- Euskadik turismorako 105 milioi euro baino gehiago jaso ditu Europako funtsetatik, eta horietatik 80 milioi Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planetarako jarri dira
Jordi Hereu Industria eta Turismoko ministroa eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Cristina Laborda Irungo alkatearekin, Azahara Dominguez foru-diputatuarekin, Libe Otegi Gipuzkoako Turismoko zuzendariarekin, Marisol Garmendia Gobernuko ordezkariarekin eta Noemi Lopez Gobernuko ordezkariordearekin batera, Irunen izan dira gaur, Euskadiko turismo-helmugen eraldaketarako eta jasangarritasunerako Europako funtsei esker egindako zenbait jarduketa bertatik bertara ezagutzeko.
Jardunaldiari Irungo Udaletxean egindako topaketa instituzionalarekin eman zaio hasiera. Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza instituzionalaren barruan egin den topaketa horretan, Europako funtsekin Gipuzkoan eta Irunen garatu diren jarduketa zehatzen berri eman da. Funts horiek balio izan dute lurraldearen ondarearen garrantzia nabarmentzeko eta turismo-eredu jasangarriago, irisgarriago eta digitalizatuagorantz aurrera egiteko.
Euskadik turismoaren arlorako 105 milioi euro baino gehiago jaso ditu Europako funtsetatik. Zenbateko horretatik, 80 milioi jarri dira 2021-2023 aldiko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien eta eskualdeen artean banatutako jarduketen bidez. Euskadik Helmugako Turismo Jasangarritasuneko 34 Plan ditu guztira, hiru lurralde historikoetan banatuta.
Baliabide horiei esker, turismo-eredua eraldatzeko esparru estrategikoetan jardun ahal izan da, hala nola jasangarritasunean, digitalizazioan, irisgarritasunean, ondarearen garrantzia nabarmentzean eta helmugen modernizazioan.
Irun, Europako funtsen bidez egindako turismo-eraldaketaren adibide
Bileraren ondoren, Oiasso Erromatar Museoa bisitatu dute, eta Irun Oiasso Hiri Erromatarra Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan garatutako jarduketak ezagutu dituzte —2 milioi euroko zuzkidura izan dutenak—.Proiektuaren helburu nagusia izan da Irungo ondare erromatarraren garrantzia nabarmentzea eta lehen mailako baliabide turistiko bihurtzea.
Egindako jarduketen artean, Oiassoko terma erromatarrak berreskuratu eta museo bihurtu izana nabarmentzen da; izatez, aztarna arkeologikoak babesteko gune berria eraiki da, pasabide goratua antolatu da —bisita ondareari eragin gabe egiteko aukera ematen duena—, eta termak Oiasso Museoaren ibilbidean barne hartu dira. Proiektuari esker, halaber, kontserbazio-baldintzak hobetu ahal izan dira, efizientzia energetikoko irizpideak aplikatu ahal izan dira eta kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura murriztu ahal izan da.
Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan, Oiasso Museoa digitalizatzeko jarduketak ere barne hartu dira. Izan ere, sarrerak saltzeko eta erreserbatzeko sistema berritu da, jardueren eta dendaren kudeaketa digitalizatu da, eta ondare erromatarrarekin lotutako esperientzia eta eduki digital berriak garatu dira. Era berean, Irun Turismo Helmuga Adimendun bihurtzeko, irisgarritasun turistikoa hobetzeko eta seinaleak eta komunikazio turistikoa berritzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko duten jarduketak egin dira.
Irunen egindako jarduketak argi erakusten du Europako Funtsen bitartez uztartu daitezkeela ondarea kontserbatzeko eta balioesteko jarduketak eta turismo-baliabide berrien sorrera eta helmugen modernizazioa.
Petritegi, lurraldearekin lotzen den bost mendeko jarduera
Bisita instituzionalari amaiera emateko, Petritegi sagardotegia bisitatu dute. Sagardotegi horrek 500 urte bete ditu aurten, eta Euskadiko sagardotegi-kulturaren erreferenteetako bat da. 1526an dokumentatutako jatorriarekin, familia-enpresak sei belaunalditan eutsi dio bere jarduerari, eta landa-inguruneari eta lurraldeari lotzen zaion enpresa-proiektuarekin ekingo dio etorkizunari.
Petritegi belaunaldien arteko erreleboaren eta landa-inguruneko jardueraren dibertsifikazioaren adibide argia da. Gainera, gai izan dira Euskadiko sagardoa munduan kokatzeko, eta nazioarteko sariak jaso dituzte azoka eta lehiaketa espezializatuetan (Frankfurteko Cider World-aren azken edizioan, esaterako). Era berean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren sari berezia jaso zuten, Euskadiko turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreak garatzen eta sustatzen laguntzeagatik.
Bisitaldiak aukera eman du lurraldeari lotutako enpresek enplegua sortzeko, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko eta Euskadiko baliabide propioetatik abiatuta turismo-esperientzia sortzeko duten gaitasuna balioesteko. Eredu horretan, gastronomiak, nekazaritzako elikagaien sektoreak eta turismoak bat egiten dute, jarduera ekonomikoa eta lurraldearen proiekzioa indartzera begira.






