- Plana, CCOO eta UGT sindikatuekin adostu da, 2026. urterako eta ondorengoetarako, enplegatu publikoen erretiro aurreratua errazteko eta hobetzeko helburuarekin
- Erretiro partziala hartzea borondatezkoa izango da eta ezarritako baldintzak bete beharko dira
- Adinagatik 628 pertsona inguru atxiki ahal izango dira planera, eta langileak erretiroa hartzeko ohiko adinera iritsi arte 3 urte eta 6 hilabeteko eperako estimazio ekonomikoa 19.960.830 eurokoa da
Joan den astean administrazio orokorreko langileen erretiro aurreratuari lotutako Belaunaldien arteko Erreleborako eta Ezagutzaren Transmisiorako plana onartu ondoren, gaur, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko administrazioko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Administrazioaren Negoziazio Mahai nagusiaren erabaki proposamena onartu du Gobernu Kontseiluan.Gaur onartutako erretiro partzialerako plana, uztailaren 29an adostu zen CCOO eta UGT sindikatuekin, testua Estatuko araudi berrira egokitu ostean, 2026. urtean eta datozen urteetan aplikatu ahal izateko. Plana, automatikoki luzatuko da, salaketa espresurik edo funtsezko arau-aldaketarik ezean. Planaren helburu nagusia da lan-kontratuko langile finkoen erretiro aurreratua erraztu eta hobetzea da.
Beraz, bi planek helburu bera partekatzen dute: langile publikoen lan-bizitzaren amaiera erraztea eta belaunaldi-errelebo ordenatua eta ezagutzaren transmisioa bermatzea, zerbitzu publikoen jarraitutasuna eta kalitatea ziurtatzeko.
Lanaldi partzialeko erretiroaren modalitatea eskuratzea borondatezkoa izango da eta Gizarte Segurantzaren araudiak erretiro-modalitate horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzearen mende egongo da.
Erretiro partzialerako planera atxiki ahal izango dira Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunak; Hezkuntza Saileko irakasle eta hezitzaile lan-kontratudunak; Hezkuntza Saileko langile lan-kontratudunak; Hezkuntza Saileko Erlijioko langile lan-kontratudunak; Segurtasun Saileko langile lan-kontratudunak eta Osakidetza -Euskal Osasun Zerbitzuko langile lan-kontratudunak. Aldi baterako, Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitako langileak ere sartzen dira, erakundeak bere plana onartu arte.
Aukera pertsonala denez, langile kopuru zehatzik ez dago, halere, adinagatik neurri hori har dezaketen langileen kopurua 628 dela kalkulatu da. Eta langileak erretiratzeko ohiko adinera iritsi arte 3 urte eta 6 hilabeteko eperako kalkulu ekonomikoa 19.960.830 eurokoa da.
Araudi berrira egokituta
Eusko Jaurlaritzak erretiro partzialaren aldeko apustua egin du beti. 2024ko abendu hasieran CCOO eta UGT sindikatuekin Mahai Orokorrean akordioa lortu ondoren, Gobernu Kontseiluak lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialeko plana onartu zuen.
Abendua amaieran, baina, Espainiako Gobernuak 11/2024 Errege Lege Dekretua onartu zuen, erretiro partzialaren erregulazioan aldaketak eginez, erretiroa hartuko duen pertsona ordezkatuko duen langilea, langile finko gisa kontratatzera behartuz. Aldaketa horrek ez zituen kontuan hartzen administrazio publikoaren berezitasunak (enplegu publikora sartzeko printzipioak edo lan eskaintza publikoak egiteko behar diren epeak) eta ondorioz, aurreko erretiro partzialerako plana ezin izan zen aplikatu.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, behin-behineko neurri gisa, xedapen iragankor bat eskatu zion Espainiako Gobernuari, baita behin betiko irtenbide bat ere, sektore publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialak aplikatu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzaren eskaerari eta administrazio publikoen errealitateari erantzuteko, Espainiako Gobernuak administrazio publikoentzako berariazko araudi bat onartu zuen ekainaren 29an: 19/2026 Errege Lege Dekretua.
Gaur onartutako plana, beraz, Errege Lege Dekretu berri horretara egokitu da eta plan berriak aukera ematen du erretiro partzialak aldi baterako lotzeko jada formalizatutako lanaldi osoko langile lan-kontratudun finkoen kontratuei, eta, txanda-kontratu finkoa aldi berean formalizatzea edo lotura hori egitea ezinezkoa denean, lanaldi osoko aldi baterako ordezkapen-kontrataziora jotzeko, modu subsidiarioan eta behin-behinean. Era berean, erretiro partzialari lotutako estaldura mantentzea eta ordeztea arautzen du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikitako langileak aldi baterako sartzen ditu, erakundeak bere plana onartu arte.






