- Imanol Pradales lehendakariak gogorarazi du Unibertsitateen Legearen aurreproiektua eta 2027-2030 Unibertsitate Plana bultzatu direla, unibertsitateek Euskadiren garapenean duten zeregina indartzeko
Imanol Pradales lehendakariak defendatu duenez, gaur egun unibertsitateen ahotsa inoiz baino beharrezkoagoa da ‘humanismoaren’ kontzepzioa eguneratzeko: “horrek izan behar du gure ainguraketa kezta-egun hauetan, eta gure Herriaren etorkizunaren iparrorratz morala finkatu behar du”. Unibertsitateen lana ezinbestekoa da, Imanol Pradalesen iritziz, pentsamendu kritikoa eta etikoa bultzatzeko eta aro-aldaketa honen galdera handiak argitzeko, hala nola AAren kudeaketa (ondasun unibertsala izan dadin), eta genetikako edo biozientzietako aurkikuntzek planteatzen dituzten dilemak eta demokrazietatik pertsona askori eragiten dien ezinegon- edo galera-sentimenduak eman behar duen erantzuna, besteak beste.
Imanol Pradales lehendakaria Deustuko Unibertsitatearen 2026-2027 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian izan da gaur arratsaldean, unibertsitate-komunitateko eta euskal instituzioetako ordezkarien presentziaz. Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua ere bertan izan da.
Ekitaldia baliatuz, Deustuko Unibertsitatearen ikasturte berriari hasiera ofiziala eman zaio, eta Euskadiko instituzioen eta unibertsitate-sistemaren arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu da, ezagutzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta prestakuntzaren arloko egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
“Euskal unibertsitate-sistema prest dago. Aberatsa eta askotarikoa da, eta profil osagarriak ditu. Baina ezin dugu lo hartu. Lan-mundua erabat aldatzen ari da. Baita euskal gizartea ere. Bikaintasunezko hezkuntzan sakontzen eta sistemaren emaitzak etengabe hobetzen jarraitu behar dugu. Erantzukizuna guztiona da. Eragile publiko eta pribatuena”, nabarmendu du lehendakariak.
Era berean, bere hitzaldian, Imanol Pradales lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela Unibertsitateen Legearen Aurreproiektuan eta 2027-2030 Unibertsitate Planean, “Unibertsitateak gure garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean duen zeregina indartzen jarraitzeko”.






