Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 934.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Gizarte Ekonomia eta euskal enpresetako partaidetza indartzera

0
  • Mikel Torres Lehendakariordeak zuzendutako sailak bi deialdi onartu ditu sektoreko elkarte egiturak sendotzeko eta enpresen gizarte erantzukizuna zein langileen partehartzea bultzatzeko

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Mikel Torres Lehendakariordeak proposatuta, euskal Gizarte Ekonomiari zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onartu ditu astearte honetan, enpresen gizarte erantzukizuna bultzatzeko eta langileek enpresetan partehartze handiagoa izan dezaten. Bi laguntza ildoek 934.595 euroko zuzkidura bateratua dute 2026rako.

Partida nagusia 755.800 eurokoa da, eta Euskadiko gizarte ekonomiako enpresen eta erakundeen elkarte egiturak sendotzera dago bideratuta. Honako hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek: lan sozietateak eta kooperatibak ordezkatzen dituzten erakundeek, gizarte ekonomiako erakundeak integratzeko entitateek, ekonomia solidarioko erakundeek, gizarte ekimeneko enplegu zentro berezien elkarteek eta, gutxienez, bi urteko antzinatasuna duten langile autonomoen sektore arteko erakundeek.

2026an egitura horiek mantentzeko eta sendotzeko beharrezkoak diren gastuak finantzatzeko dira laguntza horiek. Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen artean honako hauek sartzen dira: langileen eta funtzionamenduaren gastuak, erakunde organoetan parte hartzea, ohiko jarduerari lotutako kanpo zerbitzuak kontratatzea –hala nola, txosten juridikoak edo auditoriak–, eta erakundeen jabetzako ibilgetuari dagozkion amortizazioak.

 

Langileen partehartzea enpresetan

Bestalde, Mikel Torres Lehendakariordeak zuzendutako sailak onartutako bigarren deialdiak 178.795 euro ditu enpresaren gizarte erantzukizuna ezartzen laguntzeko eta langileek Euskadiko enpresetan parte har dezaten sustatzeko. Kopuru horretatik, 128.795 euro minimis erregimenari lotutako Erantzukizun Sozial eta Partaidetuen partidari dagozkio, eta gainerako 50.000 euroak araubide horri lotuta ez dauden jarduketetara bideratuko dira. Minimis laguntzak dira Europako Batzordeari dirulaguntza horien berri eman behar ez diotenak, zenbateko txikikoak direlako eta lehia askea aldatzen ez dutelako.

Laguntzen bigarren deialdi horri esker, honako hauek finantzatu ahal izango dira: jasangarritasunari eta kontabilitate sozial aplikatuari buruzko memoriak, enpresaren erantzukizun sozialarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin lotutako hedapen eta ikerketa jarduerak, eta gizarte ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan langileek duten partehartzea hobetzeko tresnen diseinua. Halaber, zera bultzatuko du: sozietate erreleboa arautuko duten itunak egitea eta gizarte ekonomiakoak ez diren enpresa txiki eta ertainetan partehartzeko planak ezartzea.

Euskadin lantokiak dituzten kooperatibek, lan sozietateek, unibertsitateek, enpresa elkarteek, gizarte erantzukizunean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako erakundeek eta ETEek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, dagokion modalitatearen arabera. Jarduerek 2026an hasi eta urte bereko abenduaren 15a baino lehen amaitu beharko dute.

Elkarte egituretarako laguntzen kasuan, hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Enpresaren erantzukizun sozialaren eta partaidetzaren deialdirako, epe zehatza aginduan bertan ezarriko da. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez izapidetu beharko dira, Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.