Euskadik gripearen aurkako babesa indartuko du, txertoa jartzeko erraztasun gehiagorekin

0
  • Kanpaina astelehen honetan hasiko da adinekoen egoitzetan eta 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrengan
  • Urriaren 5etik aurrera, txertaketa gainerako kolektiboetara zabalduko da eta astelehenetik igandera irekita egongo diren txertogune berriak egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurretiko hitzordurik gabe
  • Euskadiko Osasun Itunak osasungintza prebentiboago, irisgarriago eta hurbilago baten aldeko apustua egiten du, bereziki pertsonarik kalteberenak babesteko eta ohitura osasungarriak sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren ildo nagusiak iragarri ditu gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin den kontroleko osoko bilkuran. Aurten, lehentasun argi batekin jarriko da abian kanpaina: biztanlerik kalteberenak ahalik eta lasterren babestea eta txertaketa erraztea.

Kanpaina astelehen honetan, hilak 28, hasiko da adinekoen egoitzetan (konplikazio larriak izateko arriskurik handieneko kolektiboetako bat delako) eta 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrengan. “Pertsonarik kalteberenak lehenik, inor atzean utzi gabe”, adierazi du sailburuak.

Urriaren 5etik aurrera, txertaketa kanpainak eraginpean hartutako gainerako kolektiboetara zabalduko da. Datorren urriaren 1ean, dispositiboaren xehetasun guztiak azalduko dira.

Haurren txertaketa, lehentasunezkoa

Osakidetzak sistematikoki jartzen die gripearen aurkako txertoa 6 hilabetetik 5 urtera (59 hilabetera) bitarteko haurrei. Neurri horren arrazoia da haurrek ere konplikazioak izan ditzaketela gripearen ondorioz, eta, gainera, birusa familia- eta eskola-ingurunean transmititzen lagundu dezaketela.

Osasuneko sailburuak ordua eskatzera eta birusaren zirkulazioak gora egin aurretik seme-alabak babestera animatu ditu familiak. Haurren txertaketa astelehen honetan hasiko da, eta Osakidetzak gaitutako kanalen bidez kudeatu ahal izango da, dagokion osasun-zentroan eta aurretiko hitzordurako zerbitzuen bidez.

Txertaketa egokia da, halaber, arrisku-faktoreak dituzten urte gehiagoko adingabeentzat. Kasu horietan, familiek txertoa jartzeko jarraibidearen eta baldintza espezifikoen inguruko kontsulta egin beharko dute beren osasun-zentroan.

“Haurrei txertoa jartzeak haur horiek zuzenean babesten eta gripea beste pertsona batzuei (bereziki haurtxoei, adinekoei eta gaixotasun kronikoak edo kalteberatasun handiagoa dituzten senideei) transmititzeko probabilitatea murrizten laguntzen du”, azaldu du sailburuak.

Gune berriak, aurretiko hitzordurik gabe

Martinezek nabarmendu du txertoa dela oraindik ere gripeari lotutako konplikazioei, ospitaleratzeei eta heriotzei aurrea hartzeko tresnarik eraginkorrena.

Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak ohiko zitazio-sistemak mantenduko dituzte, herritarrek txertoa beren osasun-zentroan jarri ahal izan dezaten. Bide horri txertatzeko gune espezifiko berri batzuk gehituko zaizkio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Txertogune horiek astelehenetik igandera arte egongo dira zabalik —kanpainaren bi astetan, urriaren 19tik azaroaren 1era bitartean—, eta ez da beharrezkoa izango aurrez ordua eskatzea. Helburua da pertsonek ondoen datorkienean txertatu ahal izatea eta lan-ordutegien, familia-betebeharren edo lekualdatzeko zailtasunen ondorioz txertaketa ez geroratzea.

 “Pertsonen bizitzara egokitu nahi dugu, pertsonak sistemara egokitzera behartu gabe”, adierazi du sailburuak. Herritarrek bi aukera izango dituzte: aurretik ordua eskatu eta beren osasun-zentrora joan, edo gaitutako gune berrietako batean txertoa jarri, ordua eskatu gabe.

Hala, aurretiko hitzordurik gabeko txertaketa-sareak erreferentziazko hiru txertogune nagusi izango ditu, lurralde historiko bakoitzean bana, eta astelehenetik igandera egongo dira zabalik, 8:00etatik 20:00etara: San Martingo EAG, Araban; Bilboko Saenz Buruaga Osasun Zentroa, Bizkaian; eta Donostiako Groseko Osasun Zentroa, Gipuzkoan.

Gainera, txertaketa herritarrengana neurri handiagoan hurbiltzeko eta erraztasun gehiago eskaintzeko, dispositiboa beste txertogune batzuekin indartuko da hiru lurraldeetako hainbat herritan. Txertogune horiek astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, arratsaldeko ordutegi zabal batean, 15:00etatik 20:00etara. Bizkaian, honako hauek gaituko dira: San Eloy Ospitalea, Barakaldo-Sestaoko ESIan; Errepelegako Anbulatorioa, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan; Zornotzako Osasun Zentroa, Barrualde-Galdakaoko ESIan; eta Mungiako EAG, Uribeko ESIan.

Gipuzkoan, honako gune hauek egongo dira: Irungo Erdialdeko Anbulatorioa, Bidasoako ESIan; Eibarko Torrekuako Osasun Zentroa, Debabarreneko ESIan; Arrasateko Osasun Zentroa, Debagoieneko ESIan; Tolosako Osasun Zentroa, Tolosaldeko ESIan; eta Beasaingo EAG, Goierri-Urola Garaiko ESIan. Errioxako ESIan, ohiko zentroetako agendak indartuko dira, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.

Horrela, beraz, herritarrek aukeran izango dute aurretik ordua eskatu eta beren osasun-zentrora joatea edota Euskadin zehar banatutako guneen sarean ordurik eskatu gabe txertoa jartzea, astelehenetik igandera zein astegunetan arratsaldez.

Osasunaren prebentzioa eta sustapena

Gripea ez da garrantzi txikiko gaixotasuna. Neguero milaka kontsulta eragiten ditu, asistentzia-presioa handitzen du eta bereziki adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta kalteberatasun handiko egoeran dauden beste kolektibo batzuk hartzen ditu eraginpean.

Testuinguru horretan, Osasuneko sailburuak gogorarazi du prebentzioaren barruan sartzen dela txertoa jartzea, eskuetako higiene ona izatea, gune itxiak aireztatzea, sintomak agertzen direnean lanlekura edo ikastetxera ez joatea eta maskara erabiltzea, beste pertsona batzuk babesteko beharrezkoa denean.

Kanpaina bat dator Euskadiko Osasun Itunaren helburuekin: osasunaren prebentzioa eta sustapena indartzea, eskuragarritasuna eta ekitatea hobetzea, pertsonarik kalteberenak babestea eta herritarren beharrak ardatz izango dituen osasun-arreta hurbilagoa eta koordinatuagoa lortzeko bidean aurrera egitea.

Gripearen aurkako txertaketak hiru printzipio izango ditu oinarri aurten: aurrea hartzea, babesa eta eskuragarritasuna. “Erraztasun gehiago, eskuragarritasun handiagoa eta babes handiagoa”, laburbildu du Alberto Martínezek.