- Ingeniaritzak gizartearen, ekonomiaren eta teknologiaren garapenean egindako ekarpena herritarrengana hurbiltzen duten bi proposamen dira, eta Euskadiko ondare zientifiko eta industrialaren balioa nabarmentzen dute.
- Bi erakusketen irekierak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak industria- eta teknologia-ondarea zabaltzeko eta gure gizartea eraldatzen lagundu duten pertsonak, proiektuak eta ibilbideak ezagutarazteko egindako apustu berri bat dira.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak «Emakume aitzindariak ingeniaritzan» eta «Eduardo Torroja Añorgan» erakusketak inauguratu ditu Orconera-Lutxanako Industria Ondare Higigarriaren Zentroan. Bi proposamenek ingeniaritzak gizartearen, ekonomiaren eta teknologiaren garapenean egindako ekarpena herritarrengana hurbiltzen dute, eta Euskadiko ondare zientifiko eta industrialaren balioa nabarmentzen dute.
Bi erakusketen irekierak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak industria- eta teknologia-ondarea zabaltzeko eta gizartea eraldatzen lagundu duten pertsonak, proiektuak eta ibilbideak ezagutarazteko egindako apustu berri bat dira.
Emakume aitzindariak ingeniaritzan
«Emakume aitzindariak ingeniaritzan» erakusketak ingeniaritzaren eta berrikuntza teknologikoaren hainbat arlotan zeregin nabarmena izan zuten emakumeen ibilbidea ezagutzeko aukera eskaintzen du. Panelen bidez, erakusketak berreskuratu egiten ditu zientziaren eta teknologiaren historiaren kontakizun tradizionaletan hamarkadetan zehar arreta mugatua jaso duten istorioak eta ekarpenak.
Erakusketak, gainera, belaunaldi gazteenentzat erreferente berriak sortzen lagundu nahi du, eta balioa eman nahi die historikoki gizonez nagusitutako esparruetan bidea ireki zuten emakumeen talentuari, sormenari eta eraldatzeko gaitasunari.
Jatorrizko erakusketa 2021ean sortu zuen Valentziako Unibertsitateko Demetrio Ribes Katedrak, azpiegituren, obra publikoaren eta ingeniaritzaren historia ikertu eta zabaltzen espezializatutako erakundeak. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu zituen erakusketaren edukiak, eta, geroago, Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak, Laura Irasuegi euskal aintzindariaren historia Araceli Sánchezenari batuz.
Eduardo Torroja Añorgan
Bestalde, «Eduardo Torroja Añorgan» erakusketak Eduardo Torrojaren figura hurbiltzen du herritarrengana. XX. mendeko ingeniaririk eraginkorrenetako bat izan zen, eta nazioarteko erreferentea egitura-soluzio berrien garapenean.
Erakusketak arreta berezia eskaintzen dio Torrojaren eta Añorgako industria-ingurunearen arteko harremanari, eta ondarera, arkitekturara eta teknologiara egindako ekarpenen balioa nabarmentzen du. Dokumentuen, irudien eta interpretazio-baliabideen bidez, erakusketak aukera ematen du haren lanaren dimentsio berritzailea eta ingeniaritza modernoaren bilakaeran izan zuen eragina ulertzeko.
Erakusketa 2024an inauguratu zen Donostiako Museum Cemento Rezola museoan, Añorgako Pilotalekuaren inaugurazioaren 75. urteurrenarekin bat eginez. Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoarekin batera sustatu zen, eta, ondoren, Elkargoaren egoitzan ere erakutsi zen. Erakusketa honetan kolaboratu dute CEDEX, Anta ingeniaritza, Pasaiko Portua, PACADAR eta Eduardo Tejera Torrojak.
Erakundeen lana aitortuz
Bi erakusketak Orconerara iristea aukera bat ere bada azken urteotan proiektu hauek bultzatu, ekoitzi, hartu eta zabaldu dituzten erakundeen lana aitortzeko.
Erakundeen arteko lankidetzari esker, bi erakusketek beren irismena zabaltzen jarraitzen dute, eta orain Orconerara iritsi dira, eduki hauek publiko berriei hurbiltzen jarraitzeko.
Eusko Jaurlaritzak berariaz eskertu nahi du erakusketak Orconerara iritsi aurretik hartu, sustatu eta zabaldu dituzten erakunde laguntzaile guztien inplikazioa.
Orconera, industria-ondarea zabaltzeko gunea
Bi erakusketa hauek Orconera-Lutxanako Industria Ondare Higigarriaren Zentroaren izaera sendotzen dute, euskal industria-ondarea zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko erreferentziazko gune gisa.
Gunea ostegunetik igandera egongo da zabalik, ordutegi honetan: ostegun eta ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara; larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igandetan, 11:00etatik 14:00etara. Bi erakusketak abenduaren 13ra arte bisitatu ahal izango dira.






