- Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 1,15 milioi euro bideratuko ditu elkarbizitza demokratikoa, bakea eta giza eskubideen errespetua sustatzen duten ekimenetara
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren arloko proiektuak, programak eta jarduerak bultzatzen dituzten Euskadiko udal, toki-erakunde eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuentzako laguntzetarako bi deialdien epea ireki du. María Jesús San José sailburuak zuzentzen duen Sailak 1,15 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 17ra arte egongo da zabalik
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren ustez, “giza eskubideen errespetuaren, bakearen eta pluralismoaren kultura sustatzea Euskadiren DNAren parte da”. Hori dela eta, funtsezkoa da balio horiek sozializatzea, balio horiek defendatzen dituztenei laguntzea eta erradikalizazioa eta gorroto-diskurtsoak prebenitzen dituzten neurriak indartzea. Ildo horretan, azaldu du bere sailak horregatik bultzatzen dituela laguntza horiek, tokiko esparruan eta gizarte zibilean sortzen diren proiektuen bitartez errespetuan, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako espazio publiko demokratiko bat bermatzeko helburuarekin.
Bi laguntza-deialdi dira. Lehenengoak 250.000 euroko aurrekontu-partida du, eta arlo horretako proiektuak, programak edo jarduerak garatzen dituzten Euskadiko udalerriei eta gainerako toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei, tokiko enpresa-entitate publikoei eta tokiko merkataritza-sozietateei zuzenduko zaie.
Bigarren deialdiak, berriz, 900.000 euroko zuzkidura du, eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek (hala nola fundazioek, elkarteek eta gizarte-ekimeneko kooperatibek) bultzatutako proiektuak finantzatzera bideratuta dago.
Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, halaber, terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimen elkarteek, bai egoitza Euskadin dutenek, bai egoitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izanik ere elkartekideen artean Euskadin gertatutako ekintza terroristen edo giza eskubideen urraketen biktimak dituztenek.
Bi deialdi horiekin, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak indartu egin du giza eskubideen errespetuan, elkarbizitza demokratikoan eta bakean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko konpromisoa, eta Euskadin balio horiek gauzatzen laguntzen duten toki-erakundeen eta gizarte-erakundeen lana babestuko du.
2025ean irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendutako laguntzetarako deialdian 110 entitatek hartu zuten parte, eta giza eskubideen, elkarbizitzaren, bakearen, biktimentzako babesaren, aniztasunaren eta elkartasunaren sustapenari lotutako 241 proiektu garatu zituzten. Udalerriei zuzendutako deialdian, berriz, 31 toki-erakundek hartu zuten parte, eta 48 proiektu bultzatu zituzten, 250.000 euroko zuzkidurarekin.






