Euskal erakundeek 91 milioi eurotik gora bideratu zituzten 2025ean lankidetzara eta elkartasunera

0
  • Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak Euskaditik sustatutako elkartasun jardueren inguruko informazioa jasotzen du, 68 herrialdetan eta Euskal Herrian bertan.
  • Palestina, Guatemala, El Salvador, Kolonbia eta Peru dira euskal elkartasun publikoaren helmuga nagusietako batzuk.
  • Garapenerako lankidetza izan da berriro ere diru gehien jaso duen jarduera arloa, funtsen % 61 baino gehiago bereganatuta.

Euskal erakunde publikoek 91.671.189 euro bideratu zituzten 2025ean garapenerako lankidetzara. Diru horrekin 1.278 proiektu eta ekimen finantzatu zituzten, Euskadin ez ezik, beste 68 herrialdetan ere garatutakoak. Ekimen horiek 242 erakundek kudeatu zituzten, gehienak euskal GGKEak. Lagundutako lurraldeetako 374 gizarte erakundek gauzatu zituzten, tokiko erakundeek batez ere.

Datu horiek guztiak Euskal Lankidetza Zenbakitan 2025 txostenean bildu dira, eta Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratu da. Erakundeen arteko tresna horrek aukera ematen du 2014az geroztik euskal lankidetza publikoaren eta elkartasunaren irismena ezagutzeko eta aztertzeko.

Eskualdeka aztertuta, Latinoamerikak eta Karibeak jaso zuten, beste urte batez, euskal lankidetza publikoaren funtsen zatirik handiena. Haien atzetik kokatu zen Saharaz hegoaldeko Afrika. Bi eremu horiek dira, beraz, euskal erakundeen jardun geografikoaren ardatz nagusiak.

Herrialdeei dagokienez, Guatemala, El Salvador, Kolonbia eta Peru izan ziren berriro ere euskal erakundeek bideratutako baliabideen hartzaile nagusietako batzuk. Palestinak ere toki nabarmena izan zuen, euskal gizarteak palestinar herriarekin duen elkartasun konpromisoaren adierazgarri. Lurralde horretara bideratutako funts gehienak ekintza humanitarioko eta larrialdietako proiektuen bidez kanalizatu zituzten; guztira, 2.288.400 euro.

Euskadin, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proiektuek 11.945.219 euro jaso zituzten, hau da, guztira erabilitako funtsen %13,03. Ekimen horien helburua da herritar kritikoak, solidarioak eta tokiko zein mundu mailako erronkei lotutakoak sustatzea. Arlo horretan, prestakuntza (%40,18) eta sentsibilizazioa (%33,74) izan ziren esku hartzeko estrategia nagusiak, hezkuntza ez-formaleko eremuetan garatutako jardueren presentzia bereziki handiarekin.

Garapenerako lankidetza izan zen, beste behin, euskal erakunde publikoen jarduera lerro nagusia, erabilitako funts guztien %61,57, hain zuzen ere. Ondoren, ekintza humanitarioa eta larrialdietakoa (%18,01) eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Euskadin (%13,03).

Datuok erakusten dute euskal erakunde publikoek konpromiso sendoari eusten diotela garapen jasangarriko prozesuak laguntzeko, eskubideen defentsa indartzeko, bakea eraikitzeko eta krisi humanitarioek gogor jotako herritarrei babesa emateko.

2030 Agendari egindako ekarpena

Txostenak euskal lankidetza publikoak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egiten dion ekarpena ere aztertzen du. 2025ean finantzatutako proiektuen artean, Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) egindako ekarpenik handienak 5. GJHra, genero berdintasunekoa (%30,92); 16. GJHa, bakeari justizia eta erakunde sendoei (%18,02) eskainitakoa; eta 2. GJHra, goserik ezari (%8,71) eskainitakoa.

Emaitza horiek berresten dute euskal lankidetza publikoak giza eskubideen defentsa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gizarte baketsuen eraikuntza eta desberdinkeriaren nahiz elikadura segurtasunik ezaren aurkako borroka dituela lehentasun.

Gardentasunerako erakundeen arteko ekimena

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria hainbat erakunderen arteko ekimena da. Bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalek, Zarauzko Udalak eta Euskal Fondoa Euskadiko Tokiko Erakunde Lankideen Elkarteak. Ekimenak EHUko Hegoa Institutuaren laguntza eta aholkularitza ere baditu.

Tresna horri esker, bederatzi erakunde horiek 2014az geroztik sustatutako elkartasun ekimenen berri izan daiteke. Izan ere, erakunde horiek dira garapenerako lankidetzara, ekintza humanitariora eta larrialdietara nahiz Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzara baliabide gehien bideratzen dituztenak.

2018an aurkeztu zen jendaurrean Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria. Gardentasuna sustatzeko eta Euskaditik egiten den lankidetza eta elkartasuna koordinatzen eta bateratzen laguntzeko sortu zen. Era berean, arlo horretako ikerketarako eta azterketarako tresna ere bada.

Webguneak lankidetzara baliabideak bideratzen dituzten euskal erakunde publiko nagusien inguruko informazioa eskaintzen du, urtez urte, lurraldeka, erakundeka eta GGKEka antolatuta. Horrez gain, Euskadiko elkartasun publikoaren jarduna osotasunean ulertzen laguntzen duten grafikoak, datu bisualak eta analisiak ere biltzen ditu.

2025ko Lankidetzaren eta elkartasunaren txostena