ICO Institutuak eta Finantzen Euskal Institutuak adostu dute elkarrekin bultzatzea Euskadiko garapen ekonomikorako proiektu estrategikoen finantzaketa

0
  • Akordioak lankidetza-esparrua ezartzen du, industriarekin, digitalizazioarekin, jasangarritasunarekin eta enpresa-hazkundearekin lotzen diren enpresek eta proiektuek eskuragarriago izan dezaten finantzaketa.

Kreditu Ofizialeko Institutuak (ICO) eta Finantzen Euskal Institutuak (IVF) lankidetzarako esparru-akordioa sinatu dute gaur. Akordio horren bidez, Euskadiren garapen ekonomikoan eta sozialean laguntzen duten enpresa-proiektuen eta proiektu estrategikoen finantzaketa indartu nahi da. Manuel Illueca ICOko presidenteak eta Amaia del Villar Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusiak sinatu dute akordioa.

Lankidetza-esparruari esker, bi erakundeek elkarrekin garatzeko jarduerak aztertu eta sustatu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek finantzaketa eskuragarriago izan dezaten eta ekonomia- eta gizarte-intereseko ekimenen garapena erraztu dadin, batez ere jasangarritasun, berrikuntza, eraldaketa teknologiko eta lurralde-garapeneko helburuekin bat datozenak.

Akordio hau sinatzearekin, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak 2026ko martxoan hartutako konpromisoa beteko da, hau da, Euskadiko enpresen eta ekonomiaren hazkundea erraztuko duten finantza-lankidetzarako mekanismoak ezartzeko konpromisoa.

Lehentasunezko jarduketa-esparruen artean nabarmentzen dira: industria bultzatzea; balio-kate berriak sortzea; enpresen hazkundea eta nazioartekotzea; eraldaketa digitala eta teknologia aurreratuak ezartzea; eta trantsizio energetikoari, deskarbonizazioari, energia berriztagarriei eta ekonomia zirkularrari lotutako inbertsioak egitea.

Akordioak bi entitateen arteko elkarlanerako zenbait formula jasotzen ditu, hala nola proiektuak batera finantzatzea, eragiketa sindikatuetan batera parte hartzea, arriskuak partekatzea berme-tresnen bidez, eta inbertsio publiko eta pribatua mobilizatzeko finantza-tresnak koordinatzea.

Aldi berean, bi erakundeek eragin ekonomiko eta sozial handia duten proiektu estrategikoak identifikatzeko eta horiei laguntzeko lan egingo dute, eta, horretarako, koordinazio handiagoa bultzatuko dute eragiketak aztertu eta kudeatzeko prozesuetan.

Akordioak lau urteko indarraldia izango du hasieran, eta aukera emango du bi erakundeek honako arlo hauetan duten ahalmena indartzeko: inbertsio eraldatzaileei laguntzea, enpresen lehiakortasuna sustatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-sareak aurre egin beharreko hiru trantsizio handietan laguntzea (ekonomikoa, digitala eta energetikoa).

Aliantza horrekin, Kreditu Ofizialeko Institutuak eta Finantzen Euskal Institutuak lankidetza instituzionalerako espazioa finkatzen dute, eta, hala, Euskadirentzako balio erantsi handiko proiektuetarako finantza-baliabideak mobilizatuko dituzte, administrazioen arteko lankidetza indartuko dute eta enpresa handiek, enpresa txiki eta ertainek eta proiektu estrategikoek tresna gehiago izango dituzte herrialdearen hazkundea, berrikuntza eta eraldaketa ekonomikoa bultzatuko duten inbertsioetarako.