- Programaren lehen deialdi lehiakorrak eragin handiko proiektuak eta zientzia eta teknologia arloko azpiegitura berriak finantzatuko ditu.
- 2026-2028 aldian garatuko da, eta bi laguntza ildo izango ditu: Erronkak eta Plataformak.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Berrikuntzaren Itsasargiak programaren lehen deialdi lehiakorra, 19 milioi euroko gehieneko zuzkidurarekin. Helburua Euskadin gizartean eta ekonomian eragina sortzeko gaitasuna duten zientzia eta teknologia arloko proiektuak sustatzea da.
Deialdia Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Funtsaren bitartez finantzatuko da, eta 2026-2028 aldian garatuko da. Bi laguntza-ildo izango ditu: Erronkak, eragin handiko proiektuetara bideratua, eta Plataformak, zientzia eta teknologia arloko azpiegitura eta gaitasun estrategikoak sustatzera zuzendua.
Berrikuntzaren Itsasargiak estrategiaren helburua ezagutza zientifiko eta teknologikoa gizarte- eta enpresa-ingurunera transferitzea azkartzea da. Horretarako, funtsezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako eragileen arteko lankidetza.
Bi ildo proiektu eta azpiegitura estrategikoak bultzatzeko
Erronkak ildoak 13,5 milioi euro izango ditu, eta herrialdearen erronka estrategikoei aurre egiteko eta baliozkotu, bereganatu eta eskalatu ahal izango diren emaitza frogagarriak lortzeko proiektuak finantzatuko ditu.
Proiektuak partzuergoen bidez garatu beharko dira. Partzuergo horietan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragile zientifikoek parte hartu beharko dute, bai eta enpresek, erakunde publikoek edo emaitzak aplikatzea bermatzeko beharrezkoak diren beste eragile batzuek ere.
Bestalde, Plataformak 5,6 milioi euro izango ditu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen zerbitzura dauden zientzia eta teknologia arloko azpiegitura eta plataforma estrategikoak babesteko. Laguntzak plataforma berriak sortzeko, lehendik daudenak handitzeko edo hobetzeko -ekipamenduak, datu-espazioak eta lagin-bankuek barne- eta euskal plataformak Europako edo mundu mailako ekimenekin lotzeko erabili ahal izango dira.
Hiru trantsizio handiei lotutako proiektuak
Programa hiru trantsizio handiren inguruan egituratzen da: trantsizio digitala eta teknologikoa; energetikoa eta ingurumenekoa; eta soziodemografikoa eta sanitarioa. Programak zehaztutako bederatzi eremu estrategiko edo Berrikuntzaren Itsasargiak hauek dira: Adimen Artifiziala, Teknologia Kuantikoak, Zibersegurtasuna, Deskarbonizazioa, Elikadura osasungarria eta jasangarria, Osasun Bakarra (One Health), Osasun pertsonalizatua eta doitasunezkoa, Osasunaren baldintzatzaile sozialak, eta Demografia eta erronka soziosanitarioa.






