Euskal portuek autonomia gehiago izatea defendatu du Ubarretxenak, erabakiak azkarrago hartu eta lehiakorrak izateko

0

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenari elkarrizketa egin diote gaur Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Gaurkotasuneko gaiak jorratu ditu, besteak beste, lehen gobernuaren 90.urteurrena, etxebizitzaren gaia, eskumenen eskualdaketa, migrazioa edota euskara.

Espainiako Gobernuak proposatutako etxebizitza alorreko dekretuen harira, Ubarretxenak adierazi du etxebizitzaren arazoa konplexua dela eta erantzuna faktore ezberdinak kontuan izanda eman behar dela; beraz, bi dekretu horiek irtenbidearen parte izan daitezkeela baina bi dekretu horiek bakarrik ez dutela arazoa konponduko esan du. Halaber, azaldu du, Erkidegoko legeak dekretu horien gainetik egongo direla.

“Jaurlaritzak lehen egunetik heldu dio etxebizitzaren arazoari , buru belarri ari gara lanean neurriak mahai gainean jartzen, hori delako gure egitekoa; behar duguna da etxebizitza gehiago, azkarrago eta merkeago” azpimarratu du. Zentzu horretan, Jaurlaritza egiten ari den lana balioan jarri du eta martxan jarritako hainbat neurri aipatu ditu, besteak beste,  legebiltzarrean onartutako Premiazko Neurrien Legea, emantzipaziorako laguntzak indartu izana, alokairu programen zabaltzea, lurzoru publikoa mobilizatzea eraikuntza errazteko eta fiskalitate alorrean, pizgarriak ematea alokairuan etxebizitzak jartzen dituzten jabeentzako.

Harremanak egunero, eskumenen eskualdaketarako

Sailburuak aitortu du egunero ari direla Espainiako Gobernuarekin hizketan eskumenak eskualdatzeko eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko.

Portuen harira, helburua autonomia gehiago izatea dela defendatu du, “erabakiak azkarrago hartu, erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa izan eta lehiakorragoak izateko” esan du. “Desklasifikazioa da Estatuaren tutoretza gainetik kentzeko modurik azkarrena, baina ez bakarra; Europan portuak autonomoagoak dira, eta horrek aukera ematen die erabakiak azkar hartzeko; Europako beste portuekin lehiatzeko guk eskatzen duguna da autonomia gehiago izatea, erabakiak guk hartzea, erabakiak hartzerakoan azkarragoak izateko, gure portuak lehiakorragoak izan daitezen; esaterako, inbertsioak egiteko, tasa batzuk onartzeko edota erosketa batzuk egiteko Estatuaren argi berdearen zain egon behar ez izateko, horrek guztia moteltzen baitu” azaldu du sailburuak.