Euskadik arte eszenikoen denboraldi berriari hasiera eman dio 2.000 emanaldi baino gehiagorekin eta “SAREA”-ren papera balorean jarri du lankidetza-sistema gisa

0
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordea buru dela egin da Muxikebarrin (Getxo) denboraldiari hasiera emateko ekitaldia, eta erakundeen, antzokien, konpainien eta sektoreko profesionalen ehun bat ordezkari elkartu dira bertan.
  • Topaketak balio izan du SAREA erakundeen eta sektorearen arteko lankidetzarako eremu gisa balioesteko eta “ANTZERKIYA!” kanpaina berria aurkezteko
  • Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu du sareak, 68 espazio eszeniko eta 59 udalerrirekin, Kultura herritarrengana gerturatzen duela eta sektorearen garapen eta ongizateari ekarpena egiten diola.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru dela egin da gaur arratsaldean Muxikebarrin (Getxo) Euskadiko arte eszenikoen denboraldi berriari hasiera emateko ekitaldia. Topaketan erakundeen, antzoki eta aretoen, konpainien eta sektoreko profesionalen ehun bat ordezkari elkartu dira. Ekitaldiaren helburua denboraldiari hasiera ematea eta “ANTZERKIYA!” kanpaina berria aurkeztea izan da, herritarrak antzoki eta espazio eszenikoetara itzultzera bultzatzeko.

Denboraldi bat, programazio, konpainia eta publiko gehiagorekin

Denboraldi berriak antzerkia, musika, dantza, zirkoa eta beste arte eszeniko batzuk batzen ditu, euskal konpainien eta euskarazko programazioaren presentzia nabarmenarekin. Aurreikuspenen arabera, denboraldi honetan 2.000 emanaldi baino gehiago, 1.200 ikuskizun desberdin baino gehiago, 1.000 konpainia baino gehiago eta 500.000 ikusletik gorako publikoa izango dira. Halaber, aurreikusten da emanaldien %40 euskaraz izatea, eta programazioaren %60 Euskadiko konpainiei dagokiena.

Ekitaldian ia ehun lagunek hartu dute parte: udaletako ordezkariek, arte eszenikoen espazioetako arduradun eta talde teknikoek, Hitzartutako Zirkuituko konpainiek, sektoreko eragileek, artistek, DOBLAko kideek eta Iparraldeko ordezkariek. Hitzorduak aukera eman du erakundeak, profesionalak eta eragileak espazio berean batzeko; izan ere, bakoitzak bere esparrutik Euskadiko jarduera eszenikoa posible egiten du.

Bere hitzartzean, lehen lehendakariordeak nabarmendu du aurreikuspen horiek erakusten dutela “denboraldi sendoa” izango dela, jarduera gero eta handiagoarekin, eta Euskadiko talentuaren eta konpainien presentzia nabarmenarekin. Gainera, arte eszenikoek euskal kulturarentzat duten sektore estrategikoaren izaera aldarrikatu du, eta herritarrengana proposamen eszenikoak hurbiltzea ahalbidetzen duen espazio-sarea balioan jarri du: «Horrek guztiak sistema gisa funtziona dezan egiten duzue lan. Eta elkarrekin lan egiteko gaitasun hori etorkizunean inbertitzeko modu bat ere bada, eta azken batean, herrigintza egiteko modu bat», adierazi du.

Bengoetxeak azpimarratu du, halaber, SAREA erakundeen eta sektorearen arteko lankidetzaren adibide dela, eta arte eszenikoen sistema bat indartzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du; sistema horrek programazio egonkorra, askotarikoa eta kalitatezkoa eskaintzeko gai izan behar du, eta, aldi berean, sektorearen beraren garapenean lagundu.

Ildo horretan, Bengoetxeak adierazi du du SAREAren balioa ez dagoela programazio bat koordinatzean bakarrik, baizik eta sorkuntza, ekoizpena, erakusketa eta publikoarekiko topaketa sistema beraren parte izatea ahalbidetzean.

SAREA: sistema martxan jartzen duen sarea

SAREA 1993an sortutako erakunde arteko sarea da. Bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta sareko espazioen titular diren udalerriek. Gaur egun, Euskadiko 59 udalerritan banatutako arte eszenikoetarako 68 espazio ditu.

Sarea koordinazio- eta lankidetza-gunea da erakundeen, espazioen eta sektorearen artean, programazio egonkorra, askotarikoa eta herritarrengandik hurbilekoa sustatzeko. Ildo horretan, lehen lehendakariordeak nabarmendu du bi milioi biztanle baino pixka bat gehiago dituen lurralde batean 59 udalerritan 68 espazio izateak arte eszenikoak herritarren eskura izatea esan nahi duela. Kultur eskaintza hurbila eta irisgarria bizi-kalitatearen eta herritarren ongizatearen parte ere badela azaldu du.

Hitzartutako Zirkuitua: zirkulazioa ahalbidetzen duen lankidetza

Lankidetza horren adibideetako bat da Hitzartutako Zirkuitua, Eusko Jaurlaritzak SAREArekin elkarlanean sustatutako tresna. Tresna horrek denboraldia hasi aurretik lotzen ditu konpainiak eta sareko arte eszenikoetako espazioak.

Aldez aurreko plangintza horri esker, konpainiek beren erakusketa-aukerak ezagutu ditzakete, eta espazioek programazioaren zati bat aurreikuspen handiagoz planifikatu. Ekoizpenaren eta biraren arteko loturak, gainera, proiektuen bideragarritasuna sendotzen laguntzen du eta ekoizpenerako laguntzak eskuratzea errazten du.

2026an, 15 bira itxi dira SAREAko 49 antzokitan, guztira 284 emanaldirekin eta 1,2 milioi eurotik gorako kontratazio-bolumenarekin; hau da, 2025ean baino %14 gehiago.

Lehen lehendakariordeak bereziki azpimarratu du SAREAko espazioen sustatzaileen eta konpainien arteko elkarlanaren balioa; izan ere, ekoizpenen zirkulazioa aurreikustea eta sistemak behar bezala funtzionatzea ahalbidetzen du.

Balio-kate osoa laguntzen duen politika

Eusko Jaurlaritzak arte eszenikoen balio-katearen fase guztiak laguntzen ditu: sorkuntza, ekoizpena, zirkulazioa, erakusketa, prestakuntza, publikoak eta sustapen zein zabalkundea. 2026an, fase horietara bideratutako programa eta laguntza-ildoek 3,096 milioi euroko aurrekontua izango dute. Horri gehitu behar zaizkio arte eszenikoei lotutako azpiegitura eta herrialde mailako proiektu estrategikoetara bideratutako 1,2 milioi euroak.

Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu du politika kulturala ez dela ikuskizunak finantzatzea bakarrik; sistemak sortu, ekoitzi, zirkulatu, agertokietara iritsi eta publikoarekin topo egin ahal izateko baldintzak sortzea ere badela.

Antzokiak topagune gisa

Bere hitzartzean, Ibone Bengoetxeak antzokien eginkizuna ere aldarrikatu du, azkar aldatzen ari den gizarte batean “babes-etxe” gisa. Gelditzeko, esperientzia bat partekatzeko, beste pertsona batzuekin elkartzeko eta kulturaz etxetik gertu gozatzeko espazioak dira.

ANTZERKIYA!: denboraldia hasi da

Ekitaldiak balio izan du, halaber, ANTZERKIYA! kanpaina berria aurkezteko. Kanpainaren helburua da denboraldiaren hasiera ikusgarri egitea eta herritarrak berriz ere antzokietara eta arte eszenikoen espazioetara itzultzera gonbidatzea. Proposamena gonbidapen erraz baten inguruan eraikitzen da: denboraldia hasi da. Antzokietara itzultzea, elkar topatzea eta arte eszenikoak berriro bizitzea.

Kanpaina honen bidez, SAREAk denboraldiaren hasiera herritarrentzat une ezagun eta bereizgarri bihurtu nahi du, eta Euskadiko jarduera eszenikoa posible egiten duten espazioen, konpainien, profesionalen eta publikoen sarea balioan jarri.