Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Kuadrillak Arabako landa-eremuan lehen GAZ zerbitzua irekitzeko hitzarmena sinatu dute

0
  • Baliabide berriak aurrez aurreko, doako ta arreta pertsonalizatua eskainiko die Añanako Kuadrillako 16 eta 34 urte bitarteko gazteei, landa-inguruneko gazteen emantzipazio-politikak indartuko ditu, eta Enkarterrin, Barakaldon, Bilbon, Gasteizen eta Donostian dagoeneko irekita dauden GAZ bulegoei gehituko zaie.
  • Ekimena aurretiko esperientzia pilotuen ebaluaziotik abiatzen da, eta Añanako Kuadrillan bizi duten trantsizio sozial eta demografikoari erantzun espezifikoa ematea du helburu, gazteen ikuspegia txertatuz.

Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Kuadrillak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Arabako landa-eremuan lehen GAZ zerbitzua abian jartzeko. Ekimen horren helburua gazteei emantzipazio-prozesuetan laguntzea da, eta gazteen baliabide publikoak hurbiltzea sakabanatze geografikoak, komunitate-sustraitzeak eta landa-ingurunearen berezko erronkek markatutako lurralde batera.

Akordio horren bidez, gazte-politikak Añanako eta Euskadi osoko errealitatera zabaltzeko, egokitzeko eta hurbiltzeko bi erakundeek proiektu pilotu batean parte hartuko dute. Ekimena aurretiko esperientzia pilotuen ebaluaziotik abiatzen da, eta landa-lurraldeek bizi duten trantsizio sozial eta demografikoari erantzun espezifikoa ematea du helburu, gazteen ikuspegia txertatuz.

Zerbitzu berria Añanako Kuadrillaren egoitzan egongo da, Ribabellosa udalerrian, eta aurrez-aurreko arreta, doakoa eta pertsonalizatua eskainiko die eskualdean bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 34 urte bitarteko gazteei, baita bizi-proiektua bertan garatu nahi dutenei ere. Arreta horri esker, informazio argia, banakako laguntza eta laguntza praktikoa emango dira autonomia pertsonalarekin lotutako erabakietan.

Añanako Kuadrillak 9.900 biztanle inguru ditu hamar udalerritan banatuta: Añana, Armiñon, Berantevilla, Kuartango, Iruña Oka, Lantaron, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Gaubea eta Zanbrana. GAZ Añana abian jartzeari esker, zerbitzu espezializatuak hurbilduko zaizkie askotan hiri-inguruneen beharrizan desberdinei aurre egiten dieten gazteei, bereziki etxebizitzaren, mugikortasunaren, enpleguaren, konektibitatearen eta baliabideetarako sarbidearen arloetan.

GAZ Añanak informazioa, orientazioa, aholkularitza, bitartekaritza eta laguntza emango ditu emantzipaziorako funtsezkoak diren esparruetan, hala nola etxebizitza, enplegua, prestakuntza, ekintzailetza, mugikortasuna, gizarte-baliabideak eta autonomiarako gaitasunen garapena. Helburua emantzipazio-ibilbide errealistak eta jasangarriak bultzatzea da, gazteen parte-hartze aktiboarekin eta beren autonomia-prozesuaren protagonista gisa aitortuta.

Emantzipazioari Begiratzen Txostenaren arabera, landa-eremuko gazteek harreman estua dute beren ingurunearekin: % 51,9k nahiago dute beren udalerrian emantzipatu, eta % 20,7k antzeko herrietan; % 6,7k, berriz, hiriren bat aukeratuko lukete. Txostenak, gainera, etxebizitza, enplegua, mugikortasuna, zerbitzuak eta konektibitatea identifikatzen ditu landa-ingurunean bizi-proiektu autonomoak eraiki ahal izateko funtsezko faktore gisa. Esparru horretan, Añanako GAZ berriak gaztediaren sustraitzea eskualderako etorkizuneko aukera bihurtu nahi du.

«Baliabide hori irekitzeak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak landa-eremuetako gazteekin duen konpromisoa, bai eta beren bizitza non garatu aukeratzeko duten eskubidea ere. Halaber, lurralde-kohesioan, hiri eta landa-inguruneetako gazteen arteko aukera-berdintasunean eta eskualde bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako politika publikoen sustapenean aurrera egiten laguntzen du» azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.

Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, sinatzen denetik zenbatzen hasita. Eusko Jaurlaritzak 178.000 euroko ekarpen ekonomikoa hartuko du bere gain, 89.000 euro urtean, lurraldean zerbitzuaren garapena eta arreta-ahalmena bermatzeko.