Espainiako Gobernuak AEMETen Donostiako eraikin zaharra Eusko Jaurlaritzari laga dio, gazteentzako apartamentu bihur dadin

0
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 7 milioi euro sartuko ditu 2027ko aurrekontuan Villa Etxaide Borda etxea birgaitzeko eta eraikin horretan alokairu babestuko 42 zuzkidura-apartamentu eraikitzeko
  • Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, «ezin dugu ondare publikoa edo gutxiegi erabilitako eraikinak eduki, hainbeste pertsonak etxebizitza bat lortzeko zailtasunak dituzten bitartean. Dagoena berreskuratu, birgaitu eta irtenbide zehatz bihurtu behar da. Hori da etxebizitzaren arazoaren aurrean etsi edo gobernatzearen arteko aldea»

Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari doan laga dio Estatuko Meteorologia Agentziaren eraikin zaharra, Donostiako Intxaurrondo auzoko Parada Baserria kaleko 48. zenbakian dagoen Villa Etxaide Borda etxea. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gazteentzako alokairu babestuko erregimeneko 42 zuzkidura-apartamentu sortzeko erabiliko du higiezina, eta Alokabide alokairuaren euskal sozietate publikoak kudeatuko du. Eusko Jaurlaritzak Ogasun Ministerioaren jakinarazpena jaso du lagapen hori egiteko. Onartutako agindua, Arcadi España ministroak sinatua, 2026ko irailaren 16koa da.

Eragiketa horrek amaiera ematen dio erabiltzen ez den eraikin publiko bat berreskuratzeko eta lehentasunezko gizarte-premia baten zerbitzura jartzeko —gazteentzako bizitegi-eskaintza eskuragarria handitzea, etxebizitza eskuratzeko egoera tentsionatuan dagoen hiri batean— Estatuko Administrazio Orokorraren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza instituzionalari.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak defendatu du gutxiegi erabilitako ondare publikoa herritarren zerbitzura jarri behar dela, batez ere pertsona askok, eta bereziki gazteek, emantzipatzeko eta alokairu eskuragarria lortzeko zailtasunak dituzten testuinguruan. Ildo horretan, azpimarratu du Euskadi aurrera egiten ari dela komentu zaharrak, industria zaharrak, erabiltzen ez diren eskolak edo jarduerarik gabeko eraikin administratiboak eraldatzen, apartamentu eta alokairu eskuragarriko etxebizitzetara bideratzeko. «Ezin dugu ondare publikoa edo gutxiegi erabilitako eraikinak eduki, hainbeste pertsonak etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean», adierazi du Itxasok, eta AEMETen eraikin zaharraren eraldaketa estrategia horren adibide gisa jarri du: «dagoena berreskuratzea, birgaitzea eta irtenbide zehatz bihurtzea. Hori da etxebizitzaren arazoaren aurrean etsi edo gobernatzearen arteko aldea: eskura dauden baliabideak herritarren zerbitzura jartzea «, aitortu du.

Halaber, sailburuak aditzera eman duenez, lagapen horrek “aukera sozial bihurtzen du hiri-arazo errotu bat”. “Hutsik, hondatuta eta funtzio publikorik gabe denbora gehiegi zeraman eraikin bat berreskuratu dugu, eta bizitza-proiektuari ekiteko leku duina, eskuragarria eta aldi baterakoa behar duten gazteentzako erantzun zehatz bihurtuko dugu”, adierazi du.

Higiezina Estatuaren titulartasunekoa da, AEMETi atxikia, eta iraganean estatuko zenbait zerbitzu publiko hartu zituen. Hainbat urtez erabili gabe egon ondoren, eraikina nahiko hondatuta zegoen, mantentze-lanik ez izatearen, intrusioen eta inguratzailean dauden arazoen ondorioz. Hala ere, egindako azterketa teknikoek egiaztatu dute eraikinaren egitura nagusia lehengoratzeko moduan dagoela.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eraikina birgaitzea eta eraldatzea planteatzen duen aurreproiektu bat du. Proiektu horren arabera, lehendik dagoen egitura aprobetxatuko litzateke, bolumena berrantolatuko litzateke eta etxebizitza argitsuak, efizienteak eta bizigarritasun-estandar handikoak sortuko lirateke. Proposamenak gela bateko 38 apartamentu eta bi logelako beste 4 apartamentu egokitu aurreikusten ditu, baita bizikidetza errazteko espazio komunak ere.

Proiektuak soto-solairuan dagoen aparkalekua berrerabiltzea eta 42 plaza lortzea aurreikusten du —44 plazara arte zabaldu daiteke—. Era berean, mendebaldeko fatxadaren aurrean dauden terraza itxurako plataformetan 500 metro karratu baino gehiagoko hiri-baratze komunitarioak sortzea aurreikusten du. Horrenbestez, esku-hartzearen helburua da, etxebizitza eskuragarria sortzeaz gain, eraikinaren eta auzoaren arteko erlazioa hobetzea eta gaur egun degradatuta dagoen ingurunea aktibatzea.

Eraldaketa hori posible egite aldera, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euroko partida sartuko du 2027ko aurrekontuan, eraikina birgaitu dadin, bizitegirako egokitzapenak egin daitezen eta kanpoko urbanizazioa egin dadin, baita zuzkidura-bizitokirako baliabide publiko berri bat bihurtzeko beharrezkoak diren jarduketak egin daitezen ere. Alokabidek bere gain hartuko du apartamentuen kudeaketa, eta alokairu babestuko Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoan sartuko ditu, txandakako bizitoki gisa funtziona dezaten. Eredu hori sortu da etxebizitza-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten gazteei aldi baterako egonaldiak errazteko eta emantzipazio-ibilbideak bultzatzeko —etxebizitza funtzio publikotik eta sozialetik bereizi gabe—.

Itxasok nabarmendu duenez, “gazteentzako etxebizitzek arintasuna, lurzorua, ondare erabilgarria eta erakundeen arteko lankidetza eskatzen dituzte”. Ildo horretan, “etxebizitza eskuragarrirako berreskuratutako eraikin publiko bakoitzak erakusten du administrazioek bizitegi-larrialdia diagnostikatu baino zerbait gehiago egin dezaketela: gutxiegi erabilitako aktiboak soluzio erreal bihur ditzakete”.

Eusko Jaurlaritzak alokairu eskuragarriko parke publikoa handitzeko, ondare publikoa mobilizatzeko eta eskaera-presio handia duten udalerrietan bizitegi-proiektuak bizkortzeko duen estrategiaren barruan sartzen da lagapena. Donostiaren kasuan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila gazteentzako eta bizitokia behar duten beste kolektibo batzuentzako jarduketak bultzatzen ari da, belaunaldi berrien bizitza-proiektuei eta hiriaren oreka sozial, urbano eta ekonomikoari eragiten dien errealitateari erantzutera begira. “Donostiak etxebizitza eskuragarri gehiago behar du, eta ekintzekin behar du, ez adierazpen hutsekin. Jarduketa honek pieza zehatz bat batzen du: gazteentzako 42 bizitoki berri, berreskuratutako eraikin publiko bat eta aurreproiektutik benetako eraldaketara igarotzeko aurrekontu-inbertsio argia”, aditzera eman du sailburuak.