiltzea”.
32.000 eskabide baino gehiago eta 104,8 milioi euro ordainduta 2019. urteaz geroztik
Gaztelagun programa 2019an jarri zen abian, eta 2022tik aurrera programa estruktural bihurtu zen. Orduz geroztik, 32.266 eskaera pilatu ditu, eta 18.062 onuraduni erantzun die egindako ibilbidearen uneren batean. 2026ko irailaren 17an, 7.906 pertsonak jarraitzen dute laguntza jasotzen, eta ordaindutako zenbateko metatua 104,88 milioi eurokoa da.
Programak zuzeneko laguntza ematen du gazteak alokairuaren merkatu librean sartu daitezen eta bertan iraun dezaten. Gaur egun, 18 eta 35 urte bitarteko gazteak izan daitezke onuradun, baldin eta pertsona baten kasuan urtean 30.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte, bi pertsonako familia-unitateen kasuan 36.764 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta familia ugarien kasuan 39.184 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte.
Laguntza hileko errentaren % 60ra irits daiteke, baina gehienez hilean 300 euro izango dira pertsonako. Etxebizitza osoaz gain, urte honetatik aurrera, gela alokatzeko eta azpierrentako kontratuak ere barne har daitezke. Etxebizitzako bi laguntza ere jaso daitezke, baldin eta pertsona edo bizikidetza-unitate bakoitzak bere kontratua badu.
Eremu tentsionatuetan, diruz lagundu daitekeen errentaren muga EMALen bidez modulatu ahal izango da, betiere ateratzen den prezioa programak ezarritako ohiko muga baino handiagoa bada.
Itxasoren iritziz, “Gaztelagun programak erakutsi du zuzeneko laguntza bat erabakigarria izan daitekeela milaka gazteren emantzipazio-erabakietan. Era berean, gure asmoa izan da programa gai izatea aldatu den errealitate batera egokitzeko: gaur egun gazte askok etxebizitza partekatzen dute, logela alokatzen dute edo azpierrentamendu-formulak erabiltzen dituzte. Politika publikoak baliagarriak izango badira, errealitate horiek onartu beharko dituzte eta horiei erantzun beharko diete”.
Etxebizitzatik zinemara: etxebizitzaren eskuragarritasunari buruzko lau film
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Donostiako Zinemaldiaren arteko lankidetzaren barruan egin da Gaztelagun programaren bilakaeraren aurkezpena. Izatez, Zinemaldiak, aurten, ‘Zinema eta Etxebizitza’ zikloa izango du, lau filmez osatua. Film horietan, garai eta geografia desberdinetatik jorratzen dira etxebizitzaren eskuragarritasuna, etxebizitzaren galera, bizitegi-desberdintasuna eta bizi-proiektuak. Zikloan film hauek bildu dira: El pisito (Marco Ferreri, Espainia, 1958), Cinco metros cuadrados (Max Lemcke, Espainia, 2011), Gisaengchung/Parasite (Parasitos) (Bong Joon-ho, Hego Korea, 2019) eta Nomadland (Chloé Zhao, Ameriketako Estatu Batuak, 2020).
Programa asteartean jarriko da abian, Gazteriaren Epaimahaiaren aurrean Cinco metros cuadrados proiektatzearekin. Aurrez, Denis Itxasok eta Jose Luis Rebordinosek zikloa aurkeztuko dute. Ondorengo saioak Principe zinemetako 10. aretoan izango dira: El pisito, irailaren 23an 16:15ean; Cinco metros cuadrados, irailaren 24an 16:00etan; Gisaengchung/Parasite (Parasitos), irailaren 25ean 16:00etan; eta Nomadland, irailaren 26an 16:00etan.
Lau filmek etxebizitzaren gaiaren inguruko hurbilketak planteatzen dituzte. El pisito filmak umorea baliatzen du 1950eko hamarkadako Madrilen etxebizitza eskuratu nahian dabilen bikote baten zailtasunak erakusteko; Cinco metros cuadrados filmak bikote gazte batek bizitegi-proiektua hondoratzen zaienean bizi duen frustrazioa kontatzen du; Parásitos filmak desberdintasunaren erretratu bihurtzen du etxeko espazioa; eta Nomadland filmak 2008ko krisialdi ekonomikoaren eta bizitegi-egonkortasunaren galeraren ondorioak erakusten ditu.
Gaztelagun programa gazteen topaguneetara hurbiltzen da
Lankidetzak dimentsio praktikoa ere izango du. Zinemaldiak irauten duen bitartean, Gaztelagun programak informazio-gune bat izango du Okendo plazan. 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek programa ezagutu ahal izango dute bertan, zalantzak argitu ahal izango dituzte eta alokairurako laguntza-eskaera zuzenean aurkezteko laguntza jaso ahal izango dute. “Historia orok leku bat behar du” lelopean, laguntza publikoei buruzko informazioa eramango da Donostiako kultura- eta gazte-topagune nagusietako batera Zinemaldiaren barruan.
Itxasok, iaz, politika publikoak gazteen sozializazio-guneetara hurbiltzeko helburuarekin BBK Live jaialdiaren inguruan garatutako Gaztelagun programaren dibulgazio-ekintzarekin hasitako lan-ildoan kokatu du ekimena. “Gazteak dauden guneetara hurbildu nahi dugu Gaztelagun programa, baita haien bizitzetan eragin handiena duen gai publiko bati buruzko elkarrizketa, kultura, eztabaida eta pentsamendu kritikoa sustatzen diren guneetara ere”, aditzera eman du sailburuak.
Okendoko informazio-gunearen bitartez, informazioa eta zuzeneko arreta uztartu ahal izango dira, interesdunek programaren betekizunak ezagut ditzaten, zalantzak argitu ditzaten eta laguntzaren tramitazioan aurrera egin dezaten, administrazio-kanal espezifiko batera jo beharrik gabe.
Eusko Jaurlaritzak emantzipazio-estrategia zabalago baten barruan kokatzen du Gaztelagun programa, alokairurako zuzeneko laguntzak eta etxebizitza eskuragarrien eta babestuen eskaintza gero eta handiagoa uztartzen dituen programa. “Bi alditan jardun behar dugu: gaur egun, gazteek eta haien familiek jasaten duten ahalegina arindu behar dugu, eta, aldi berean, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitu behar dugu, urte batzuk barru aukera handiagoak egon daitezen eta bizikidetza-unitate gutxiago egon dadin etxebizitzaren kostuaren ondorioz bizitza-erabakiak atzeratzera behartuta”, nabarmendu du Itxasok.
Programak ebaluazio- eta hobekuntza-prozesuak barne hartzen jarraituko du. Alokabide 2030 Plan Estrategiko berriak irisgarritasuna hobetzeko eta bizitegi-ibilbideak egonkortzeko prestazioetan aurrera egitea planteatzen du, baita karga burokratiko txikiagoa eta etxebizitza-merkatuaren aldaketen aurrean erantzuteko gaitasun handiagoa izango duten prozedura arinagoetan ere.






