‘Ceniza en la boca’ filmak irabazi du Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria, Donostia Zinemaldian

0
  • Gaur arratsaldean Tabakalerako Prisman egin da Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak bosgarren urtez bultzatutako saria emateko gala
  • María Vázquez aktorea buru duen epaimahaiak —Jone Laspiur eta Asier Aranbarri ere partaide dituena— 2030 Agendarekin lotutako balioei eta erronkei heltzeko gaitasunagatik aintzatetsi du filma

Diego Lunaren ‘Ceniza en la boca’ filmak jaso du, gaur arratsaldean, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria, Donostia Zinemaldiaren 74. edizioaren barruan. Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak bosgarren urtez jarraian bultzatu duen aintzatespenak balioesten du zinemak eta arte-sorkuntzak giza eskubideak sustatzeko, kultura demokratikoa indartzeko eta gizarte jasangarriago, anitzago eta inklusiboagorantz aurrera egiteko tresna gisa betetzen duten zeregina.

Epaimahaiaren erabakia jakinarazteko eta saria emateko gala gaur arratsaldean egin da Tabakalerako Prisman. Sariarekin 20.000 euroko zenbatekoa emango zaio film irabazlearen produktore nagusiari.

Maria Vazquez aktorea izan da epaimahaiko buru, eta Jone Laspiur artista eta aktoreak eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak ere parte hartu dute epaimahaian. Hartara, sorkuntzaren esparrutik eta gizarte-berrikuntzako eta 2030 Agendako politika publikoetatik datozen begiradak bildu ditu.

Epaimahaiak ekoizpen horri Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria eman dio, «migrazioaren fenomenoaren bidez, politika, ekonomia eta generoaren arloko arazo sozialei zeharka heltzeko duen gaitasunagatik. Aintzat hartu du, halaber, islatzen duen errealitate sozialarekin konprometitutako narratiba zinematografikoa sortzen duten zuzendaritza eta aktuazio gizatiar eta sentikorra”.

Agenda 2030 Euskadi Basque Country Sariak Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotzen diren gaiei buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sortzeko gai diren filmak saritzen ditu, batik bat bakea, justizia eta erakunde sendoak ardatz dituen 16. GJHarekin lotutako balioei buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sortzeko gai direnak. Bosgarren edizio honetako aukeraketak Espainia, Erresuma Batua, Mexiko, Kolonbia, Polonia eta Errumaniako zazpi ekoizpen bildu ditu. Ekoizpen horiek gai hauek, besteak beste, jorratu dituzte: askatasuna, osasun mentala, migrazioa eta deserrotzea, memoria, identitatea, sexu-aniztasuna, familia-loturak eta agintaritzaren mugak.

Gizarte Berrikuntzaren 2030 Agendaren Zuzendaritzak nabarmendu duenez, 2030 Agenda gizarte-kultura partekatua sortzeko esparrua ere bada, betiere duintasuna, berdintasuna, bizikidetza, elkartasuna eta jasangarritasuna gisako balioen inguruan. Testuinguru horretan, zinemak balio horiek askotariko publikoengana hurbiltzeko, galderak planteatzeko eta errealitateari begiratzeko modu berriak bultzatzeko aukera ematen du.

Bost urte zinema eta 2030 Agenda uztartzen

Bosgarren edizio honekin, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Sariak 2030 Agendaren eta zinema-sorkuntzaren arteko lankidetza finkatzen du Euskadiko kultura-gertakari nagusietako baten barruan. Aintzatespen hori Donostia Zinemaldiaren eta Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiaren arteko akordioaren esparruan garatzen da, eta 2030 Agenda da, bosgarren urtez jarraian, lehiaketaren babesle ofiziala.

Horrenbestez, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Sariak kultura eta arte-sorkuntza gizarte jasangarriago, inklusiboago eta demokratikoagoaren eraikuntzan parte hartzearen aldeko apustua indartzen du —zinema ez da kultura-adierazpen hutsa, elkarrizketarako, pentsamendu kritikorako eta hausnarketa kolektiborako espazio ere bada—.